10 FEB. 2024 INFRAGANTI Gorka Cintero, fikziozko Balenciagari josten erakutsi diona Hiru hamarkada daramatza jostun bezala lanean Gorka Cinterok. Getariako sortzailea gorpuztu duen Alberto San Juan aktorearentzat coach lanak egin ditu Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok zuzendutako “Cristobal Balenciaga” ekoizpenean. Eta berdin, bertan parte hartu duten figuranteentzat. Gorka Cintero, Donostiako Gros auzoan duen espazioan. Tailerra eta saltokia ditu bertan. (Gorka RUBIO | FOKU) Xole Aramendi Kolore guztietako errotulagailuak, oihalak piloan jarrita. Eta soineko baten zirriborroa, arkatzez eta koloretako margoez egiten ari dena. Hauxe Gorka Cinteroren (Donostia, 1978) Groseko tailerrean mahai gainak erakusten duen irudia. Hormetara itsatsitako astoetan, soinekoak. Kolore bizidunak. Badu eskarmentua Gorka Cinterok jostun bezala enkarguz jantziak -ezkontzetarako edo okasio berezietarako soinekoak batik bat- egiten. “Cristobal Balenciaga” seriean bizitako esperientzia konta diezagun etorri gara bere lantokira. Ezustean jaso zuen Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren proposamena, Alberto San Juanen eta figuranteen coach lanak egitea. Oihartzuna ari da izaten Disney + Plataformaren ekoizpena. Bere aletxoa jarri du bertan Cinterok. Batetik, akzioa definitzen. «Eszena antolatu behar duzu koreografia baten gisa, sinesgarria izan dadin. Pertsona bat ezin da etengabe akzio bera egiten eduki hizketan ari den bitartean, esaterako. Guk hitz egiten dugu josten ari garenean, baina ekintzan aurrera goaz bitartean. Gogoan dut Winona Riderren eszena bat ‘La edad de la inocencia’ filmean. Bastidorea du eskuan. Jostorratza beti leku berean dauka, eta ni detaile horrek atera egiten nau filmetik. Horrelako detaileak zaindu egin dira seriean». Bestetik, aktoreei puntadak nola eman azaltzen. «Gauzak nola egin gomendioak ematen nizkien. Botoi bat josi behar baduzu, nola egin jakin behar duzu. Ez da baleari arpoia sartzea!», dio barrez. «Mahuka bat askatzeko, guraizeak ez dira haria ebakitzeko bezala hartzen. Urteen poderioz hartzen dituzun postura eta keinuak dira». Xehetasun txikiak ezjakinarentzat, baina ezinbestekoak ofizioa dutenentzat. «Bada zerbait asko tematzera eraman ninduena. Hasteko, titarea -mahaian duen bat hartu du-. Goi joskintzako jostunik ez dago titarerik gabe josten duenik.» Ez baita batere erraza jostorratzik eskuan apenas hartu duen norbaitek joskintzaren sekretuak ezagutzen dituenaren plantak egitea. Are gutxiago une askotan kamerak lehen planoak ateratzen dizkienean eskuei. Iruritan grabatutako sekuentzian egin zuen Cinterok bere lehen parte-hartzea. «Josteko makinak benetan funtziona zezan eskatu nien. Ez da nahikoa makinaren zarata, funtzionatzen duela ikusi egin behar da. Grabaketan borroka handietako bat ebakitzen zuten guraizeak lortzea izan zen. ‘Polita geratzen da’, esaten zidaten, ‘bai, baina ez du mozten’, erantzuten nien. 1950, 1960 eta 1970eko atrezzoa izatearen eragina da. Atrezzoko kideak ez dio horri garrantzi handirik emango, baina ikusleak sinetsi egin behar du». 1930etik 1970eko hamarkadara dagoen tartea hartzen du serieak, beraz, gaur egun desagertu diren pauso edo molde ugari zituen prozesuak. Honek beste zailtasun bat gehitu dio proiektuari. «Aritzea, ez dago besterik» Josten ikasteak denbora eskatzen du. «15 urte nituen josten ikasten hasi nintzenean eta 45 urte ditut orain. Eta oraindik seguru badagoela egin ezin dudan gauzarik. Ez da zortzi hilabetetan ere ikasten. Une jakin batzuetan dakizunaren plantak egin ditzakezu, betiere aurrez entsaiatutako posturak eginez. ‘Hau horrela heldu, atzean eskua jarri…’, esaten nien. Senez ez zaizu egoki ateratzen. Eskuz egin beharreko ofizio denak bezala, aritzea, ez dago besterik». Eta Cinterok ez zuen ezertarako astirik izan. «Albertori sekuentziak grabatu ahala erakutsi nion. Amaieran gauza batzuk oso ondo ateratzen zitzaizkion. Ni ikusiz eta nola egin behar zuen entzunez, primeran ateratzen zitzaizkion hainbat ekintza. Seguru badaudela fisikoki Balenciagaren antza handiagoa duten hiruzpalau aktore, baina ez zara gogoratzen Alberto San Juan dela», azaldu du. San Juanek berak esana da Cristobal Balenciaga gorpuzteak buruz zein fisikoki bere gaitasunak gainditu dituela. «Zoragarria da, sugeen xarmagarria da. Oso giro ona jartzen du grabaketan. Era berean, oso esanekoa da, nirekin hala izan da, behintzat. Oso edukatua, oso eskertua zegoen eman ahal niezaiokeen laguntzarengatik. Uneren batean blokeatu egin zen hain erraza ez zela izango ikustean. Coach batek lasaitasuna ematen dio, ‘ondo dago’ esanez. Hasieran erreparoa ematen zidan eszena gerarazteak, baina gero ikusi nuen, zerbait gaizki bazegoen, hori zela egin behar nuena. Aktoreekin oro har oso esperientzia ona izan dut, ez diot aurpegi txarrik ikusi inori. Ez dakit beste proiektuetan gauza bera den, zalantzak ditut», dio jostunak. «Pertsonaia sortzen eta hizkuntzatan nolabait trebatzen zentratu zen Alberto -euskaraz eta frantsesez ere egin du seriean, gaztelaniaz gain-. Baina ez zion batere garrantzirik eman josteari hasieran. Seriearen arduradunek ere joskintza bigarren planoan utzi zuten. Zer gertatzen da? Balenciagari buruzkoa dela. Ez da auzoko jostuna. Balenciagak oso ondo josten zuen. Eta ez hori bakarrik: bere ofizialen joste-portaerak bere irudira eta antzera aldatzen zituen. Paroxismora iristen zen. Ez da nahikoa itxura ematea. Harago joan beharra daukazu», adierazi du. Balenciagaz zer esan? «Bere garaian handiena zen. Eta gaur ere izugarrizko kultua pizten du. Bere siluetak, lineak, oihalak… ez dira egungoak; haratago, modernoak dira. Niretzat garairik interesgarriena adinekoa zenekoa da. 70 urte inguru zituen erretiroa hartu zuenean. Eta azken unera arte oso aurrerakoia zen, esperimentala. Ez zen konformatzen ohikoarekin, emaitza ona ematen zionarekin. Bere lanean dena ematen zuen, eta pertsonaiaren alturan egon behar duzu». Argiak zein itzalak Sortzaile handiaren argiak bakarrik ez, itzalak ere iradokitzen ditu ekoizpenak. Izan bazituen. Badu meritua Cinteroren ustez lanbidea zein bizitza pribatua hainbeste babestu zituen pertsona ardatz duen seriea egiteak. «Nola egin erakargarri? Hain itxia zen pertsona baten inguruko seriea egitea arrakasta dela esango nuke. Kontuan izan bizi izan zuen une historikoa, gaya izanda. Au-Pair bezala Parisen lan egindako emakume bat ezagutu nuen. Balenciagaren bizilaguna zen. Balenciagaren bikotea, Wladzio Jaworowski aipatu zidan berak 2007-2008an. ‘Oso guapoa zen. Beti elkarrekin ikusten nituen, biak bizi ziren gure ondoko etxean’, esan zidan». Oso urriak dira argitara emandako Balenciagaren elkarrizketak. Kazetariak idatzitako profilak ziren Cinteroren iritzian, elkarrizketak baino. «Hiruzpalau gertaera hartu eta elkarrizketa muntatzen duzu. Balenciaga ezagutu zuten zenbat pertsona daude egun bizirik? Ez asko. Bada kontxu bitxia. ‘Nire amona Balenciagaren bezeroa zen’, ’Nire izekok Balenciagarentzat egin zuen lana’, esanez datoz hainbat nire tailerrera. Kontuak ateratzen hasi eta, ze adin zuen zure izekok garai hartan? 8 urte?, denborak ez datoz bat. 1898an jaio zen Balenciaga eta ez zen 109 urte bizi izan!», esan du, barrez. Gustura dago emaitzarekin. «Beldur pixka batekin joan nintzen seriea ikustera eta izugarri gustatu zait», aitortu du. Hiru zuzendariez galdetzean, hauen perfekzio nahi nekagarria nabarmendu du. «Nork bere ikuskera du. Goenaga estetika zalea da, Garaño akziora bideratuta dago gehiago eta Arregik oso ikuspegi pertsonala dauka; hirurekin primeran moldatu naiz», dio. Jantzigintzaz arduratu den lantaldea ez da nolanahikoa izan. «2.000-3.000 figurante janztea ikaragarria da! Look osoa prestatu behar duzu, goitik behera. Kontuan izan publiko zabalari zuzenduta dagoela seriea. Ez zinemazaleei bakarrik, moda gustuko dutenei ere bai. Eta azken hauek aztertu egiten dute ikusten dutena, eta gero kritikatu egingo zaituzte. Oso ondo zainduta egon behar du. Eta zuzendariek arduraz hartu dute gaia, nahiz berandu ikusi duten agian bere garrantzia». Bina Daigelerrek -ibilbide artistiko nabarmenaren jabe da alemaniarrak- sortu ditu diseinuak. Jantzigintza alorrean 30 pertsona inguru aritu dira bere aginduetara. «Aktoreak janzten dituztenak, figuranteen arropaz arduratzen direnak, grabaketan dauden bizpahiru jostunak beharrezko konponketak egiten... Pepo Ruiz Doradok eta Charo Diegok antolatu dituzte talde denak. Charo, gasteiztarra, bere eskuin eskua da. Zoragarria da, oso langilea. Elkarrekin egiten dute lan proiektu denetan. Arduradun batek lana ondo antolatzen dion norbait aurkitzen badu, ezin du bera gabe moldatu. Nolako lana egin duten! Ez dira zortzi orduko lanaldiak izan, ondo dakit hori. Laguntzaileak ere badaude, zinemagintzan hanka bat sartu nahi dutenak». Madrilgo tailerrean jantzien erreplikak egiteaz arduratu zirenak gehitu behar zaizkie. Beste 8-9 kide, 2022ko Aste Santuaren aurretik ekin ziotenak lanari. Cinterorentzat apirilean hasi zen abentura. Ederra bezain neketsua. Disney + plataformak dezente atzeratu du estreinaldia, orain ikusi baitu argia serieak. Orduan jaso zuen zuzendarien deia. Bizipen betea izan zen, lana gehituz joan zitzaion. Figurante lanak egiteraino. «Julen Maiz jostunaren bitartez iritsi ziren nigana zuzendariak. Grabaketa uztailean hasi zen eta nirekin harremanetan apirilean jarri ziren. Alberto San Juani gauzak nola egin irakatsiko zion norbaiten bila ari ziren. Hasieran lauzpabost saio egin behar nituen, Oiartzungo Zinealdean. Lehen planoetan Albertok josi zezala nahi zuten, ez zedila itxurakeria hutsa izan. Azkenean, lau hilabeteko lana izan zen, lanez lepo nenbilen garaian, gainera», dio. Ander Sistiaga ekoizleak hala esan zion: «‘Gran Hermano’ bezalakoa da, baina 200 pertsonekin». «Ekoizleen lana izugarri neketsua da. Hainbeste fronte dituzte irekita… Dior etxearen baimena lortzea bere arropa erabili ahal izateko, esaterako, nahiz erreplikak diren. Eta hauek Parisko Caraco izeneko dendan egin behar dira, ez beste inon. Aldiz, Chanel etxeak oihalak eta guzti utzi zituen. Eta Saint Laurent etxeari dagokionez, egun Balenciagaren etxekoa denak, ez zuen bere saltokian grabatzea baimendu. Serieak oso intrahistoria barregarria dauka. Momentuan, noski, ez du batere graziarik egiten», kontatu du. Getarian, Donostian eta Parisen grabatu da, besteak beste. Zortea izan dute zuzendariek. «Parisko dendaren irudiak benetakoak dira, etxeak orduantxe eraberritu zituen-eta saloiak goi joskintzako paseak egiteko. Ez dute modernoa egin, garai bateko itxura eman nahi izan diote». Getariar jostunak nola hartuko zukeen seriea? «Ileak laztuko zizkion. Seguru nago. Ez seriearen kontzeptuak, baina inork bere bizitzaz seriea egiteak legena eragingo zion. Grazia ere egingo zion eta barre algarak egingo zituen. Hau dena ustea da, noski. Estetikoki asko gustatuko litzaioke, seriea bikaina da». Arte zuzendaritza -«ikusgarria»- nabarmendu du. Aurrekontu neurtuz egina, gainera. «Baditu ahalbideak, baina ez amerikar serie batek edo BBCren ekoizpen batek izan ditzakeenak. 12 milioi euro inguruko aurrekontua izan du nik dakidanaren arabera, eta sei kapituluko ekoizpen handia egiteko justukoa da. Javier Agirre da argazkilaritza zuzendaria». Oreka. «Teknikoki errealista eta perfektua denaren eta zuzendariek bilatzen dutenaren edo haien buruan ikusi dutenaren arteko oreka izan da zailena. Eurek ohartarazi ninduten, ‘egun jakin batzuetan zure aholkuak ez ditugu kontuan izango’. Jakinaren gainean zaude errealitatean ez dela horrela egiten eta kosta egiten zaizu ondo dagoela esatea. Kameran ondo ematen du, baina inork ez luke modu horretan egingo. Baina aitortzen dut polita dela». Cinterorentzat, azken emaitza ikusteaz gain, ederra da lantaldearen partaide izatearen sentipena. «Proiektu batek ilusioa pizten duenean, nabaritu egiten da. Horren parte izatea oso polita da. Eta betiko geratzen zaizu», esan du. Figurazio lanak ere egin ditu hiru ataletan. «Bibotedun gizon baten bila zebiltzan eta nik hala nuen garai hartan. Parisko jostundegi arduraduna bihurtu nintzen, Sebastian. Ia ohartzerako han ikusi nuen nire burua! Tupea buruan, bibotea eta bizarra eginda. ‘Oso serio zaude’, esaten zidaten zuzendariek. Ni leher eginda nengoen! Ez zen antzeztea izan, nire lana egitea izan zen, grabatzen ninduten bitartean». • «Eszena antolatu behar duzu koreografia baten gisa, sinesgarria izan dadin. Pertsona bat ezin da etengabe akzio bera egiten eduki hizketan ari den bitartean, esaterako». «Albertori [San Juan] sekuentziak grabatu ahala erakutsi nion. Amaieran gauza batzuk oso ondo ateratzen zitzaizkion, ni ikusiz eta nola egin behar zuen entzunez». «Diorren erreplikak Parisko Caraco dendan egin behar izan dira, Chanel etxeak oihalak eta guzti utzi zituen eta Saint Laurent etxeak ez zuen bere saltokian grabatzea baimendu» «Teknikoki errealista eta perfektua denaren eta zuzendariek bilatzen dutenaren edo haien buruan ikusi dutenaren arteko oreka izan da zailena»