GAUR8 - mila leiho zabalik

Herriak bakarrik salba dezake herria


Urtarrilaren 26an, beste milioika pertsona bezala, ezinegonez nengoen historikoa izan zitekeen Nazioarteko Justizia Auzitegiaren ebazpen baten zain. Aste batzuk lehenago, Hego Afrikak NBEko justizia erakunde gorenera eraman zuen Israelgo estatua, azken hilabeteotan Gazako populazioaren kontra burututako sarraski ankerragatik; eta askok, gure xalotasunean, epaimahaiak gertakari horiek genozidio-krimen izendatuko zituen adierazpena kaleratu behar zuela espero genuen. Baina ez, ez genozidio izendapenik, ezta su-eten adierazpenik ere. Uste guztiak erdi ustel.

Lehenengo orduetan Raji Sourani legelari gazatarrak egindako irakurketak hasierako sumindura horretatik atera ninduen. Haren esanetan, NJAk ebazpena argitaratu zueneko eguna «historikoa zen palestinarrentzat», euren eskakizun guztiak asetzen ez baziren ere, aurrekaririk gabeko aurrerapauso nabarmenak egiten zirelako, akusazioak aurkeztutako ebidentziak aintzat hartu eta Israelen gain jartzen zelako genozidio krimenik ez burutu izana probatzearen zama. Beste analista batzuk, berriz, ez dira hain baikor agertu. Mussa´ab Bashir kazetari gazatarrak uste du epaimahaiaren erabakia «parodia juridiko» bat dela, «burla bat herri palestinarraren sufrimenduari», eta mundu mailako justizia-sistema «ordena hegemoniko globalaren isla» dela.

Nolanahi ere, ebazpenaren erredakzioa hain interpretazio kontrajarriak egiteko bezain anbiguoa eta bihurria izan bada, horrek gauza bakarra erakusten du, egitura horietan ez dagoela ekimen zintzo bat zezenari adarretatik heldu eta anormaltasun historiko honi amaiera emateko; alegia, gauzak aldatzeko eskumena daukanak ez daukala egiteko borondaterik.

Gauzak horrela, Palestinari itxaropenik geratzen bazaio, nazioarteko erakundeetatik baino, eskumenik ez izanagatik, gauzak aldatzeko borondatea duten horiengandik etorriko zaio. Duela astebete, Ordizian, CAF konpainiari Israelekiko konplizitatea aurpegiratu zioten milaka herritarrek; herenegun, Gasteizen, Maccabi saskibaloi taldeari gaitzespena erakutsi zioten zaletuek; eta, oro har, hilabete hauetan mundu osoko kaleetara sumindura atera duten milioika pertsonak izango dira tortillari buelta eman eta apartheid erregimenaren gainbehera eragingo duten indar eraldatzailea. •