Borja Hernandez Urrutxurtu
Borja Hernandez Urrutxurtu diseinatzaile gazteak Getxon eta getxoztarrentzat sortzen aurkitu ditu inspirazio dosi handiak. Neurrira egindako jantzien kalitatea eta bizitza luzea aldarrikatzen ditu besteentzat sortuz gozatzen duen modaren artisauak. Orain, herrian zerotik sortu duen emaztegaiei eskainitako diseinu lerro batean ari da lanean.
Algortan duen atelierreko ateak zabaldu dizkio GAUR8ri Borja Hernandez Urrutxurtu diseinatzaile eta jostun gazteak. Metroa lepoan jarrita eta orratzontzia paparrean, traje baten prakekin lanean aurkitu dugu. Jantzia luzatu du eta osatzen ari den detaileak erakutsi ditu. Mugimendu handia du orain. Ezkongaientzat zenbait eskaera ditu esku artean, eta agenda zorrotz kudeatu behar du jostunak, prozesuek eskatzen dituzten denborei behar bezala erantzuteko.
Traje baterako patroiak osatzeak bakarrik 10 eta 15 ordu artean eska ditzake «kartaboi eta arkatzetan», eta ondoren, lauzpabost froga egon daitezke. Prozesuak luzeagoak dira emaztegaien kasuan, «elementu eta detaile gehiago doazelako soinekoari lotuta, tula, beloa, burukoa....
Solasaldia hasi eta lanbidearekin lotutako bitxikeria bat agertu da berehala. Azaldu du azken jantzira heldu baino lehen neurri berdineko kopia bat egin duela kotoian, errazagoa baita aldaketak egin behar izatekotan. Ez da lan arina neurrira egindako prakak sortzea; jaka, beroki eta beste jantzi batzuekin bezala, perfekzioa gorputzaren forma zehatzei egokitzean datzala esan liteke, eskatutako ezaugarri zehatz batzuk jarraituz. Horregatik, funtsezkoa da patroigintza, paperean marraztutako neurri eta lerroz beteriko plano moduko horiek.
Joskintzaren munduan, beste detaile asko hartu behar dira kontuan: ehunak, koloreak, formak, detaileak, osagarriak, diseinu ausartak, klasikoak... sormen lan oso bat bezeroaren nahien neurrira, horretan espezializatu da Hernandez. Ezkontzen munduarentzat sortzen du nagusiki, baina bezeroen sorta zabalagoa du neurrirako moda egile bezala. Magia norberaren gogo eta ezaugarrietara sortutako jantzi berdingabe horretan dago, eta bezeroak esperimentatzen duen gogobetetasunean ere bai, hori bereziki nabarmendu du: «Gozatzen dut jendearentzat sortzen eta jendea nire jantziez gozatzen ikusten».
Hogeita hamar urte bete barik, joskintza tailerra zabaldu du bere herrian. Bertatik, bi lan eremu lantzen ditu: sormen erabat askea diseinu berriak egiteko eta neurrira egindako joskintza. Tolesturak dira bere espezializazioetako bat, bere diseinuen ezaugarria. Horren atzean artisautzarekin oso lotuta dagoen teknika «termiko eta kimiko» landu bat dagoela baieztatu ahal izan dugu, ehunaren fisionomia eraldatu eta figura geometrikoak lortzeko.
Izan ere, klasiko bat da joskintzan, baina ez da dirudien bezain sinplea. Ikasketetan aukeratu zuen «ehungintza ingeniaritza» deritzoten teknika horren azterketa eta horretan sakondu du, goitik behera Getxon egindako plisatuak egitera helduz. «Potentzial handia dute, esperimentatuz jorratu dut bide hori, eta iruditzen zait balio erantsia ematen diotela jantziari», azaldu du ehun ezberdinetan sortutako plisatuak eskuekin bihurritu eta askatzen dituen bitartean; azkar berreskuratzen dute forma, ezer egin izan ez balu bezala.
Bezeroek nahi duten jantzia sortzea da bere lana, eta dioenez, argazkiekin doaz batzuk, ideia hobeto azaltzeko. Modaren munduan, terminologiak ere paper garrantzitsu bat jokatzen duela baieztatu dugu In Fraganti honen protagonistarekin hizketan. Ideia bat esan ahala, zehaztutako eskote, mahuka… horri izen teknikoa jarri dio. Ereduen zirriborroak dira lanaren beste zutabeetako bat; modurik eraginkorrena, gainera, bezeroaren nahietara hurbiltzeko, ideia bisualago bat izan dezaten. Horietako dozenaka erakutsi ditu, forma bateko mahukekin, eskote eta luzera ezberdinekin… Irudiek azken itxuraren ideia zehatzago bat ematen dute, eta hori oso garrantzitsua da. Dioenez, entzumena dohain inportantea da lanbidean, bezeroaren nahia jasotzeko, baina irudiekin alde bien arteko ulermena hobetzea lortzen da.
Ehuna aukeratzea beste urratsetako bat da, hainbat ikuspegi kontuan hartzea behar duena, portzierto. Prezioaz, gogoez eta koloreez gain, «non eta nola ezkontzen zaren ere begiratu behar da, ehun batzuk ez direlako egokienak ezkontza Cadizen bada, esaterako». Egiten duen beste galderetako bat zera da: «Jantziarekin bidaiatu behar al duzu?». Sofistikatuegia dirudi gaian aditua ez den batentzat, baina alde praktiko bat du guztiak, estilo kontua da, baina ez da horretara bakarrik mugatzen.
Kontsumo azkarreko modaz inguratuta, artisau-moda eskaini ahal izatea baloratzeko gauza bat dela dio Hernandezek. «Ohituta gaude dena azkar egiten, beherapenetan berehalako gogobetetasuna eragiten digun zerbait erosi ahal dugu prezioari begira, baina ez diogu jasangarritasunari begiratzen, ezta arropa horrek duen bizitza ziklo laburrari ere», esan du. Jostunak azaldu duenez, «neurrira egindako joskintza artisautza» da, «zerotik sortutako zerbait».
Zerotik egina eta bizitza luzekoa
«Diseinua aukeratu ahal dugu eta apustu bat egin bizitza ziklo luzeago bat izango duen jantzi baten alde». Erantsi duenez, konponketak, gainera, aurrekontuaren barruan eskaintzen dituzte.
Batxilergo artistikoa ikasi zuen, patroigintzako eta modako goi mailako teknikari gradua, Logroñon lau urteko moda gradua, eta jostun handien ondoan egin du lan praktiketan. Javier Barroeta da horietako bat. Esperientzia aberasgarritzat ditu guztiak, «maisuaren mugimendu guztietara adi».
Formakuntzan sakontzen jarraitu zuen Eometric patroigintzako eta joskintzako tekniketako metodo profesionalen inguruko ikastaroan, Bartzelonan, eta Julio Mompo maisu jostunarekin beste ikastaro aurreratu bat egin zuen Ingalaterrako jostun-teknika tradizionalei buruz. Izan ere, garrantzi handia ematen dio formatzeari. Nabarmendu du funtsezkoa dela diseinatzaile gazteentzat. Ezagutza zabal bat izateak bidea errazten duela dio, aukera sorta zabalago bat ematen du, eta horrek isla du bezeroari eskaintzen zaion horretan. Zoritxarrez, Euskal Herrian joskintza ikasteko aukerak murritzak direla dio.
Ama, Izaskun Urrutxurtu dauka ondoan, atelierrean. Ez du ezkutatzen figura nabarmena izan dela lanbidea hartzeko orduan, eta asko ikasi duela bere ondoan. Eskuekin lan egitea, gainera, txikitatik izan du gustuko. Ama jostuna denez, gertutik bizi izan du lanbidea, eta elkarrekin jarraitzen dute modaren munduari ordu asko ematen, baita desorduetan ere.
Bezero baten aurrean jarraituko lukeen prozedura azaltzeko eskatu dio GAUR8k. Buruan zer-nolako jantzia duzun galdetzeaz gain, ehundura egoki bat aukeratzeak duen garrantzia azpimarratu du. Ehun ezberdinetako katalogoak zabaldu ditu erakusmahaian: kotoia, zeta, belusa, artilea, kaxmirra… eta ehun italiarrak, «heldu diren azkenak». Ehun naturalak dira asko, eta salneurriari ere begiratu behar zaio. Ehun horietako batzuetan metroa 90 euroan egon daiteke. Artile ingelesaz egindako oihal pieza bat erakutsi du. “Made in England” irakur daiteke albo batean. Ehun horiek Ingalaterratik ekarriak dira. Eskatutako traje bat egiteko da oihal zati hori. Gogoratu du Brexita dela eta batzuetan zailtasunak izan dituztela eskatutakoa jasotzeko. Hala ere, nagusiki inguruan hornitzen da gaztearen atelierra, eta hori ere etxeko marka nagusia da. «Getxon eginak daude jantziak %100ean, diseinua, plisatua eta patronatua Getxon eginda daude», nabarmentzen du gazteak, eta aipatzen du bere herriko jendearentzat sortzen duela.
Katalogo horietako batzuk dira Euskal Herriko mugetatik kanpotik datozen elementu bakarrak, baina tresna garrantzitsu bat direla dio, «bezeroak berak ikus dezakeelako, ukitu eta jantzia irudikatu». Ehunik freskoenak ere erakutsi ditu, ukitzearekin nahikoa da gozotasuna eta freskura sentitzeko. «Nire ustez, naturalak dira onenak, eta duten iraunkortasuna oso handia da; ehun on bat eskatzen didatenean naturalak etortzen zaizkit burura nagusiki», onartu du jostun getxoztarrak. Ehun batzuk urtaro zehatz batzuetarako dira, koloreak ere horrekin lotuta daude. Gorputz gehiago duten oihalekin errazagoa da lan egitea, ehun arinek, ordea, zailtasun gehiago ematen dute, «milaka hari txikiz egindako ehunak dira, gehiago nabaritzen da joskera...».
Diseinuetara irekienak
Anekdota bat ekarri du gogora: Kordobako gaztelu batean ezkondu behar ziren mutil bi. Erronka potentea zen, beraz, bi ezkongai batera. Argazkien aurrean sortu zituen diseinuak azaldu ditu. Onartu duenez, esperientzia ederra izan zen sortzea eta diseinu originalak lortzea. «Plisatu kilo erdirekin» irten ziren hemendik, dio txantxetan.
Diseinu berritzaileetara zabalik gauden edo kontserbadoreak garen galdetu diogu Hernandezi: «Esango nuke gay-en ezkontzetan irekiago daudela aldaketetara, fantasietara...». Horren harira erantsi du joera markatuak daudela oraindik, eta Bizkaian «jostun-jantzi ingelesarekiko leialagoak garela eta Gipuzkoan nahiago dutela molde frantsesa, adibidez. Erantsi du, halere, aukerak eskaini daitezkeela, ideiak eman, aholkatu...
Duela gutxi Getxo Modako pasarelan erakutsi ahal izan ditu bere diseinuak, eta bete zuen. Gasteiz On desfileetan ere izan da, bereziki preziatzen duen beste erakusleiho bat. «Niretzat oso garrantzitsuak dira tokiko erakusleiho horiek, tokiko jendearentzat sortzen baitut», dio Hernandezek, buruan dituen proiektuak aipatuz. Osagaien mundua esploratu nahi du, eta bitartean emaztegaiei eskainitako lerro bat garatzen ari da hurrengo urrian Gasteizko pasarelan aurkezteko: atelierra ideiaz betetzen duen erronka berri bat. •