IN FRAGANTI

June Madariaga

Itsasoa eta nabigazioa maite zituen neskak ez zuen zalantzarik izan ikasketak aukeratzeko orduan. Nautika eta Itsas Garraioko gradua egin ondoren, ikertzeari ekin dio. Oso emakume gutxik aukeratzen dituzten lanbide horien atzean, aukera ugari dago, baina ezagutza falta sumatzen du Madariagak, eta gainera, «gustatu egin behar zaizu».

June Madariaga Navarro Portugaleten, EHUren Nautika eskolaren ondoan.
June Madariaga Navarro Portugaleten, EHUren Nautika eskolaren ondoan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Magnetismo puntu indartsua dauka itsasoak, baita ukitu basatia ere. Bere edertasun eta izaera bukolikoaren erdian, errespetua jartzen du. EHUren Nautika eskolan gaude, itsasadarrari begira, Portugaletek Santurtzirekin duen mugan, portutik oso gertu, itsasoarekin lotutako ikasketa ez hain ezagun horiek amaitu eta ikerketa munduan lehen urratsak egiten ari den emakume gazte baten ibilbidea ezagutzeko. Oso emakume gutxik aukeratzen dituzte nabigazioaren inguruko ikasketak. Ezagutza falta egon al daiteke horren atzean? In fraganti honen protagonistaren ustez, gakoetako bat izan daiteke hori, oraindik askorentzat ezezaguna den formakuntza dela, baina ez da arrazoi bakarra.

Oinezkoentzako pasabide luze bat igarotzen da EHUren Nautika eskola eraikin handiaren paretik. Lagun ugari dabil handik, goiz eguzkitsuan. Negu epel honetan, kostaldean ibiltzen ohi den haize horrek hotz sentsazioa areagotzen du. Ez da, halere, ohiko neguko giroa. Eskolako kanpoaldean egin du hitzordua GAUR8k June Madariaga Navarrorekin, (Portugalete, 2000). Nautika eta Itsas Garraio Graduko ikasketak egin ditu bertan, masterra ondoren, eta burutzen ari den doktoretzak ikerkuntzara eraman du. Itsas boilak baliatuz lantzen ari den ikerlana azalduko digu.

Nabigazioko tresna ezberdinez inguratuta, hondoratzeetan erabiltzen zen salbamendu batel zahar bat dugu aurrean, «itsasontzi handietan erabiltzen den batel ez-azkarra da, baina hau oso zaharra da», azaldu du Madariagak. Itxura ezagunagoa duen beste txalupa bat dago aipatutakoaren ondoan, bigarren hori erabiltzen jarraitzen dute, eta hori ere salbamendu txalupa da. Izan ere, ikasketetan jorratzen den ikasgaietako ba da salbamendua, eta hori erabiltzeko aukera izaten dute, «apur bat itsasoaren mundua gertutik ikusteko», zehaztu du.

Renfeko trenak ondo-ondoan du geltokia. Errepidea gurutzatu eta aurrean altxatzen da eraikin itzela. Porturatutako transatlantiko handi baten itxura hartzen du. EHUko Nautika eskola da, eta, Unibertsitatearen antolakuntzan, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren barnean dago. Nabigazioarekin lotutako gradu ezberdinak eskaintzen dira bertan.

Oso emakume gutxik aukeratzen dituzte nautikarekin lotutako ikasketak, eta gutxiagok lortzen dute titulazioa. «Hasi nintzenean asko sartu ginen, baina orain gutxiago gaude, eta Itsasketako graduan askoz gutxiago. Nautikan bost bagara, Itsasketan bat dago», kontatu du. Bere ustez, mundu hori oso tradizio maskulinizatu batetik dator, eta oso emakume gutxi erakartzen du oraindik. Egun horrela ez bada ere, «lehen emakumeek ezin zituzten ikasketa horiek egin», eta horri erantsi behar zaio ez direla oso arlo ezagunak: «Ez dakit -gizonezkoen lanbideekin lotutako- tradizio hori den edo ez diren aski ezagunak, zeren gradua ez da oso ezaguna. Batzuek ez dakite ez gradu bat denik ez zertarako balio dezakeen».

Bere kasuan, berriz, hautua ez zen zaila izan. Etxetik jaso du, neurri handi batean, itsasoarekiko eta nabigazioarekiko nolabaiteko zaletasuna. Aita arrantzalea du Armintzan, aititeetako bat makina-burua zen merkataritza-ontzi batean, eta besteak «lotura handia zeukan itsasoarekin». Bazuen, beraz, ingurunearekiko gertutasun bat, baina gauza bat da afizioa eta beste bat ofizioa, eta kontatzen duenez, ikasketak aukeratzean, kezka puntu bat izan zuten etxekoek, «neska nintzelako, oso gizonezkoen mundua delako...».

Hala ere, ausardiaz jokatu zuen, gustuko zuen hura defendatuz, eta ikasteari ekin zion. Hasierako urte horietako oroitzapenetan igeri eginez, lehen urtea gogorra dela dio, «zeren fisika, matematika, kimika, ingelesa...daude, oso ikasgai gogorrak, baina gero oso polita da, badituzu simulagailuak...». Praktikekin lotutako alde hori zuen gogokoen, baina, onartu duenez, «mundu hau gustatu behar zaizu».

Badira azpimarratzen dituen beste ezaugarri bi: ikasleengandik jasotako laguntza eta aurrera jarraitzeko bultzada, eta EHUk eskaintzen dituen instalazioak. Hogeita hamar bat emakumezko hasi ziren lehen urtean, baina graduak aurrera egin ahala kopurua jaisten joan da. Horrek talde txikitako gelak eragiten ditu, eta ikasle gutxi izateak badu abantaila: «Denok ezagutzen dugu elkar, eta harreman hurbila izaten da ikasleekin». Izan ere, irakasleengandik jasotako laguntza eta animoak azpimarratu ditu. «Bi tutore dauzkat, Imanol Basterretxea eta Maria de las Mercedes Maruri, «baina beste askok laguntzen didate, Irantzu Sotesek, Javier Basterretxeak..., ikertzen jarraitzera animatu naute».

Saltillo eta lehen esperientzia

Madariagak egin duen graduak nautikan eta itsas garraioan gaitzen dute ikaslea. Tituluarekin, besteak beste kapitaina eta ofiziala izan daiteke merkataritza-ontzietan. Kapitaina izatera heltzeko ofizialaren postutik igaro behar da, eta hirugarren, bigarren eta lehen mailako ofizialak daude. Kapitainentzat, gainera, nahitaezkoa da masterra izatea eta praktikak egitea. “Saltillo” buke eskolan egin zituen June Madariagak, lan munduarekin lehen kontaktu praktikoa izan zen, eta dioenez, «asko ikasten da».

«Hasteko, itsasontzi batean nola bizitzen den ikasten duzu, hari-muturrak, nola erabiltzen diren… eta bertan lo egiten duzu». Eskolarik ez dagoenean egiten dira praktika horiek, ez dira bidaia luzeak, baina itsasontzi batean izango duzun egunerokoa ikasten da, guardiak...», dio.

Formakuntzaren ostean, benetako lan ingurune batean egindako praktikak heldu ziren, erronka gogorrago bat, hilabetez etxetik kanpo egoteak suposatzen duen guztiarekin. Karga orokorreko itsasontzi batean izan zuen lehen esperientzia hori, eta besteak beste, Asturias, Galizia, Italia edota Norvegiako itsasoetatik igaro zen. Emakume bakarra zen tripulazioan eta ez zen bakarra izan: berarekin praktikak hasi zituen beste lagun bat ere emakume bakarra izan baitzen enpresa bereko beste itsasontzi batean.

Esperientziak lanbidera hurbiltzeko balio izan zion, «eta polita izan zen itsasoan egotea, gustuko nuen, gustatzen zitzaidana egiten ari nintzen, eta lanbidean gehien gustatzen zaidana dinamismoa da, gauza ezberdinak egin ahal izatea», azaldu du.

Ez du oroitzapen txarrik emakume bakarra izatearren. «Badakit ez dela beti horrela izaten, itsasontzi batzuetan ez dituzte ezta emakumeak hartzen ere, baina nire esperientzia ona izan zen, lankideek ondo tratatu naute, harreman ona izan dut beraiekin baita oraingo lanean ere», dio.

Itsaso zabalean egin beharreko lau orduko guardia horietan beldurra sentitzera heldu den galdetuta, ez irmo batekin erantzuten du. Itsasoa ez dago beti bare, baina, dioenez, beldur uneak bizitzera ez da inoiz heldu. Kapitulu horrekin lotuta, Portugal aldeko “Hiru Mariak” ezagutzeko aukera izan zuela kontatu du. Azaldu duenez, hiru olatuk osatzen duten fenomenoa da, errepikatzen den zikloan. «Hor nahikotxo zorabiatzen zara, baina ez da beldurgarria, beldurra behintzat ez dut izan. Niretzako olatua handi izatea une kritiko bat izan daiteke, baina olatuek itsasontzia inguratzea... ez da ohikoa den zerbait, gerta daiteke, baina normalean bidaia onak izaten dituzu», dio portugaletetarrak.

Harrotutako itsaso ikaragarri baten irudi horrek irribarrea sorrarazi dio, «planeta ura da lurra baino, eta gero itsasoak ematen dizun hori dago», agertu du Madariagak: «Beste inon ikusten ez dituzun gauzak ikusten dituzu itsasoan, zerua, izarrak… hemen ere ikus daitezke, baina ez da itsasoan bezala ikusten».

«Zure bizitza gelditzen da»

Onartu du, halere, nabigazioak bere alde gogorra ere baduela, «etxetik urrun egotea da gogorrenetako bat. Zure jendea ez ikusi ahal izatea, eta zure bizitza geldirik geratzen den sentsazio hori», aipatu ditu. Sentipen horretan sakondu du: «Itsasontzian lan egiten duzu, baina ematen du zure bizitzak berdin jarraitzen duela, etxean utzi duzuna geldi geratu dela, baina bueltatzen zarenean ikusten duzu gauza berri asko gertatu direla, eta zu kanpoan egon bitartean aldatu dira. Jende batek gustuko du hori, baina».

Itsasontziko lanorduetara itzulita, 8.00etatik 12.00etara guardia egin, lotara edo atseden hartzera joan eta beste lau ordu lanera itzultzearekin loturako dinamika azaldu du. «Zubian egon behar duzu, itsasontzia gidatu, eta gero lan asko dago, paper asko egin behar da, adibidez», azaldu du lan plan horren inguruan.

Praktiken ostean, lurrean aurkitu du ikasketekin lotutako lana, porturatzen diren itsasontzien kargak egiaztatzen ditu. Portura heltzen diren itsasontzi zehatz batzuen kargak begiratu eta horien agiriak sinatu behar ditu. «Nire lana da karga aztertzea eta egiaztatzea itsasontzi horrek zer karga sartu duen», azaldu du bere oraingo lanaz.

Hitzordua egin dugun egun horretan bertan, solasaldia izan aurretik portura joan behar izan du ikuskapen bat egitera. Azaldu duenez, dutxa hartu behar izan du aurrena; fuel-olioa zen aztertu beharreko karga. «Ordutegirik ez daukan lana da, itsasontziak sartzen direnean sartzen dira. Normalean, baduzu gutxi gorabeherako ordutegi bat, baina askotan orduak ematen dituzu portuan itsasontziaren zain, eta gero hainbat agiri bete behar duzu, paperak...».

Egun, emakume bakarra da ikuskapenak egiten dituen enpresan. Petrolio-ontzi eta gas-ontziekin lan egin behar izaten du nagusiki, eta ez da arazoa berarentzat. Erantsi duenez, segurtasun neurri zorrotzak daude, gainera, kargen manipulazioaren inguruan.

Lanera portu aldera egindako joan-etorri horiek doktoretzarekin uztartzen ditu, eta horrek ikerketa mundura hurbiltzeko aukera eman dio..

Buia sistema da ardatz nagusia, eta horren bidez informazioa eskuratzeko baliatzean datza ikerlana. Segurtasunarekin lotuta dago, aisialdiko erabileretan edo lan jardueretan laguntzea baita asmoa. Sunival enresarekin ari da azterlana burutzen.

Buia bat jarri dute Sopelan, eta bildutako datuen azterketan ari da lanean orain. Atal horretan sakondu behar du doktoretzan. «Gauza da ikustea olatuen portaera nolakoa den, tenperatura...», hondartzetako erabiltzaileentzat eta nabigazioan aritzen direnentzat informazio baliagarria emateko. Lehen urtea da, baina ikerkuntzan, nabigazioan edota portuaren babesean hasi duen lanbidean, maite duen itsasoari eskainitako urte asko geratzen zaizkio June Madariagari. •