27 ENE. 2024 { ANALISIA } Plaza bat herrigintzari, hausnartu eta utopiak begiztatzeko Herrigintzak hitzordua dauka datorren otsailaren 3an, Durangon. Sortuk Plaza Hutsa atondu du herrigintzatik patxadaz begiratzeko aparretan dauden aldaketa sozial eta politikoei. Gogoetari paratutako plaza bat Plaza Hutsaren iazko edizioa, Burlatan. (Jagoba MANTEROLA Aritz LOIOLA | FOKU) Amagoia Mujika Kazetaria Egunerokoaren zurrunbiloan, aldaketa sozial eta politiko biziak harrotzen ari diren garaian, olatuaren aparretan ez da erraza gauzak patxadaz behatzea, ulertzea, jasotzea eta hausnartzea. Horregatik da beharrezkoa lasaitasunetik gogoetari plaza bat jartzea. Sortuk urtero paratzen dio plaza hori herrigintzari. «Batzuetan zurrunbilo horretan badirudi momentu politiko guztiak berdinak direla eta, kontrara, guk uste dugu prozesu politiko guztietan badaudela motelaldiak, geldialdiak eta azkarraldiak. Uste dugu horrelako une batean gaudela, azkartze batean. Plaza Hutsak badu bokazioa aldaketa zurrunbilo horietatik ihes egin eta, aldi berean, aldaketa horietan sakontzeko, zabaltzeko, aldaketa horiek errotzeko, herrigintzatik egin daitekeen horren inguruan hausnarketa egiteko», egin du azalpena Sortuko herrigintzako arduradun Xabi Iraolak. Berak gertutik jarraitzen du herrigintza azken urteotan. «Eraldatzen ari den herrigintza bat ikusten dugu, nolabait herri honek bere iraupenaren barnean dituen betiko problemak eta garai honetan munduan dauden erronka berriak uztartzen ari dena. Bien arteko nahasketa momentu bat da. Pello Otxandianok berak azken garaian planteatu duenez, galdera zaharrei erantzun berrituak emateko garaia da, eta galdera berriei erantzun berriak». «Betiko galdera zaharrak» ez dira makalak. Nola euskaldundu gure herria, justizia soziala nola lortu, hezkuntza sistema nola garatu... Iraolaren esanean, «galdera horiek hor jarraitzen dute eta erantzun berrituak eskatzen dituzte». Baina herrigintzan arazo berriak, gatazka berriak, agenda berriak, galdera berriak jarri dira mahai gainean. «Oso interesgarria da, adibidez, udazken honetan mugimendu feministaren eskutik nola erdigunean jarri den zaintzaren inguruko aldarria; osasungintzaren aldetik ematen ari den borroka; kulturgintzan ematen ari diren joera eta planteamendu berriak...», esan du Iraolak. Xabi Iraola eta Maialen Gago, Plaza Hutsaren aurkezpenean. Aritz LOIOLA | FOKU Garai politikoa irakurtzea Garai politikoa irakurtzen jakitea garrantzitsua da. Oraingoa garai sozial eta politiko bizia da. Nola astintzen du horrek herrigintza? «Asko esaten da azken garaian aldaketa politiko baten atarian gaudela, ziklo politiko berri bat irekitzen ari dela herri honetan. Askotan horri oso modu kosmetikoetan eta batzuetan pertsonalistetan begiratzen zaio. Orain, adibidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskundeak datoz eta badirudi aldaketa hautagai berriak egotera mugatzen dela. Guk uste dugu aldaketa hori askoz sakonagoa dela eta askoz lotuagoa dagoela herritarren balio eta printzipio aldaketarekin, herritarren lehentasunekin eta egunerokotasuna antolatzeko moduekin. Ikusten dugu herri honetan badagoela herri gogo handi bat, herrigintza praktika oso zabal bat, borroka eta aldarri desberdinak uztartzen dituena eta pixkanaka lortzen ari dena sakonekoa eta errokoa den aldaketa bat. Eta sakoneko aldaketa politiko horrek dakar aldaketa elektoral instituzional hori. Ideietan, balioetan eta printzipioetan aldaketak ematen badira, orduan da posible aldaketa politiko bat». Ziklo politiko berrian bada beste olatu bat, «gure nazio auziari lotuagoa». Iraolaren hitzetan, «Espainiar Estatuan ireki berri den legegintzaldian bete-betean nazio auziaren eztabaida erdigunean egongo da eta, zentzu horretan, aukerak zabalduko dira burujabetza maila handiagoa lortzeko, nazio aitortzan urratsak egiteko, lurralde artikulazioan aurrera egiteko... Iruditzen zaigu askapen prozesuan urratsak egiteko aukerak zabalik egongo direla datozen urteotan Euskal Herri osoan, zazpi lurraldeetan. Bi faktore horiek nahasten zaizkigu. Azkartze fasean gaude eta aldaketa politiko sakon baten garaian». Iazko Plaza Hutsaren une bat, Burlatan. Jagoba MANTEROLA | FOKU Askotariko krisien garaia Borroka desberdinak ari dira borborka. Herria haserre dago. Plaza Hutsaren erronketako bat izango da haserre horiek identifikatzea, horiekin konektatzea eta irtenbidea emateko proposamenak lantzea. «Krisi asko dago. Guk askotan deitzen diogu zibilizazio krisia, baina, finean, askotariko krisien garai batean gaude. Maila desberdinetako krisiak uztartzen dira. Herri gisa baditugu krisiak; euskalduntzean muga handiak, ezintasunak, kultur transmisioan etenak, hezkuntza sistemaren agortzea, segregazioa, pedagogian etenak.... eta gero garaiko erronkak deitu ahal ditugun krisiak daude; krisi klimatikoa -datozen urteetan herri honen garapena zeharo zeharkatuko duena- zaintza krisia... Gure herria gero eta zaharragoa da, zaintza beharrak gero eta presenteago daude eta gai horri heldu ezean emakumeen bizkar geratuko dira, eta kasu askotan emakume migratuen bizkar. Badago krisi humanitarioa, migrazio prozesuei loturikoa. Arrazoi desberdinak direla medio, azken bi hamarkadatan Euskal Herrira gero eta herritar gehiago etorri dira atzerritik bizi proiektu bat herri honetan garatzera. Krisi horiek guztiak nahasten zaizkigu eta zalantzarik gabe horrek zimenduak eta lurra mugitzen ditu». Herrigintza eta erakundeak Krisi horietako bakoitzak erantzun bat beharko du. Sortuko arduradunaren ustez, «erantzun hori herrigintzaren eta politika publikoen uztarketa batetik etorriko da nahitaez». «Herri gogo handi bat beharko da, komunitateak krisi horietako bakoitzaren aurrean esku hartze bat izatea, baina zalantzarik gabe, erronkak hain dira handiak, non ardatz publiko horrek ere erantzun beharko dion erronka horietako bakoitzari, bestela oso zaila izango da tamaina hain handiko krisi horiei erantzun bat ematea». Uztarketa beharko da; herrigintza bizi baten eta jendearen ongizatearen inguruan ardazten diren politika publikoen arteko uztarketa. «Bi norabidetan egin behar da lana. Herrigintzak baditu balio eta bertute asko, eta horietako bat da askotan aurreratu izan dela administrazio publikoek egiten dituzten politiketara eta gai dela, nolabait, dauden krisi edo beharrei erantzun bat emateko. Zentzu horretan bada bide-urratzaile eta ortzi-muga erakusten duen praktika bat. Bada inpugnatzailea. Baina horrekin batera soluzio bideak behar dira eta horiek kasu askotan legeen bidez egiten dira, erakunde publikoetan». Hor ere behar da politikagintza berria, aliantza berriak, eta behar da herrigintzan ematen ari den olatu hori erakunde publikoetara iristea», nabarmendu du Iraolak. Olatua udalgintzara iristen ari dela uste du, horren erakusgarri, «Euskal Herriko hiriburuan dagoeneko ezker independentistak gobernatzen du. Segur aski, beste erakunde handi batzuetara ere guk uste baino azkarrago iritsiko da». Herritarrak, indibiduoak Herrigintzan herritarrak daude, norbanakoak. Gero eta indibidualistagoa den jendartean, ez da erraza indibiduoa herriaren parte sentitzea eta horren neurrian jardutea. «Batzuetan badirudi norbanakoa dela bizitzaren neurria. Guk, kontrara, uste dugu ezetz, bizitzaren neurria komunitatea dela. Komunitatea izan daiteke modu eta forma desberdinetan. Euskal Herrian komunitate hori herria da, nazioa. Zentzu horretan, uste dugu herrigintzak horretan laguntzen duela, batetik, komunitate horiek zabaltzen, indartzen, errotzen eta, aldi berean, horiekiko atxikimendua garatzen. Gizarte indibidualista honetan herrigintzak daukan funtzio nagusienetakoa hori izan daiteke; komunitatea indartzea eta, batez ere, herri-proiektu batekin atxikimendua sortzea, komunitatean egiten den hori guztia herri proiektu baten mesedetan izan dadin. Erronka zaila da, baina beharrezkoa», iritzi dio Iraolak. Bizi dugun mundua konplexua da oso. Munduaren beste puntarekin konektatuta gauden honetan, nola sentitu herri bateko parte? «Bi aukera dauzkagu; errealitate hori ukatu eta existituko ez balitz bezala jokatu, edo benetan errealitate hori gure bizitzaren parte dela onartu eta horretara egokitzeko bideak egin. Euskalgintzari, hezkuntzari, kulturari, identitateari lotuta, zalantzarik gabe azken garaiotan agortze zantzuak sumatzen ditugu eta etenak sortu dira, kultur transmisioan edo euskalgintzan, adibidez. Maila batean horrek zerikusia du teknologiaren eta sare sozialen praktikekin. Kontua da hori hor egongo dela, gure bizitzaren parte izango dela eta ezin dugula horren kontra egin. Pentsatu eta estrategiak garatu beharko ditugu euskalduntzean edo kultur transmisioan, adibidez, aurrera urratsak egiteko. Digitalizazioa eta inteligentzia artifizialaren esparruak, adibidez, estrategikoak izango dira herri nortasuna garatzeko». Utopiaren beharra Olatua altxatu da, aldaketa dator eta herrigintzak lehen lerroan egon behar du. «Euskal Herrian aldaketa haizea altxatzen ari da eta herrigintzatik hori hauspotu, zabaldu eta errotzeko garaia da. Guk Plaza Hutsa baliatu nahi dugu horretarako, aldaketa hori bururaino eramateko eta itzulezin egiteko. Horretarako, ezinbestekoa da aldaketa politiko hori herritarren printzipio eta balioen aldaketekin bat etortzea». Herrigintza aktibatzeko beharra dago. Beti dago horretarako beharra. Utopiak beharko luke herria piztuko duen txispa.«Plaza Hutsak utopiara begiratzeko leiho bat izan nahi du; esperantzara, ilusiora, pozera konektatzeko plaza bat. Jorge Alemanek esaten du eskuin muturra, eragile bat baino, agenda bat dela. Uste dut eskuin muturraren agenda horrek utopia bera ukatu nahi digula. Alegia, utopia aukera bat ez denaren ideia zabaldu nahi dute, aukera bakarra distopia dela. Argentinan Milei; Trump AEB-etan; Macron eta Le Pen frantziar Estatuan eta Abascal espainiar Estatuan. Duela gutxi, Argentinan, Mileiren kontrako borroketan, herritarrek “Distopia hemen dago” oihukatzen zuten. Uste dut Euskal Herrian beste zerbaitean ari garela. Mundu honetan autoritarismorako, eskuin muturrerako eta distopiarako joera handia dago, baina uste dut Euskal Herrian -ez dena egina dagoelako, baina bai hemen egin daitekeelako- distopiara daraman bidetik urruntzeko borrokatik baino gertuago gaudela utopiara daraman bidea eraikitzetik. Nik dei bat egingo nuke ez bakarrik herrigintzara eta borrokara, baita utopiara, esperantzara, ilusiora eta pozera ere. Beldurrak nekez mugiaraziko gaitu. Eskuin muturraren agendak Euskal Herrian ere eragina dauka, ez gaude horretatik salbu. Baina herritarrak mugituko badira, eraldaketa baterako bidea abiatuko badute, esperantzarako bidea zabaltzeko eta aldaketak posible direla sinetsarazteko gai garelako izango da. Ezker independentismoaren egitekoa da herri honi esperantza, ilusioa, poza, utopia ekartzea». Herrigintzan dabiltzanentzat gogoetarako plaza bat da. Jagoba MANTEROLA | FOKU GOGOETARAKO ESPARRUAK Urtez urte Plaza Hutsa saiatzen da Euskal Herriaren uneko kezkak eta erronkak identifikatzen eta herrigintzaren fokua horiei begira jartzen. Jatorri eta kultur aniztasuna izango da Durangon mahai gainean jarriko duten gaietako bat. «Gogoeta estrategikoa egin dugu azken bi urte hauetan. Abiapuntu batetik hasi gara: inoizko Euskal Herririk anitzenean bizi gara jatorriari eta kultur aniztasunari dagokionez. Horren aurrean, hiru aukera ditugu: ez ikusiarena egitea; mehatxu gisa ikustea eta posizio defentsiboetan jartzea edo, hirugarren aukera, erronka gisa ikustea eta benetan gure herri eraikuntzaren prozesuan aukera bezala ikustea. Zalantzarik gabe guk hautu horren alde egiten dugu. Hausnartu nahi dugu jatorri eta kultura aniztasun horrek euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan zein toki duen edo izan beharko lukeen eta horretarako zein bide posible jarri beharko genituzkeen martxan». Euskalduntzeaz ere arituko dira Durangon. «Eredugarria da azken 50 urtean Euskal Herrian garatu den euskalduntze ziklo zabala, baina ikusten ari gara erabileraren jaitsiera, ezagutzaren moteltzea, transmisioan etena... zentzu horretan, ikusten dugu jauzi bat beharrezkoa dela. Hizkuntza politika berriak jarri beharko dira martxan, euskalgintza indarberritzeko bide posibleen inguruan gogoeta egin beharko da», esan du Iraolak. Trantsizio ekosoziala garaiko erronka nagusienetakoa da, mundu mailan olatu mobilizatzaile indartsua altxatu duena. «Euskal Herria ere olatu horretara batu behar dela uste dugu, bere agendaren erdigunean jarri behar du klima larrialdia eta Euskal Herritik erantzunak eman behar zaizkio. Mugimendu ekologista garaikide bat behar dugu». Euskal Herri hezitzaileari ere begiratuko dio herrigintzak. «Uste dugu Euskal Herriko hezkuntza berria behetik gora ere eraiki daitekeela eta Plaza Hutsan gogoeta egingo dugu herri bakoitzeko hezkuntza proiektuak nondik hedatu daitezkeen eztabaidatuz; curriculum propioak, hezkuntza ez formala... eta hor, zeharka gurutzatzen dira mila gai; hizkuntza, jatorri eta kultur aniztasuna, feminismoa...» Zaintzen duen herria izan nahi du Euskal Herriak. «Azken urteetan gure herrian martxan jarri den olatu handiena eta indartsuena feminismoa da, eta zehazki azken hilabeteetan martxan jarri den zaintza eskubideen inguruko borrokaldia oso interesgarria da. Gure lekutik eta gure ekarpenetik nola indartu pentsatu behar dugu». Eta programa sozioekonomikoak ere gogoetarako tartea izango du. «Gogoeta berria da. Ikusten genuen bagenuela premia gure egunerokotasuna zeharkatzen duen eta gure baliabide materialei lotuta dagoen esparru horri heltzeko. Ezker abertzalearen jendarte eredua, euskal sozialismoa deitu ahal dugun horren definiziorako prozesu bat martxan jarri dugu, ekainera bitarte iraungo du eta Plaza Hutsan lehen oinarria partekatuko dugu».