GAUR8 - mila leiho zabalik

«Pelotari» film laburraren grabaketa

(NESTOR BASTERRETXEA FERNANDO LARRUQUERT. KRUZ FUNTSA. IRUNGO UDAL ARTXIBOA.)

1956an, Jorge Oteizaren eta Nestor Basterretxearen Irungo lantegi-etxea eraikitzen ari zirela, Fernando Larruquert gazte bat obretan zegoen etxebizitzara hurbildu zen aitari laguntzera. Aitak elektrizitate- eta iturgintza-tailer bat zuen, eta bi artistek Luis Vallet arkitektoarekin pentsatutako proiektuan zeregin horietaz arduratzen zen. Urte haietan, Fernando Larruquertek, Jorge Oteizak eta Nestor Basterretxeak adiskidetasuna sortu zuten, eta zinemarekiko eta argazkigintzarekiko kezkak partekatu zituzten. 1963an, Nestor Basterretxearen zuzendaritzapean eta Jorge Oteizaren eta Fernando Larruquerten laguntzarekin, "Operación H" filmatu zuten. 1964an, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek Frontera Films Irun S.A. ekoiztetxea sortu zuten, eta urte horretan bertan “Pelotari” film laburra aurkeztu zuten, pilota-jokoaren ikuspegi estetikoa, modalitate desberdinen bitartez. Eta zinemako historialari eta kritikari batzuek idatzita utzi duten bezala, pelikularen espiritua amaierako esaldi honetan islatzen da «...eta Euskal Herriko lurralde berdeen gainean bizirik dirau bertako heroi herrikoien historiakoak diren beste garai batzuetako gizon eta pilotarien oroitzapenak». Bilboko zinema dokumentalaren VI. lehiaketan film laburra proiektatu zen, eta “La Gaceta del Norte” egunkariko kritikariak hauxe idatzi zuen filmari buruz: «...Nestor Basterretxeak eta Fernando Larruquertek joko ederrenaren plastikotasuna, indarra eta dotorezia bereganatzen jakin dute... inspiratutako zinta da, gustu onez betea». Eta testua horrela amaitzen zuen: «...Artetaren mihiseen aurrean bezala; Loramendiren poemen aurrean bezala, Guridi, aita Donostia edo Escuderoren musika entzutean sentitu genuen bezala, batek ezin du idatzi besterik egin: Eskerrik asko amesteagatik eta gero egiteagatik». Film laburra lehiaketa horretan saritu zuten. Pilotariaren filmazioko argazkiak Fernando Larruquertek eta Nestor Basterretxeak atera zituzten, eta gaur egun Irungo Udal Artxiboko Kruz Funtsean gordeta daude.