Ula Iruretagoiena
Arkitektoa
3 BEGIRADA:

Asperdura eta haserrea

Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: Ula IRURETAGOIENA BUSTURIA

Hirigintzaren eta arkitekturaren idatz-lerro publikoetan tartea izan eta Urdaibairako ez-museoaren aipamenik ez egitea kontentzio ariketa bat da. Badu interesik esateak nola albistearen karira zenbatek atera duen aspaldi idatzitako testu-erreferentziaren bat, iraganean idatzitakoaren egunerokotasuna gogoraraziz. Zeren ez-museoaren ideia zoriontsua aspaldiko kontua da, zeren museo baten eraikuntzaren defentsa kultura eta ekonomiaren berpiztearen alde egitea dela esatea argudio zaharra eta aspergarria da. Haserrearen ondorengo asperdura da agian, edo bi sentsazioen nahasketa bat. Baina benetan ba al dago inor kulturaren defentsarako eraikin bat dela sinesten duenik? Agian sinesgarritasunak badu gorbatadun gizon baten irudi ahaltsuaren arketipoarekin zerikusirik edo amerikanoaren etorreraren ametsarekin, bestela ez da konprenitzen. Zeresanik ez; eraikin bat polemikaren erdian bada ere, ez dago arkitekturaren ez eta arte eta kulturaren inguruko eztabaidarik, politikagintzaren taktika-mugimenduak baizik, eta asperdura argudioak barra-barra. Politikagintzaren mahaian, berriz, une honetara iritsita, eztabaida-partida polarizaturik dago, aldeko eta kontrakoen artean, polarizazioak sortzen duen argudio sinplifikatuetan eroria. Eskerrak Argia saria 2024 jaso berri duen giza mugimenduaren plataformaren lanaren oihartzun indartsuari, beste tenperatura bat eskaintzen baitio egoerari.

Donostian berriz, Manteo auzoko Basque Culinary Center eraikuntza hasi da, hemen ez da luzapenik egon. Eta obraren hasierak utzi duen paisaia inpaktantea da, sare sozialetan zabaldu dira hainbat irudi, egitera doazena ondo erretratatzen dutenak. Lekuarekin arrasatu dute: orubean zeuden zuhaitzen erailketa burutu dute eta espaloiaren zabalera banatu obraren babes hesirako hormigoi solidoa botaz. Hemen ere auzo-mobilizazio indartsua egon da, baina hemen ere ez da eztabaida eta hausnarketa saio irekirik egin, eta eraikin berri baten inposaketa etorri da. Seguru naiz azpiegitura hauen atzetik dauden intra-historiak ez direla aspergarriak, baina haserrea mugitu zezaketen kiskaltzen duen tenperaturara iritsi arte.

Asperdura eta haserre emozioen aurrean, espainiar estatutik datorren ekintza interesgarri baten eskutik, bestelako emozio bat. Hirigintzak lurraldean sortzen duen haustura sozialaz jabetuta, ikerketa bat burutu dute etxebizitzaren tamaina, Google Maps-en geolokalizazioak eta errentaren datuak gurutzatuz, beste datu batzuen artean. Mapa sortetan ikusgai da hirietako azpiegiturek ez dutela asperdura eta haserrea bakarrik sortzen, baizik eta segregazio sozial handi bat turismoaren izenean. Eta guztion begietara jarri dituzte, diagnosiaren ondoren hainbat neurri zuzentzaile iradokiz. Argudio hutsalen aurrean, errealitate bat bistaratzen duten mapak. •