10 FEB. 2024 3 BEGIRADA: Alferrik ez galtzeko app-ak: Berreskuratu janaria klik batekin! Elikagaiak alferrik ez galtzeko aplikazio gero eta gehiago daude. (GETTY) Miren BERMEJO LLOPIS Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHU Teknologiak gure eguneroko ohiturak moldatzen dituen garai batean, elikagaiak alferrik galtzearen aurkako aplikazioak agertu dira. Too Good To Go bezalako adibideek zeharo aldatu dute jatetxeetako, hoteletako eta dendetako gehiegizko elikagaiak atzitzeko aukera, ingurumen-inpaktuaz arduratzen diren kontsumitzaileentzat irtenbide berritzaile eta eskuragarria eskainiz. Plataforma teknologiko horiek zubi bat eskaintzen dute iraungitze-data oso hurbil duten elikagaien eta erabiltzaileen eskariaren artean, honela, alferrikako galera murriztuz eta erabiltzaileentzat erakargarriak diren prezioetan produktuak eskainiz. Honela, ahoa jaki gozoekin betetzen duzun bitartean, ingurumenari mesede egiten diozu janari horrek zaborretan bukatu ez dezan eta hondakinek uzten duten ingurumen-aztarna txikitu dadin. Teknologiaren eta iraunkortasunaren arteko erlazioa agerian geratzen da aplikazio horien muinean. Kontsumitzaileei bestela baztertuak izango liratekeen elikagaiak eskuratzeko aukera ematean, kontsumo arduratsuagoa sustatzen dute. Gainera, plataforma horiek zuzenean laguntzen dute Nazioa Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuetan, bereziki 12. GJHan (Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsuak), elikagaien galera arintzen dutelako eta kontsumo-praktika iraunkorragoak sustatzen dituztelako. Aplikazio horien bitartez elikadura-hondakinek duten errealitatea erakutsi daiteke, hainbat eta hainbat jatetxe, supermerkatu eta beste agertzen baitira ia une oro beraien soberakinak eskainiz. Honela, erabiltzaileak hondakinak murriztearen garrantziaz sentsibilizatu eta arazoaren tamainari buruz hezi daitezkeelarik. Aplikazio hauek elikagaiak alferrik galtzea murrizteko irtenbide berritzaileak eskaintzeaz aparte, erronkak ere badituzte. Kezketako bat kontsumismoa sustatzean datza; izan ere, behar baino gehiago erostera bultza daitezke erabiltzaileak, produktuak prezio merkeetan eskuratu ahal izango direlako. Gainera, kostu baxuko elikagaien etengabeko eskaintzarekin, produktuetatik hautemandako balioa murrizteko aukera dago, eta horrek ondorioak izan ditzake kontsumitzaileek eskaintzen diren elikagaien kalitateari buruz duten pertzepzioan. Aplikazio hauen beste desabantaila bat mendekotasun teknologikoan datza. Zerbitzu horiek ohikoagoak bihurtu ahala, erabiltzaileak teknologian gehiegi oinarritzeko arriskua dago, elikagaiak prezio merkeetan lortzeko, hauek eskuratzeko modu tradizionalagoak eta orekatuagoak alde batera utzita. Beraz, batetik, elikagaien kudeaketan etorkizun iraunkorragoa lortzeko aukera izan daitezke aplikazio hauek, eta hondakinak murrizteko duten garrantzia agertu dezakete, baina bestetik, horien eraginkortasuna kontsumo-ohiturak barneratzeko moduaren araberakoa da neurri handi batean. Funtsezkoa da erabiltzaileek beren zeregina ulertzea, prezio merkeko produktuak eroste hutsetik harago, kontsumo arduratsua sustatzeko erantzukizuna aitortuz. •