Maddi AIESTARAN IPARRAGIRRE

Berriketan

Lagun batek bere etxeko giltzak utzi zizkigun bera parrandarako gogoz zela-eta. Agur esan genion, oso ondo pasa, eta parrandarik ez egitea erabaki genuenok etxera abiatu ginen. Lau lagun, bosgarrenaren etxera. Goiz zen oraindik. Kazola bete genuen infusiotarako urez. Argienek neguko pijama bana zekarten motxilan. Besteok katilua inguratu genuen estuxeago bi eskuekin. Sofan eseri ginen laurok, mantaren pean. Eta tragoxka baten eta hurrengoaren artean abiatutako elkarrizketaz, berotu ziren mantaz kanpoko gorputz-adarrak ere.

Urre koloreko paperez bildutako txokolatezko bonboiak elkarri banatu ahala, hitz egiten genuen zerari buruz eta akordatzen ginen orduko hartaz eta egiten genuen irri ez-dakit-zergatik. Berriketan gustura aritzea oso gauza polita da. Susmoa hartuta nago ez ote dugun oro lehenesten hitz egitearen gainetik: elkarrekin hitz egiten dugu kafe bat hartuz, mugikorreko mezuak irakurri ahala, autobusera bidean, kozinatu bitartean, parrandan dantzan ari garela, ez-dakit-zein ez-dakit-zer azaltzen ari denean eta telebista programa interesgarrienari zeharka begiratzen diogunean. Susmoa hartuta nago ez ote garen ari afera esplizituetara mugatzen elkarri entzutea, elkarrekin hitz egitea; ez ote dugun elkarrizketa unean uneko tramite bihurtu. Baina gauza jakina da elkarri entzunez berriketan aritzeak zenbateraino egin diezaiokeen on zeinahi harremani.

Aurreko hartan, egunak argitu zuen elkarri egindako hitzek inoren nekerik pizterako. Nerabezaroko lehenengo parranda luzatuetan nola, barre egin genuen ordulariari begiratu genionean: “gaupasa”. Jarraituko genukeen pozarren hizketan, honi eta hari buruz zetozkigunak kontatzen, konpartitzen; ordea, parrandatik bueltan zetorren bosgarren lagunaren harridurazko neke aurpegiak kutsatu zigun zeozer, eta hartu zuten batzuek lehenengo autobusa eta besteok ohea.

Ez dugu askotan horrelako planik egin izan; baina era polita da larunbat gaua luzatzeko. •