GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Iñigo Etxezarreta
ETS-ko abeslari eta konpositorea

«Arrakastaren gakoetako bat konstantzia izan da»

En Tol Sarmientok 20 urte beteko ditu 2025ean. Urteurrena borobiltzeko, BEC-en kontzertu erraldoi bat ematea erabaki zuen taldeak, baina bakarra behar zuena hiru emanalditara luzatu behar izan dute.

(Gaizka PEÑAFIEL | FOKU)

Begirada ilargian jarrita hasi zen bide bat, begiak ilargira begira. Hankak lurrari sendo lotuta, bizi duten lurrean oinatzak marraztuz. Soa ilargian, pauso sendoz, eta bihotza atez ate zabalduta... bidea bide, bidegurutze bakoitzean aukera berriak zeharkatuz. En Tol Sarmiento taldeko abeslari eta konpositoreak, Iñigo Etxezarretak, taldearen 20 urteko ibilbidea marraztu digu.

Duela ia 20 urte hasi zuen En Tol Sarmiento taldeak bere ibilbidea. Hiru gaztetxo zineten orduan, hiru gaztetxo ilargira begira... Oraindik ere ilargiari begira jarraitzen duzue, edo pasa den guztia eta gero, lortu duzuen guztia eta gero, ilargia atzamarren puntaz bada ere ukitu duzue?

Ilargiarena taldea sortu eta zazpi bat urtera etorri zen... 2004an elkartu ginen lehenengoz, entsegu baterako, ez ginen gai izan kantu bakar bat ere jotzeko, hortaz, urtebeteren buruan elkartzekotan geratu ginen. Urtebeteko epea eman genion gure buruari, bakoitzak bere instrumentuan hobetu zezan. 2005ean elkartu ginen berriz ere, eta hasi ginen entseatzen, urte horretan kontzertu bakarra eman genuen. “Hacia la luna” diskoa 2012an etorri zen, baina lehenengo zazpi urteak, ez dut esango gogorrak izan zirenik, inola ere, zeren nahikoa genuen aldameneko herriko taberna batean hogei lagunen aurrean jotzearekin, oso ondo pasatzen genuen, baina zaila izan zen; dena guk muntatu eta desmuntatu behar izaten genuen, batzuetan oso jende gutxi etortzen zen... eta horrelakoak ere pasa izan ditugu. Baina gazteak ginen, eta musika bazen guretzat aitzakia bat inguruko herriak ezagutu eta parrandatxo batzuk egiteko. 2012an aldatu ziren pixka bat gauzak, nik neuk argi nuen diskoak ez bazuen funtzionatzen taldea utziko nuela. Ni neu energia asko sartzen hasi nintzen taldeari, musikari, eta diskoak funtzionatu zuen, “Musikaren doinuak” kantuak batik bat, eta hortik beste pauso guztiak etorri dira.

Esaten da ametsak ere egin egiten direla, ETSren ibilbidea bada horren erakusgarri?

Bai, nik garbi daukat arrakastaren gakoetako bat konstantzia izan dela, eta hor jarraitzea eta jarraitzea eta diziplinatua izatea. Urteen poderioz lortu ditugu gure ametsak, baina denbora behar izan dugu. Guztiok ezagutzen ditugu kantu arrakastatsu bakar bateko musika taldeak, baina ez da gure kasua. Adibidez “Musikaren doinua”-rekin gertatu zitzaigun uste genuela dena zorte kontua izan zela, eta ez genuela lortuko berriz ere halako kantu arrakastatsu bat egitea, baina azkenean denborarekin lantzen badituzu kantuak, ikasiz bazoaz eta erabakiak estrategikoki hartzen ikasten baduzu, normalean betetzen dira ametsak. Guztiak ez, eta ez da ezer pasatzen. Gure bidean ere badaude lortu ez ditugunak, gaizki egindakoak... baina hemen gaude.

Arrakasta aipatu duzu, zuri zer esaten dizu hitz horrek?

Ez dakit argi, nahiz eta azken urteetan hori nire buruarekin lantzen ari naizen. Nik barrutik nola ikusten dudan taldea eta kanpotik nola ikusten den desberdina da. Ni batzuetan ez naiz ohartzen zeinen potente dagoen taldea, orokorrean beti joaten naiz plazetara eta kontzertuetara pentsatuz jende gutxiago egongo dela, espektatiba altuegiak jarri gabe, gero danbatekorik ez hartzeko. Orduan, arrakastaren kontua, ba ez dakit... Nik uste dut nire pasio bat dela, ogibide ere bai, duela bost urtetik honetara dedikatzen naiz erabat, eta egia da kontzertuetan oso energia positiboa sortzen dela eta energia pilula horiek jasotzen ditugu, baina gero astean zehar ordenagailu baten aurrean nago lanean, eta desberdin ikusi eta bizi dut taldea.

Diskoak badira neurri batean taldearen uneko argazki, beraz, egin genezake diskoen eta argazki albumen arteko alderaketa. Argazki albumak ikusterakoan, sentimendu kontraesankorrak bizi ditzakegu, batzuetan nostalgiaz begiratzen ditugu, beste batzuetan lotsaz... Batzuetan bat ikusten da argazki horietan, eta esaten duzu «bera izaten jarraitzen dut», esentzia mantentzen dut; beste batzuetan bat ez da inola ere ikusten eta diozu, «ni ez naiz hori!». Nola begiratzen diezu zuk ETS-ren lehenengo diskoei?

Uste dut bigarren talde horretakoak garela. Gaur egun iraganera begiratzean, harro gaude egindakoaz, baina ez gara batere ikusten musika horretan. Nik uste dut azken urteetan asko ikasi dugula. Nik orain 35 urte ditut, eta musikarekiko beste ikuspegi bat daukat, beste ikuspegi kritiko bat, beste heldutasun puntu bat. 2018. urtea mugarria izan zen, nik argi ikusi nuen norabidez aldatu behar genuela jarraitzekotan. Inflexio puntu bat izan zen, eta ondorengo lanetan hori nabarmentzen delakoan nago. Errazagoa izango zen, dena bertan behera utzi eta proiektu berri batekin hutsetik hastea, motxila hori ez eramateko. Baina gure kasuan bigarren aukeraren alde egin genuen, bigarren bide hori hartu genuen. Nik lana utzi nuen eta erabat honetara jarri nintzen, taldearen funtzionamenduan ere aldaketak egin genituen horretarako. Gaur egun, hastapenetako kantu horiek hor daude, eta jo ere jo behar dira kontzertuetan. Spotifyko entzunenetan daudenak jo behar dira, esate baterako, eta jotzen ditugu, baina aktualizatu, eguneratu, moldatu egin ditugu, ekoizpen berri bat eman... jendeak beharbada ez du horrenbeste antzematen, baina gu gaur egun garenarekin konektatuago daude horrela kantu horiek.

(Ibai SALAZAR)

Eta abestiak egiterako garaian, asko aldatu da zuen egiteko modua ere?

Bai, erabat. Lehen joaten ginen lokalera, nik ideia bat eramaten nuen eta guztion artean egiten genuen ekoizpena, instrumentazioa eta hori guztia. Nik melodia printzipalak eramaten nituen eta horren gainean guztiok joaten ginen eraikitzen eta hori kaos bat zen, jende asko ginelako eta denok adostasun batera iristea nekeza zelako. Hor ohartu nintzen konpositore izatea eta musikari izatea bi gauza ezberdin direla. Ni, esate baterako, uste dut sortzaile ona naizela, baina ez musikari bereziki trebea, ez gitarrarekin, eta ahotsarekin ere izan ditut nire gorabeherak. Baina uste dut sortzaile bezala badaukadala zer kontatu musikan. Beraz, hortik aurrera erabaki genuen kantuak nik egitea eta gero zuzenean ekoizleari aurkeztea eta bion artean osatuz joatea. Niri horrek lasaitasun handia eman dit, ze nik gaizki pasatzen dut jendeari ezezkoak ematerakoan. Egun, askatasun osoa daukat kantuak egiterakoan, eta hori nabaritzen da. Gaur egun abestiak grabatzen dira entseatu aurretik, batzuetan bateria organikoak badaude adibidez, baina bestela musikariak ez dira estudiotik pasa ere egiten eta ia dena ordenagailuz denez, gero entseatzen dugu zuzenekoetarako. Niri horrek lasaitasuna ekarri dit eta baita proiektua inoiz baino nireago sentitzea ere. Orain askatasun osoa daukat sortzaile bezala dakidan guztia islatzeko.

2022an argitaratu zenuten “Guretzat” diskoa, oraingoz azkena, taldearen heldutasun puntu horren erakusle al da lana?

Nik uste dut baietz. Lehen oso kantu azkarrak egiten genituen, orain erdiraino jaitsi dugu kantuen tempoa. Ohartu naiz sarri kantu bati zerbait falta zaionean erritmoa bizitzeko joera daukagula, edo tonuz igotzekoa. Eta nire ustez hori ez da beharrezkoa; aitzitik, kantuak motelago egitean espazio gehiago dago soinu hobea topatzeko, instrumentazioak bere lekua aurkitzeko... Gure azken lanaz oso harro gaude egia esan, azken bi lanak dira jendeak ere gehien entzuten dituenak. Aldaketa handia eta arriskutsua izan zen, batik bat Euskal Herrian aurreiritzi asko daudelako, reggaetoiaren inguruan eta abar, baina badirudi hautsi direla. Nik diskoa amaitzean esan nuen “ze ongi gure burua beste estilo batzuetan jotzen ikustea”. Horrek ere harro egoteko arrazoi bat ekarri du. 15 urtez estilo bereko musika egin dugu, neurri batean baita gure ezjakintasunagatik ere. Azken urteetako esperientziari esker, eta ekoizleekin egindako lanarekin, nik orain edozein musika estilotan jarduteko gaitasuna dugula sentitzen dut, eta asko pozten nau. Ez da kasualitatea inflexio puntuaren ondorengo diskoaren izena “Aukera berriak” izatea. Diskoari izena ematen dion kantuak azaltzen du hartutako bide berria. Guri gustatzen zaigu diskoari kantu batek ematea izena, eta beraz, disko guztietan bada kantu bat disko horren esanahi osoa borobiltzen duena.

Nabari da norabide zehatz bat eman nahi izan diozuela taldearen ibilbideari. Norabide hori zeren arabera marraztu duzue?

Hor gertatu dena da ETS asko lotu izan dela herriko jaiekin, eta pixka bat gogorra izatearren nire buruarekin, «musica pachanguera y kalimotxera»-rekin...

Tira, kalimotxoek eta parrandak, buruko min batzuk bai, baina poz asko ere ekarri dute herri honetara!

Bai, bai, baina abesti horiekin ETS geratzen zen mugatuta adin tarte batera. Eta zuk adin tarte hori gainditzen duzunean, ba zure buruari galdetzen diozu ez ote zaren gai izango zure adinekoengana iristeko. Erabakia garbia izan zen, haize-instrumentuen presentzia jaitsi, tempoak moteldu, estilo berriak jorratu, ekoizpenak zainduz, elektronika gehiago sartuz, organikoa eta elektronikaren arteko oreka topatuz. Aldaketa horren osteko lehenengo diskoa, “Aukera Berriak” diskoa, Pello Reparazekin egin genuen, eta kanta guztietan bateria organikoa zegoen. Elektronikaren presentzia oso txikia zen, baina bagenekien etorkizunean handitzen joango zela. Terrenoa prestatzeko disko bat izan genuen, nolabait esateko. Bagenekien gutxi gorabehera nora jo nahi genuen. Bestetik, esan ohi da disko borobil bat egiteko hiru soinu erabili behar direla kantu guztietan, lanak izaera sonoro bat edukitzeko. Kantu guztiak kohesionatuko dituen zerbait. Baina nik nahiago izan nuen barruan neukan estilo desberdinak jorratzeko grina hori ase. Aldaketak aldaketa, ordea, ETSren melodiak nahiko identifikagarriak dira, eta azken diskoetako kantuetan ere entzuleak taldearen esentzia topatzen du. Eta azken diskoan jorratu ditugun estilo desberdinei begira, ez dakigu zehatz hurrengoan nondik joko dugun, baina jada badakigu zerk funtzionatzen duen. Nik kantuak egiten ditudanean ez dut nigan soilik pentsatzen, ni kontziente naiz gizartean zer mugitzen den, zer gustatzen den. Agian beste proiektu bat edukiko banu beste norabide bat hartuko nuke, baina ETSk hartu duen bidea ikusita, gustatuko litzaidake publiko zabal batengana heltzea, ETS musika herrikoia izatea, erraz sartzen dena. Hori ez da aldatu inoiz, baina orain jakinduria gehiago daukagu hori lortu ahal izateko.

ETSk beti lortu izan du jendearekin konexio hori...

Bueno, lehenengo sei edo zazpi urteak gogorrak izan ziren, jende gutxi izaten genuen kontzertuetan. Kontua da pausoak pixkanaka eman ditugula, eta horrek eman digu gertatu zaiguna asimilatzeko tartea. Herriko plazetan beti izan dugu jendea eta horrek eman digu indarra, aurrera jarraitzeko arrazoi bat. Horregatik, eta estilo aldaketak gorabehera, azken diskoan ETS osatu duten denei omenaldi bat egin nahi izan diegu, izena hortik dator. Gu orain hemen bagaude, hainbat urtean jarraitu gaituen jendea egon delako da. Egia da garai batean haserretu egiten nintzela iruditzen zitzaidalako komunikabideek ez zigutela behar besteko arreta eskaintzen. Baina jendearen berotasuna beti izan dugu, eta horregatik, argi daukat ETS familia bat dela.

(Idoia ZABALETA / FOKU)

Doinuetan etorri da aldaketa, baina hitzei dagokienez ere bai?

Bai, zalantzarik gabe, emozioei leku gehiago egiten diet orain. Duela 20 urte anaia galdu nuen eta balada bat idatzi nion. Asko kosta zitzaidan, eta nire buruari galdetzen nion ea zer esango ote zuen jendeak ETS-k balada bat egiteari buruz. Geroztik disko askotan joan da balada bat. Duela urte batzuk gure letrak oso esplizituak ziren. Beharbada Euskal Herriko musika-zirkulu horretan lantzen ziren gaiak oso esplizituak zirelako. Mezu argiak ziren, oso politikoak, eta inertziari jarraika hor sartu ginen gu ere, asko pentsatu gabe zeintzuk ziren gure baloreak, helburuak... Azken diskoetan aldaketa etorri da, kantuak askoz intimoagoak dira, eta baita ulergarriagoak ere. Nik hasieran letra on bat lotzen nuen konplexutasunarekin: metafora asko, esanahi bikoitzak... Batzuetan nik neuk ere ez nituen ulertzen. Azken bi diskoetan zortzi urteko ume batek ere uler ditzakeen letrak egin ditugu, nahiz eta gero mezua oso sakona izan daitekeen.

Gutxirekin asko esatea ere ez da erraza izaten...

Nik esango nuke nire fuertea melodiak direla, eta hitzei baino garrantzi apur bat gehiago ematen diet orokorrean. Eta prozesua ez da erraza izaten. Oraintxe bertan kantu bat lantzen ari naiz eta sei hilabete daramatzat horrekin. Estribilloa baneukan, baina osatzeko beste 10-15 proposamen nituen esku artean. Garbiketa egin behar dut. Melodia daukadanean, badakit ia ziur abesti hori kaleratuko dugula, eta pentsatzen jartzen naiz ea zer mezu zabaldu nahi dudan. Oso garrantzitsua da zer emozio eragin nahi duzun ongi identifikatzea: nostalgia, samurtasuna... Eta elementu guztiak bide berean joatea. Lehen gertatzen zitzaigun letra politikoki oso kañero bat balada bati jartzea, edo alderantziz, eta niri gustatzen zait dena batera joatea. “Abuela maitea” kantuan, adibidez, palma batzuk zeuden pentsatuta hasieran, emakume ahots batzuk... baina gaia erabaki nuenean eta samurtasunaren bila joango nintzela, ba txalo horiek ez zuten pegatzen.

Oso interesgarria eta argigarria da ikustea sortzaileek egiten duzuen lana ez dela inspirazio kontu huts bat. Kantu baterako 10-15 aukera desberdin esan duzu!

Nik kantuak beti horrela egin izan ditut. Egia da “Zurekin batera” zortzi egunetan egin nuela, 24 ordu horretara jarrita, eta gehien gustatzen den kantuetako bat izango da, niri ere bai. Baina normalean denbora pasatzen dut gauzak proposatzen, entzuten, nire bikoteari erakusten... Normalean horrela etortzen dira gauzak, lan eta lan eginda. Gero une inspiratuagoak daude, ni adibidez kirola egin ostean argiago egoten naiz. Eta berdin letrekin. Erakutsiko banizkizu letra bat egiteko inguruan ditudan paper guztiak... Behin entzun nuen diziplina motibazioa baino garrantzitsuagoa dela, are gehiago, motibazioak diziplinaren gasolina izan behar duela. Hau da, batzuetan motibazioa ez dagoenean diziplina badaukazu, lanean jarraitzen duzu aurrera eginez.

Zer da zuretzat zailagoa, kantu bat hastea edo bukatuta noiz dagoen erabakitzea?

Hastea zaila da, eta hasierako melodiak dena definitzen du. Noizbait gertatu zait kantu bat bukatu eta esatea: “ba ez da oso ona”. Eta ez dugu kaleratu, edo buelta bat eman diogu. Baina orokorrean ekoizlearekin bost edo sei berrikuspen egiten ditugu, eta listo. Kantua ona baldin bada listo, eta ez bada ona, badakizu ez duzula bukatu. Azkenean, kantu bakoitzerako melodia on bat sortzea da kontua. Bueno, bat ez, lau melodia on, estrofa, estribilloa, metal partea eta ???? (45:18). Baina estribilloa ona bada, beste guztia tapatzen du. Normalean kantu bat ona dela baloratzean bat egiten dut nire inguruko jendearekin. Merezi du kaleratzea? Bai, aurrera. Eta ezezkoa bada, ba ahaztu eta beste bati heldu.

20 urte beteko ditu taldeak, asko izan daiteke, baina azkar ere pasatzen da batzuetan denbora...

Bai, hain zuzen ere, orain 20. urteurrena dela eta kontzertu bereziak prestatzen ari gara, pixka bat kasualitatez. Gu bira amaierako emanaldiak antolatu nahian ari ginen eta bat-batean jabetu ginen 20 urte egitera gindoazela. Guk geuk ere ezin sinetsi, ia ohartu gabe, igaro dira. Aurreko batean ohartu nintzen jada denbora gehiago daramadala taldearekin nire bizitzan taldea gabe baino.

Izaten dira, ordea, tarte batzuk minutuak motelago doazenak. Halako garaiak ere izango ziren...

Noski, gogoan dut, esate baterako, lehenengo diskoa atera aurretik garai hartako gure bateria-jotzaileak esan zuela taldea uzten zuela ez genuelako ezer egiten, ez ginelako motibatuak... tronpeta-jotzailerik ez genuen eta hilabete batzuetan geldirik egon ginen. Helbururik gabe ginen, ez genekien taldearekin zer egin oso ongi. Gero beste tarte bat ere izan zen ni Frantziara ikastera joan nintzenekoa eta taldea geldirik egon zenekoa... bai, une zailak ere izan dira, baina tira, hemen gaude!

(Gaizka PEÑAFIEL)

Horrela etorri dira 2025ean taldearen 20. urteurrena ospatzeko kontzertu berezi horiek. Nola sortu zen ideia?

Aspalditik genuen kontzertu handi bat egiteko gogoa, bagenekien momentua hau zela. Ez dakigu taldeak zenbat iraungo duen, espero dezagun urte asko izatea, baina orain gauden lekuan egonda, momentu egokia zela uste genuen. Aretoetan kontzertuak eman ostean eta zer uda izan dugun ikusita bira amaieran kontzertu handi bat egitea erabaki genuen, eta azken bi-hiru hilabeteak hori lantzen eman ditugu. Hor jabetu ginen ETS batik bat herriko jaietan hazi dela, eta orduan pentsatu genuen, “zergatik ez simulatu herriko jai bat egun horretan? Goizetik abiatu, herriko jaiek izan ditzaketen elementu desberdinekin, eta ETS-ren kontzertuarekin amaitu”. Gertatu dena da taldeak azken hilabeteetan energia asko jarri diola proiektuari, eta horrek bat eginda taldeak bizi duen unearekin, sarrerak salgai jartzean guztiak saltzea ekarri du. Ez genuen espero ordu gutxi batzuetan guztiak agortzea, urtebete baino gehiago falta da. Pixkana salduko zirelakoan ginen urtearen buruan. Baina guztiak saldu ziren, bigarren data bat atera genuen orduan, eta gauza bera, horrek eraman gintuen hirugarren data bat ere jartzera, eta hirugarren kontzertu honetarako sarrerak ere jendeak gogoz hartu ditu, dagoeneko 10.000 bat saldu dira, azken batzuk geratzen dira. Uste dugu, hiru data horiek jarrita, joan nahi duen orok joateko aukera izango duela. Orain emanaldia lantzea datorkigu, ez da ETS-ren kontzertu arrunt bat izango: kolaborazioak izango dira, musikaz haratago doan zerbait izango da. Seguru nago ETS-ren kontzerturik onenak, handienak, itxurosoenak eta berezienak izango direla. Gero ez dakigu zer etorriko den, printzipioz erabaki dugu 2025ean behintzat Euskal Herrian kontzerturik ez ematea denboraldi batez. Jendea hau entzutean hasi zen esaten taldea hautsi ote den edo... eta ez da horrelakorik. Ikusiko da zer datorren, logikoena da disko berri bat baletor 2025eko abenduan izatea eta ideia da urtebeteko geldialditxo bat egitea, baina oraindik ez dakigu zehatz zer izango den.