Iñaki SANZ-AZKUE
HEGAZTI INBADITZAILEAK

Leiotrix mokogorria: Txori asiar bat joare artean

Bizi datoz urak Ezkurra ugaldean behera. Errota zaharreko leiho txikiaren bestaldean, urak bezain biziak dira errotazainaren begiak. Hortik zelatatzen ditu Edortak inguruko hegaztien joan-etorriak. Arbola tantaien adar okerretan pausatzen dira. Eta klik, sakatu du kameraren botoia, galbidean baleude bezala, hegaztiak betiko gordetzeko asmoz. Eta begiratu du gaurko irudia. Eta bilatu du liburu artean, baina ez du aurkitu. Zubietako errota zaharraren aurrean, txori berri bat azaldu da.

2014. urtean Donostiako Cristina Enean agertutako Leiotrix mokogorria.
2014. urtean Donostiako Cristina Enean agertutako Leiotrix mokogorria. (Itziar GUTIERREZ)

Edorta Amurua saiatu da argazkiko hegazti txikiari izena jartzen, baina ez du asmatu. Berezia egiten zaio, ez baitu sekula halakorik ikusi aurretik inguruan. Gorri eta hori kolore biziak nabarmentzen dira hegoetan eta paparrean. Aurkitu duen txori txikiak bizitasuna ematen dio inguruari: kolorea, adar biluzien artean. Eta hala, sare sozialetara igo du argazkia, eta galdetu egin du: «Ezin izendatu nabil errota inguruan ikusitako laguntxo hau. Lagunduko, mesedez?», eta Zubietako txoriaren txioa mundura zabaldu da.

Edortak egindako galdera bera egin zion bere buruari Pascal Michelenak 2013ko urrian. Irungo industrialde ezagun batean zegoen lan kontuak medio, lurrean hildako zazpi txori txiki ikusi zituenean. Egoerak harrituta, horiengana gerturatu zen, eta txundituta gelditu zen hegaztien kolore biziekin eta edertasunarekin. Horietako bat, paper artean bildu eta etxera eraman zuen. Eta erakutsi. «Begira zein txori berezia aurkitu dudan hilda».

Pascalek aurkituriko txoriak leiotrix mokogorriak (Leiothrix lutea) ziren. Asiako jatorria zuten hegaztiak. Hegazti exotikoak eta inbaditzaileak, hain zuzen ere. Ordura arte ez ziren oso ezagunak Euskal Herrian. Durangokoa zen ordura arteko aipu bakarra. 2003koa. Hortik aurrera, ezer gutxi. Pascalek, ordea, zazpi ale aurkitu zituen hilda. Zer egiten zuten Asiako jatorria zuten zazpi txori alek Irungo industrialde batean hilda?

Ugal garai osteko hegaldiak

Erantzuna espeziearen biologian zegoen. Udazkenean, ugal garaiaren ostean, leiotrix mokogorriak bost eta hamabi alek osaturiko taldeetan elkartzen dira, eta alderrai aritzen dira hegan, hara eta hona leku berrien bila. Irunen aurkiturikoak ere taldean ari ziren hegan, industrialdeko bulegoetako leiho handiekin topo egin zuten arte. Eta hala, han hil ziren guztiak, bata bestearen atzetik kristalaren kontra kolpatuta, buruko zauriek eta odolak erakusten zuten moduan.

Pascalen behaketak haria ekarri zuen. Izan ere, bati eta besteari galdetuta, jakin zen 2012ko uztailean jada Irungo Aitzondo ur jauziaren inguruan ere ale bat topatu zuela Josean Belzuncek. Urtebete beranduago, Irungo Plaiaundiko Parke ezagunean ikusi ziren hogei bat, eta urte horretan bertan, beste hainbat Hondarribian. Denbora gutxian, Asiatik etorritako hegaztia zabaltzen hasi zela zirudien, eta gero eta ohikoagoak ziren bere behaketak. 2014an, esaterako, jada Donostiako Cristina Enea parkean ere izan zen ikusia.

Frantziatik barrena etorria

Ornitologo frantsesen arabera, leiotrix mokogorriak jada populazio naturalizatuak zituen Frantzia hegoaldean 1990ean. Bertako populazioak 2.000-5.000 ale artean zituela kalkulatzen zen, eta pixkanaka zabaltzen ari zirela adierazten zen hainbat txostenetan. Adituekin hitz egin ostean, esaterako, jakin zen Irungoak aurkitu aurretik Donibane Lohizunen jada espezie hauen behaketak bazirela.

Ordurako, ordea, leiotrix mokogorriak munduko beste hainbat herrialde konkistatuak zituen. Asia hegoaldean jatorria duen espezie txiki honek, Himalaia eta Txina erdi-hegotik hasi eta Birmania eta Vietnameraino du bere jatorrizko banaketa eremua. Bildumazaleen begiko izan den txoria izaki, alabaina, munduko hainbat puntutan aurkitu da jada, kaioletatik alde eginda edo askatuta. Hala, Reunion irletan (Afrika) aurkitu izan da, Japonian (Asia) eta Australian, Tahitin eta Hawaii-en (Ozeania).

Europan ere hainbat herrialdetan ikusi da. Italian eta Portugalen bertakotua dago eta Alemanian, Herbehereetan, Frantzian eta Espainian ugaldu egiten dela ikusi da. Europako beste hainbat herrialdetan ere behaketa bakanak egin izan dira. 2014rako, esaterako, Madrilen eta Valentzian izan zen ikusia, eta Katalunian espezie naturalizatua zen ordurako jada; bertakotua, alegia. Kanariar uharteetan, bestalde, ugaldu ere egiten zen.

Irungo industrialde batean agertutako zazpi aleak. Iñaki SANZ-AZKUE

Espezie exotiko inbaditzailea

Hegazti txiki hau munduko hainbat lurraldetan azaldu izanak eman du zeresana. Eta ez soilik duen itxura ederrak atentzioa ematen duelako...

Leiotrix mokogorriak Euskal Herriko ekosistemetan izan dezakeen eraginari buruzko informaziorik ez dugu, baina badakigu, esaterako, munduko beste leku askotan jada ondorioak jasaten ari direla. 2006an Shigeho ikertzaileak egindako lan baten arabera, Japonian leiotrix mokogorria sartu izanak Cettia diphone hegaztiaren populazioaren beherakada ekarri du. Beste leku batzuetan, esaterako, amilotx urdinei jazarpen zuzenak egiten ikusi da eta txinbo kaskabeltzen populazioen beherakadak ikusi dira leiotrix-a sartu den lekuetan, nahiz eta ezin izan den frogatu eragin zuzena duenik. 1998an, bestalde, Ralph ikertzaileak Hawaii-ko hainbat landare inbaditzaileren zabalpenean laguntzen duela frogatu zuen. Hori guztia dela eta, Espainiako Espezie Exotiko Inbaditzaileen zerrendan “espezie exotiko inbaditzaile” moduan dago katalogatuta hegaztia.

Leiotrix mokogorria baso eta sastrakadi zalea da, eta eremu urbanoetatik kanpo, zuhaiztietan ere ondo moldatzen dena. Horrek guztiak espeziearen jarraipena egitea zaildu egiten du, kolore deigarriak izan arren, landaretza artean ondo moldatzen baita.

Egun, leiotrix mokogorriaren behaketak Euskal Herri osora zabaldu dira jada. Pascal Michelenak Irun aldean topatu zuenetik 10 urte pasa diren honetan, Plaiaundin oraindik ere ikusten dira taldeak hegan udazkenean. Hori gutxi ez, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak berriki publikaturiko Euskadiko Hegazti Habiagileen Atlasaren arabera, jada gurean hegazti habiagilea izateko aukera asko omen daude. Adituen ustez, beraz, ez da astakeria pentsatzea espeziea, jada, ugaltzen ere ari dela gurean.

Txori asiar bat joare artean

Ura mendian behera bezala, denbora ere aurrera doa Zubietako errota zaharraren aurrean, atzera begiratzeko tarte askorik hartu gabe. Eta ahaztuko zaizkigu neguko izotz bakanak eta urtarrileko goiz hotzak, joare soinuetan murgiltzen hastearekin batera. Eta hasiko dira Zubietako kaleak kolorez estaltzen eta joareen danba-danba soinuaz betetzen. Eta hala, errota ertzeko arbolak eta zelaiak ere kutsatu egingo dira, eta lore-hosto ederrek hartuko dute paisaia monokromatikoaren lekua, eta errekaren zarata geldiezinarekin batera hasiko dira txori txikien doinu ezberdinak adar okertuetan barrena haien sinfoniak eskaintzen.

Eta bitartean, errotako leiho txikiaren atzean, errotarriak bueltaka jarraituko du errotazainaren begiradapean; eta behatuko du, zeharka bada ere, errotariak, adar okertuek osatzen duten sare eder horretara. Batek daki, herriaren edertasuna ikusita, ez ote duen txori txiki asiarrak ugalde ertzeko arbolaren bat aukeratuko etorkizunean bere habia jartzeko. Hegaztien habiak ikustea, alabaina, ez da beti berri ona. Ez hegazti guztien kasuan, behintzat. Txostenek leiotrix mokogorriaren kontrol-lana ezinbestekoa dela dioten arren, kostako da animalia txiki honi aurre egiten. Ikusi beharko da Zubietako joaldunen danba soinuak lortuko ote duen gizakiak orain arte lortu ez duena egitea.