GAUR8 - mila leiho zabalik
AMETSEN ETXEA

Zer egin haur eta nerabe ijito nafarrak beren bidean laguntzeko?

«Ametsen etxea» haur eta nerabe ijito nafarren ametsak biltzen dituen erakusketa da, bisitariak haien zapatetan jartzera eta gogoetatzera gonbidatzen dituena. Gaz Kalo Nafarroako ijito elkarteen federazioak sortu du, eta Iruñeko Buztintxuri auzoko bere bulegoan dago. Gutxienez maiatzera arte egonen da zabalik.

Ibilbide bat egin dugu areto eder honetan barrena, haur eta gazteak eta beren ametsak ezagutzen joateko. (Aitor KARASATORRE | FOKU - GAZ KALO)

Maria Borja eta Bea Segurola Gaz Kaloko langileak dira. Iruñeko Buztintxuri auzoko bulegoan, Gipuzkoa Etorbideko 40. zenbakian ireki duten “Ametsen etxea” erakusketaren dinamizatzailea eta gida da lehena, gizarte langilea da bigarrena.

Federazioak bi urte daramatza Sevillako Unibertsitatearekin elkarlanean. Hona etorri ziren haur ijitoak laguntzera, ikasketetan eta beren helburuetan motibatzera, eta hara gonbidatu zituzten, “La Casa de los Sueños” erakusketa ezagutzera. Hainbertze gustatu zitzaien, non hona ekarri baitzuten ekimena.

“La Caixa” gizarte ekintzak eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Sailak finantzatu dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren babesa ere badu.

Ideia Sevillatik ekarri bazuten ere, erakusketa hagitz ezberdina osatu dute. Zazpi paneletan, Nafarroako hainbat herri eta adinetako 23 haur eta nerabe ijitok handitan zer izan nahi duten azaltzen da. Beren logela izan zitekeena ere irudikatzen da, bi oherekin. Gutxienez maiatzera arte egonen da zabalik, eta gehiago luzatzea espero dute.

Hausnartu

Gogoeta piztea da xedea. Irakasleak, ikastetxeetako bertze langileak eta erakundeetako kideak haur eta nerabe ijitoen zapatetan jartzera gonbidatzen dituzte. Horretarako, tailerrak proposatzen dituzte, bisitarien arabera egokituak. «Ideia da hausnarketa batekin ateratzea: zer egin dezaket, heldu gisa, nagoen tokitik, haur hauei beren ametsak betetzen laguntzeko? Zein da gure lana, erakunde publiko edo ikastetxe gisa, bidean laguntzeko?», adierazi dute Borjak eta Segurolak.

Gaz Kaloren datuen arabera, Nafarroan 8.000 ijito inguru daude, eta horietatik kasik erdiak 16 urtetik beherakoak dira. Gazte aunitz dira biztanleria orokorrarekin alderatuta. Kontuan izan behar da datuak gutxi gorabeherakoak direla, ijito guztiak ez daudelako identifikatuta.

Hamar haurretik zortzik ez dute Bigarren Hezkuntza bukatzen, eta horri buelta emateko ahaleginean ari dira, ederki frogatua dagoelako ikasketarik gabe bizimodu okerragoa izanen dutela.

Erakusketan parte hartu duten haur eta nerabeak Gaz Kalokoak edo federazioaren ingurukoak dira. 13 ijito elkarte biltzen dituen federazio honek 23 urte daramatza ijito herriaren alde lanean. Aurten, haur eta nerabe ugariren ametsak jasotzea lortu dute. Tutera, Iruñea, Tafalla, Zangoza, Lizarra… Nafarroako hamaika herritakoak dira.

Amestu...

Ibilbide bat egin dugu areto eder honetan barrena, haur eta gazteak eta beren ametsak ezagutzen joateko. Brandon, bost urtekoa, Iruñea erdialdean bizi da eta suhiltzaile izan nahi du. Tuterako Adrianak Lehen Hezkuntzako hirugarren maila ikasten du eta abokatu ona izatea du amets. Arrotxapeako Pedrok eta Tafallako Ismaelek futbolari izan nahi dute, baita hiru urteko Unaik ere.

(GAZ KALO)

San Adriango Ainararen bokazioa irakasle izatea da, eta Indirarena eta Violetarena ere bai. Dinak ingeleseko irakasle izan nahi du zehazki.

Ane tuterarrak karate entrenatzaile izan nahi luke. DBHko lehen mailan ikasten duen Sorayak, albaitari. Lehen Hezkuntzako laugarren mailan dagoen Victorrek, rock talde bateko kide.

Bigarren DBHko Laurak, andosillarra bera, psikologo izan nahi du, eta Gisela tafallarrak bere denda atera nahi du aurrera. Amarak arkitekto izan nahi du. Naiarak, medikua, eta Sarak, sukaldaria.

... eta bete

Batzuek bete dute beren ametsa. Jessica Maria Borjaren alaba da, 20 urte ditu. Administrazio kudeaketako bigarren urtea egiten ari da, modelo izan nahi du eta dagoeneko lehiaketa bat irabazi du. Nadia 21 urteko tuterarrak erizain izateko ametsa bete zuen, eta La Romaní ijito elkartean ari da lanean. Sheilak erdi mailako gradua egin zuen, eta gizarte langilea da.

Erakusketaren asmoa da ametsetan motibatzea eta laguntzea. Eta, hagitz garrantzitsua, erreferenteak eskaintzea. «Txikienek ikus dezatela ametsak lor ditzaketela, besteek lortu dituztelako».

Borjak eta Segurolak nabarmendu dutenez, haurrek ereduak falta dituzte, baina gero eta gehiago ari dira sortzen. «Urteetako lanaren ondorioz, emakume erreferente asko ditugu. Poliki-poliki gauzak aldatzen ari dira».

Sarraskiaren lorratza

Unicef elkarteak kezka azaldu du haur ijitoek sufritzen duten pobrezia handiagatik. Babes sistemak indartzea, eskola porrot eta absentismo tasa altuei aitzin egitea, hezkuntza publiko eta kalitatezko bat jasotzeko duten eskubidea bermatzea eta indarkeria mota guztien aurrean adin txikikoak zaintzea proposatu ditu lan ildo gisa.

«Oro har, ijito herriak hainbat jazarpen pairatu ditu bere historian. Horren erakusgarri da kalo hizkuntza ez dela ia hitz egiten Espainian, bai, ordea, Europako beste toki batzuetan. Familia ugari baztertuak dira edo arrisku horretan daude», esplikatu dute “Zure ametsen etxea” ekimenaren bultzatzaileek. Halere, estereotipoek kontrakoa dioten arren, ijito herria hagitz anitza dela azpimarratu dute, baita Nafarroan ere.

Aurreneko bisita-tailerrak

Orain, lehendabiziko bisita-tailerrekin hasi dira Buztintxurin. Haurrekin, emakume taldeekin, irakasleekin eta parlamentariekin ari dira, eta bakoitzak bere ikuspegitik hausnartuko du.

Ikerketa-ekintza metodologia darabilte, erakusketa hau desberdinkeriari, bazterketa sozialari eta ijitoen kontrako arrazakeriari aurre egiteko tresna bat delako.

(Airor KARASATORRE / FOKU)

Haur eta nerabe ijito nafarren azalean jartzeko hainbat dinamika proposatzen dituzte. Horietako bat motxilarena da. Zamaz betetzen dute pixkanaka, eta pisua sentitzen dute: emakume izatea, ijito izatea, etxebizitzarik ez izatea, bananduta egotea, ikasketarik ez izatea... Hortik etorriko da gogoeta: denok ez daramagu motxila bera.

Estefania Ruiz

Estefania Ruiz gaztearen bideoa ere ikusgai dago “Ametsen etxea”-n. Hala kontatzen du bere bizi esperientzia: «Zaila da ijito izatea. Esaten dizuten lehendabiziko gauza da: ez duzu ematen (ilehoria da bera, eta ikasketak ditu). Lehen Hezkuntzako lehendabiziko mailan eskolako kideek uste zuten etxola batean bizi nintzela. Jendearentzat ijitoak jendilajea gara, analfabetoak, lapurrak. Ni harro sentitzen naiz ijito izateaz».

27 urte ditu. Familia umil eta langile batekoa da. «Nire gurasoek ez didate inoiz ezkutatu ijitoa naizela, ez dit barne gatazkarik ekarri. Jaiotzean, batek ez daki zer den arrazakeria. Umetatik entzun izan dut nire lagunak ilea moztera derrigortzen zituztela luzea uzten bazuten ijitoak emango zutelako. Irakasleek esaten zuten: ijito bat ikusten baduzu, aldatu espaloiz. Badakit zer den lagun bat etxe bila joan eta beltzarana izateagatik etxe bat ere ez alokatzea».

«Gure herriaren parte batek egoera zaila bizi du, eta horrek badu bere arrazoia: mendetako sarraskia eta esklabotza».

Gizarte integratzailea da Estefania, eta horretan lan eginez gauza harrigarriak gertatu zaizkio. Bi urtez aritu zen eta, zintzoki, jasaten zituen komentario arrazistengatik eta egoerengatik utzi zuen. Adibidez, berak lan egiten zuen etxeko familia bati erran zioten umea ezin zela bere etxe ondoko ikastetxera joan ez zelako ijitoena.

Ijito herria eta bere historia ikusarazteko sortu zuen Ruizek bere marka: “Mil duquelas puro arte”. «’Duquela’ pena, nekea da, eta pentsatzea sarraskia jasan duten emakumeek hortik artea atera dutela... Badira poetak, idazleak, pintoreak, aktibistak, politikariak, zoragarria da!».

Bere erreferente nagusiak ama eta izebak dira, Madrilgo Pan Benditon hazitako emakume ijitoak. Klasismoari, ijitoen aurkako jarrerei eta matxismoari egin behar izan diote aurre.

Estefaniak emakume ijitoei erranen lieke errebelatzeko, ez uzteko inori nolakoak izan behar duten eta nola bizi behar duten erraten. Bihotzez, harro dago guztiaz: jatorriaz, familiaz, 25 urterekin bere enpresa sortu izanaz. «Gauza asko egin ditut, jende askok ezin nuela esan arren».

«Ijitoak pertsona gisa tratatzen gaituztela amesten dut. Gaiztoa bazara gaizto izateagatik epaitzen zaituztela, eta ona bazara on bezala hartzen zaituztela, berdin du ijitoa edo beltza zaren».

Aliatuak

Izan ere, ijitoek arrazakeria sufritzen segitzen dute oraindik. Maria Borjak eta Bea Segurolak beraiek ere bizipen ugari dituzte kontatzeko estereotipo eta aurreiritziekin lotuta. Adibidez, dendetan segurtasun langileekin izandako arazoak. Gaz Kalo federazioak halako erasoak salatzen ditu.

Ijito ez direnak ijito izateagatik daramaten motxilaz konturatzea nahi lukete, eta elkarrekin aliatu gisa aritzea. Zer egin daitekeen, nola egin daitekeen, eta nola ez, gogoetatzea, hitzen garrantziaz jabetzea.

Bea Segurola eta Maria Borja Gaz Kaloko langileak dira. Gizarte langilea da lehena; erakusketaren dinamizatzailea eta gida, bigarrena. (Aitor KARASATORRE / FOKU)

«Gehiago hurbildu behar dute guregana; ez dugu ausikirik egiten. Esate baterako, gerta liteke gurasoek haur ijito bat eskolara ez eramatea aitona gaixotu delako eta familiaren lehentasuna haren osasuna delako. Batzuetan, ez dira halako portaerak ulertzen», adierazi dute erakusketaren bultzatzaileek.

Gaineratu dute ume eta nerabe ijitoentzat, ikasteaz gain, garrantzitsua dela beren burua defendatzen jakitea, eskubiderik gal ez dezaten. Adibidez, nola egin aurre komertzio batean jasandako eraso arrazista bati edo nola jarri salaketa bat.

Jendarte gisa, funtsezkoa iruditzen zaie ulertzea eskola porrota, bazterketa eta gainerako item negatibo guztiak sufritzen dituztela sistematik kanpo gelditzen direlako eta, hain zuzen, horixe dela nahi ez dutena.

«Saretu beharra dugu: denok bat egin, ijito haurrei dituzten ametsak betetzen laguntzeko, gainontzeko haurrei bezala. Gaz Kalok zubia izan nahi du ijito diren eta ez diren familientzat, baita erakunde publikoentzat ere. Mantso, baina bagoaz aurrera. Baditugu emakumeak gizarte lanean ari direnak, eta hori federazioan lortu dugu. Ulertu behar dugu, eta uste dugu jendarteak ulertzen duela, aldaketa motelak direla burukoak, instituzioenak eta burokraziarenak. Baina atzera begiratzean ohartzen gara zenbat eboluzionatu dugun: lehen, Haur Hezkuntzako matrikulazioez aritzen ginen; orain, berriz, DBH eta Unibertsitatekoez. Aldaketa itzela da», baloratu dute Borjak eta Segurolak.

Politika publikoak

Nafarroako Gobernuak, haurren bazterkeriari eta pobreziari aurre egiteko helburuen artean, bi helburu zehatz markatu ditu: hezkuntza inklusiboa eta kalitatezkoa bermatzea eta inguru osasungarri, positibo eta seguruak sortzea. Bertako ordezkariek erakusketaren inaugurazioan azaldu zutenez, jendarte bezala ezin dugu onartu jaiotzen direnetik haur batzuek prekaritatea eta bazterkeria destino izatea. Politika publikoek denen zerbitzura egon behar dute, baina bereziki zailtasun handienak dituztenen mesedetan.

Gaz Kaloren nahia “Ametsen etxea” erakusketaren bidez Nafarroako ijito haur eta nerabeen garapena, ahalduntzea eta eskolako eta jendarteko arrakasta bultzatzea da. Honako helbide eta telefono hauetan hitzartu daitezke bisitak: info@gazkalo.org eta 948 13 10 01.

(Aitor KARASATORRE / FOKU)

 

NADIA: «BESTEEK LORTU BADUTE, NIK ZERGATIK EZ?»

“Zure ametsen etxea” ekimeneko protagonistetako bat da Nadia Hernandez. Tuterarra da, 21 urte ditu, Gaz Kalo federazioko kidea da, eta gizarte heziketako monitorea. «16 urtetatik ari naiz lanean. Eragile bezala hasi nintzen, eta denetarik izan naiz: kutxazain, lurrin denda bateko saltzaile, fabrikako langile eta ospitaleko erizain laguntzaile, horretarako gradua egina baitut», kontatu digu.

Orain arte ikasteari, bidaiatzeari eta lan egiteari eskaini dio bizitza. 18 urtetatik gidatzen du bere autoa. «Ijito izateagatik ez dut mugarik izan. Mugak norbere buruan sortzen dira».

Gizarte integrazioa ikasi nahi du. Jakin-min handia du gauza berriak deskubritzeko, bidaiatzeko, kultura ugariz aberasteko.

«Nire buruaz oso harro nago. Erakusketan ikusteaz ere bai. Ez dut beste munduko ezer lortu, baina ikasten jarraitu dut, hori ez zela ijitoentzat entzun arren, familiaren babesarekin eta naizen bezalakoa naizelako: berdin zait, lortu dut, bidean topatu ditudan oztopoak gaindituz».

Nadia konbentzituta dago erakusketak fruitu aunitz emanen dituela. Haur eta nerabe ugariri ametsak sortuko zaizkie, beren burua islatuta ikusiko dute bertze batzuengan, eta pentsatuko dute: haiek lortu badute, nik zergatik ez?

Haurra zenean, amets pila bat zituen Nadiak: irakasle izatea, idazkaria... baina inoiz ez ikasi zuena, erizain laguntzailea. «Bizitzako gorabeherengatik Administrazio ikasketei uko egin nien, nahiz eta hori izan berez nahi nuena. Erizaintzan gozatu egiten dut».

Beti izan ditu ametsak, eta amaren bultzada. «Zuk bidaiatu, ez ezkondu. Atera, ikasi, joan eskolara, borrokatu», animatu izan du. «Ijitoa naiz eta ez dut amak adinako arrazismorik sufritu, baina sufritu dut. Horren ondorioz, esaten nuen ez nuela ikasi nahi, ongi nengoela etxean. Eta amak: animo! Borrokatuz gero, lortuko duzu. Nire herriak ametsak betetzea nahi dut, ez daitezela desmotibatu norbaitek ijitoek ez dutela ikasten esan dielako».

«Agian, babesik ez baduzu, gehiago kostako zaizu. Zer esanik ez denak eragiten dizun adin horretan. Ni tristatu egiten nintzen, baina azkenean gogorragoa egiten zara». Osaba Richarden laguntza ere eskertu nahi du Nadiak.

«16 urte nituela, aita galdu nuen. Laugarren mailan nindoan eta hilabeteak egon nintzen joan gabe. Oso gaizki pasatu nuen. Ikasgaiak errekuperatu behar izan nituen, bigarren hiruhilekoa egunean eraman nuen, baina jakin-min horrek balio izan zidan; hainbeste babestu nintzen ikasketetan, non nota hoberenak atera bainituen».