24 FEB. 2024 Tortura, emakumearen gorputza inpunitatez zanpatzeko tresna Torturak generoa du. Torturatzaileak zorrotz erabiltzen du sexu indarkeria emakumeen kontra, ahalik eta min handiena egiteko. Arrasaten prisma horretatik begiratu diote emakumeen kontrako torturari, ahots mehez eta minez egindako errelatoak bozgorailua behar duelakoan. Joan den asteko aurkezpena Arrasaten. Ezker-eskuin, Irati Mujika, Nekane Txapartegi, Nekane Ayensa, Saioa Altzua eta Amaia Arrieta. (Raul BOGAJO | FOKU) Amagoia Mujika Guk benetako justizia lortuko al dugu? Ez dakigu, baina, badaezpada, dena idatzita utziko dugu». Asmo garbia jasotzen da “Tortura Arrasaten genero ikuspegitik” izeneko liburuaren hasierako orrialdeetan. Izan ere, torturatuak izan diren euskal herritarren errelatoa osatu gabeko kontaketa da, gorputzetan eta azaletan dago pilatuta, baina artean ez da paperean ondo jaso; mina ematen du eta inpunitateak lokazten du. Torturatuak izan diren emakumeen ahotsa are meheagoa izan da errelato hori osatzeko orduan. Hutsune horretatik abiatu da Arrasaten aurkeztu berri duten lana. Garai desberdinetan torturatuak izan diren «zortzi emakume ausarten» kontaketaren bueltan. Liburua hiru urteko lanaren emaitza da, eta modu kolektiboan jaso dute, Intxorta 1937 Kultur Elkartearen bultzadaz. Nekane Ayensa eta Juan Ramon Garai aritu dira torturatuak izan diren emakumeen testigantzak jasotzen, eta Iñaki Barrutiaren lana izan da kontaketa kolektibo hori hitzetara ekartzea. Barrutia Osakidetzan aritua da psikologo kliniko lanetan. Egun, erretiratuta dago, eta bera izan da kontaketak hitzekin josteko ardura izan duena. Psikologo klinikoaren betaurrekoak igartzen dira errelatoan, tortura pertsona fisikoki eta psikologikoki txikitzeko diseinatutako erreminta dela oso presente baitago liburuan. Lanaren abiapuntua honakoa da: «Torturak generoa du. Horrek esan nahi du pertsona baten aurkako indarkeria erabiltzerakoan hori ez dela ausaz egiten, oso kontuan hartzen direla gizonen eta emakumeen gorputzen, sexu-organoen eta sexualitatearen ikuspuntuak, ahalik eta kalterik eta sufrimendurik handiena eragiteko. Emakumeen kasuan, oro har, bortxaketa eta beste sexu-indarkeria mota batzuk erabili izan dira, emakumearen gaineko boterea erakusteko, umiliatzeko eta gizatasuna kentzeko bere buruaren eta familiaren edo komunitatearen aurrean». Tortura kasuak jasotzeko egindako lan eskergan dokumentatuta daude bortxaketak objektuekin, hatzekin, su-armekin eta zakilarekin; deskarga elektrikoak genitaletan; bortxaketa-mehatxuak; bularretan ukituak eta atximurkadak titiburuetan. Pasa den astean aurkeztu zuten liburua Arrasaten, eta bertan parte hartu zuten tortura gertutik ezagutu duten lau emakumek: Irati Mujikak, Nekane Txapartegik, Saioa Altzuak eta Amaia Arrietak. Lehen biek torturak sufritu zituzten beren azalean, eta beste biek, espetxean preso zeudela, tortura latzak sufritzetik zetozen kideak jaso zituzten kartzelan. Apenas kontatu den parte hori oso garrantzitsua da. Egun luzeetan inkomunikatuta egon den eta erabat txikituta dagoen emakumeak espetxera iristean jasotzen duen babesak, zaintzak, asko laguntzen du lehen une horietan. Nekane Txapartegik esandakoaren arabera, «espetxera iristean ez banu zaintza hori jaso izan, orain ez nengoke hemen, jendaurrean, gertatu zitzaidana kontatzen». Amaia Arrietak azaldu zuenez, «zorte handikoa sentitzen naiz ez naizelako torturatua izan. Niretzat tortura izan da, beste askorentzat bezala, besteen azaletik bizitako gauza bat; seme-alaba, bikote, lagun baten azaletik bizitakoa. Zoritxarrez, sarritan tokatu zaigu hori jasotzea, eustea, goxatzea, itxarotea... Horrela bizi izan dut». Mezua komunitateari Torturaren bidez ez da bakarrik torturatutako pertsonaren gorputza eta izatea zanpatzen, komunitateari mezu garbia bidaltzen zaio. «Emakumeen gorputza menderatze-lurraldearen hedadura bat da eta gauza bihurtutako gorputz horretan kontrol eta botere mezua bidaltzen da, baita erabateko zigorgabetasunez gauzatu dezaketen indarkeria mailaren mezua ere. Komunitateari bidalitako mezu bat da, emakumeen antolaketan eta herritarren mobilizazioan parte hartzea blokeatzeko», jasotzen da liburuan. Alegia, kontuz zertan zabiltzan, bestela torturatua izan zaitezke-eta. «Egun, gero eta argiago dago tortura estatu terrorismoa izan dela Euskal Herrian; sistematikoa eta estrukturala. Helburua izan da ez norbanakoak apurtzea bakarrik, baita izua sortzea ere, herri bat, komunitate bat, borroka batera lotu ez zedin. Luze erabili izan da eta torturaren aparatu hori orain ere hor dago, erabilia izateko zain. Tortura ideiak eta ideia horien alde borrokatzen dutenak suntsitzeko erabili da inpunitate osoz, eta orain da eguna horri buruz hitz egin dezakeguna. Orain arte ukazioa ere sistematikoa eta orokorra izan da. Egoera horren aurrean, herri bezala gure borroka izan da kontakizun hori azaleratzea, tortura itzaletik ateratzea», nabarmendu zuen Txapartegik. Bere ustez, garrantzitsua da kontakizun pertsonaletik harago begirada altxatzea, tortura sistematikoa izan zela ozen esatea. «Irakurketa hori egin behar dela. Tortura estatuaren estrategia da gu suntsitzeko eta mezua honakoa da: borroka horretan dabilen edonori gerta dakioke». Torturaren aurkako manifestazioa Bilbon (Aritz LOIOLA / FOKU) Torturaren inguruan sortu den iruditeriak ere merezi du begirada bertan pausatzea. Irati Mujikaren hitzetan, «gure artean zein iruditeria sortu dugu torturaren inguruan? Zenbat aldiz abestu dugu ‘Itziarren semeak’? Eta gero nola asumitu, norberari tokatu zaionean, ondokoa salatzea edo autoinkulpazio bat egitea, adibidez? Edo oraindik ere erabiltzen da karteletan poltsa buruan jarrita duena. Eta bestelako mehatxuak jaso dituena, akaso fisikoki ukitu ere egin ez dutena, ez al da torturatua? Hori plazaratzeko lan handia dago egiteko eta, iruditeria horretan, bortizkeria fisikoez gain, bada beste batzuk sartu beharra». Izan ere, iruditeria bortitz hori hain barneratuta dagoenez jendartean, zenbait emakumeri kostatu egiten zaio bere burua torturatutzat hartzea. «Iruditeria orokortu horretatik kanpo geratzen dira asko. Tortura ez da hasten eta bukatzen komisarian», nabarmendu zuen testigantzak biltzen aritu den Nekane Ayensak. Torturatua izateko beldurra ere bada tortura. «2008ko azaroan atxilotu ninduten Iruñean. Abuztu bukaeratik jende asko atxilotzen eta torturatzen ari ziren eta inkulpazio pila bat zeuden. 30 bat gazteko zerrenda beltza osatua zeukaten Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak. Ez ziren gazte horiek denak atxilotzera joan, baina gazte horiek bazekiten edozein momentutan torturapean lortutako salaketa edo autoinkulpazio bat gerta zitekeela eta edozein garaitan joan zitezkeela beren bila. Batzuk espetxeratuta eta gaizki. Beste batzuk kalean sekulako angustia eta ezinegonarekin egunero. Etor daitekeenaren beldurra ere estatu terrorismoaren beste estrategia bat da, borroka geldiarazteko eta kasu horretan gazteak deuseztatzeko», kontatu zuen Mujikak. Amaia Arrietak ere badaki zer den torturari beldurra izatea. «Lehen atxiloaldian Auzitegi Nazionalera aurkeztu nintzen eta komisaria libratu nuen. Hilabete baino lehen, Soton nengoela, kide batzuk atxilotu eta kartzelatu zituzten eta lehen mezua bidali zidaten: ze ondo zauden kartzelan, Amaia. Poliziek zuri buruz esaten dute «que putada, se nos ha escapado, que ganas le tenemos». Eta nirekin zer egingo luketen deskribatzen zieten inkomunikatuta zituztenei. Bost urte beranduago, bigarren espetxealdia etorri zen. Eta beste mezu bat bidali zidaten, nitaz gogoratzen zirela eta nirekin zein egongo zen erabakitzeko zozketa egin zutela esanez. Mehatxua eta beldurra ere eraginkorrak dira. Torturari beldur ziolako zenbat jendek egin duen ospa etxetik». Txapartegik ere garbi dauka tortura ez dela hasten eta bukatzen komisarian. «Gu bizirauteko borrokan geunden, inkomunikatuta, eta gure etxekoak, larri. Finean, gu bahitu egin gintuzten. Barruan zaudenean kezka hori daukazu, besteak jasaten ari direna. Tortura ez da amaitzen, jarraitu egiten du. Latzena da zure bizitzaren kontrola hartu ahal izatea. Gure bizitza torturatzaileen esku geratzen da, haiek erabakitzen dute gu akabatu edo ez. Torturatuoi askotan esaten zaigu ‘hildako bizidunak’. Guda zikinarekin akabatu dituzte batzuk eta torturatuak muturreraino eraman gaituzte, eta bizirik utzi. Nire borroka honakoa izan da: nola hartu nire bizitzaren kontrola? Nola ez utzi beraiei nire bizitzaren gainean eragin dezaten? Ni eta nire ingurukoen gaineko kontrola nola ez utzi haien esku. Hor hasten da tortura psikologikoa. Horri aurre egiteko bakoitzak bere tresnak ditu. Garrantzitsua da nola antolatuta zauden, indarkeria matxistaren kasuan bezala, zer-nolako sarea daukazun. Isolatua egon eta komunitate baten parte izatea, antolatuta egotea, desberdina da. Nire kasuan, mugimendu feministak eman zizkidan baliabideak, eta jasan nuenari izena jartzen lagundu zidan». Inpunitate lotsagabea «Sexu-torturari lotutako estigma handia dago. Emakumeek lotsa eta erru sentimendua erakusten dute. Estigma hori, erakundeekiko mesfidantzarekin batera, emakumeen aurkako sexu-indarkeriaren bereizgarri den zigorgabetasun bihurtzen da. Horrek esan nahi du tortura ekintzak, bereziki tortura sexualak, ez direla salatuko zigor arloko justizia sistemaren aurrean, espetxeko eta prozesu judizialeko errepresalien beldur direlako. Sexu izaerako tortura gehienak ez dira salatzen, salaketa erregistratzeaz arduratzen diren agintariak tortura sistema horretan inplikatuta daudelako», jaso da liburuan. Zizurkilen urtero Joxe Arregi gogoratzeko egiten duten ekitaldia, duela egun batzuk (Andoni CANELLADA / FOKU) Liburuan badira kontaketa latz bezain argigarriak. «Galdetu zidaten ea hilekoarekin nengoen, ea duela gutxi izan nuen edo laster izango nuen. Galdera horrekin tematu ziren. Hilekoa eduki ezean, eurek jaitsaraziko zidatela. Azkenean, erantzun ezean, berak egiaztatuko zuela, eta eskua kuleroetan sartzen hasi zen». Bortxaketa ere beti oso presente dago. «Gau batean bi poliziak eraman ninduten kotxe batean. Noski, zuk 18 urte dituzu, haientzat neska gazte bat zara, eta orduan bide osoan gauza bera esaten zuten: ‘etorri hona, dantzara joango gara! Eta zuk ez duzu beldurrik?’ Ni oso beldurtuta nengoen, argi eta garbi bortxatuko nindutela pentsatuz. Nirekin nahi zutena egin zezaketela esaten hasi zitzaizkidan. ‘Zuk badakizu guk Euskal Herrian nahi duguna egiten dugula. Orain, nahi badut, mendira eraman eta nahi dudana egingo dizut, eta gero nahi dudana kontatuko dut’». Irati Mujikak ere bere azalean sufritu du torturatzailearen inpunitateak sortzen duen min hori. «Lehen aldiz Polizia Nazionalak atxilotu ninduen. Torturatu eta berriz kalera joan ondoren, bigarren aldian Guardia Zibilak atxilotu ninduen. Sinesgaitza da, baina lehen unetik altu eta garbi esan zidaten, ‘somos la puta Guardia Civil, somos los más torturadores’. Nola jokatzen duten beraiek ere horrekin. Batetik, inpunitatea, epaile baten aurrean zure salaketak ez duelako ezertarako balio. Eta, bestetik, beraiek nola jartzen zituzten galoiak, beraiek torturatzaileagoak zirela esanez. Eta nire hirugarren atxiloketa izan zen epaiketara ez nintzelako aurkeztu, ez zen inkomunikaziorik egon eta Polizia Nazionalak atxilotu ninduen kalean. Lehen momentutik esan zidaten, ‘tranquila que esta vez no te va a pasar nada’. Orduan, aurreko aldietan zer gertatu zen bada?». Nekane Txapartegi 1999an atxilotu zuten, Lizarra-Garazi prozesua martxan zela, tregoa baten erdian. «Gu Galindoren Intxaurrondokoak gara, eta bertan gogorarazi zidaten Gurutze Iantzi bertan hil zela eta guri ere antzekoa gertatuko zitzaigula. ‘Vosotros estareis de tregua, pero nosotros no’. Handik aurrera, argi eta garbi, nire bizitza haien esku geratu zen. Forentseak ere ubelduak ikusi eta zikina zela esaten zuen. Ni, behintzat, ez nintzen inorekin fidatzen, ez nekien medikua zen, epailea zen... eta zerbait esaten banuen, tortura are gogorragoa zen. Ikusten duzu sistema osoa dagoela inplikatuta; torturatzaileak, mediku forentseak, epaileak, prentsa, klase politikoa. Finean, babes osoa dutela. Benetan zitala da errua guri botatzea. Autoinkulpazioez ari naiz. Azkenean, bizirik atera nahi baduzu, beraiek nahi dutena esan behar duzu. Eta erru horrekin bizitzen ikasi egin behar da gero. Nik ikasi nuen nire buruari barkatzen. Horrek hausten zaitu. Zure kontra egitea gauza bat da, baina kideen kontra egin beharra oso gogorra da. Hori beste narratiba bat da, Itziarren semeak bai, baina azkenean zu zaude egoera horretan eta badakizu, ez baduzu nahi dutena esaten, ez zarela bizirik aterako. Haiek ere garbi daukate, ‘aquí todo el mundo canta’. Bost egun inkomunikatuta egon ondoren, beste bost egun eman nituen inkomunikatuta Sotoko espetxean, ubeldurak eta tapatzeko. Bost egun horietan lan asko egin behar izan nuen nire buruarekin, nahikoa txikituta nengoen nire burua nik gehiago txikitzeko. Erru horrek bizitza osoan segitzen zaitu. Narratiba aldatu beharra dago; txikitu egin gintuzten, baina hemen gaude. Hemen gaude eta gainera kontatu egingo dut, nahiz eta zuek uste izan ez nintzela gai izango». Autobusez Martutenera “Tortura Arrasaten genero ikuspegitik” liburuan bada pasarte bat zer pentsatu handia ematen duena: «Hainbeste jende geunden, hainbeste jende, non (Ondarretako komisariatik) Martutenera autobusez eramaten gintuzten. Ez ginen epailearengana ere pasatu, espetxera eraman gintuzten zuzenean, autobus oso bat. Donostiako erdiguneko leku guztietatik autobusarekin pasatuz, jendea lur jota, begiak handituta, torturen markekin, mundu guztia suntsituta... Gogoratzen naiz egoera surrealista hartan Donostia erdigunetik nola zeharkatu genuen Martutenera bidean. Jendea kalean bizitza normala eginez, eta gu, Martutenerantz, giro hartan, autobusean mundu guztia lur jota, baina, beste alde batetik, lasaituta, torturetatik aske geundela pentsatuz». Hori izan daiteke tortura, eguneroko bizitzan hiri baten erdigunean ikusten ez den autobusa, inpunitateak ikusezin bihurtu duena. Arrasaten kaleratu duten liburuak balioko du autobusari gehixeago erreparatu diezaiogun herriaren begiratuarekin. TORTURATUTAKO KIDEA JASOTZEA, BATZUETAN LURRETIK Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan -behin izanda ere, gehiegi delako-, komisariatik iritsi den kidea jasotzea. Bai, jasotzea. Batzuetan lurretik jasotzea. Inkomunikazioak irauten zuen egun, ordu eta minutuak zain pasatzen genituen, gurera etor zitekeen kidearen zain. Ez da batere erraza tortura jasaten ari den kidea itxarotea. Edozein izanik ere kalabozo horietako zaindarien jantzien kolorea, jakin bagenekien apurtutako pertsona baten zain geundela. Ez zen izango etxetik irten zen pertsona bera eta, ziurrenik, ez zen sekula gehiago izango. Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, kartzelara iritsi berri zen kidea artatzea. Oraindik adrenalina odoletik ezin kanporatu eta bere gorputzetik at zirudiena, infernua pasatu ostean espetxea babesleku modura ikusi zuena., emozionalki blokeatuta zegoena, beldurrak jota dardarka zetorrena, barrena husteko premia bizia zuena, hitzik egin gabe egunak eman zituena, jasandako mehatxuen ondorioz etxekoak bizirik zeuden jakin nahi zuena edo, komisariako egunez gain, beste horrenbeste egun isolatuta jarraitu zuena ubelduen ebidentziak inork ikusi ez zitzan. Tortura salatzeko ekintza, Gasteizen (Endika PORTILLO / FOKU) Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, gure kide iritsi berrien testigantza latzak entzutea, zaintzea eta goxatzea. Isiltasunean, inpotentziaz, haserre, triste, minez. Ahizpatasunetik, apurtuta zegoen pertsona hura osatzen saiatzea. Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, urteak pasata ere, egun horiek utzitako arrastoa ikusi behar izatea. Gure kide, lagun eta ahizpen gorputzeko min sendaezinekin topo egitea; kulpak, beldurrak, zauri emozionalak, lo egiteko arazoak bizirik dirautela ikustea. Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, bizi izan dugun hori, ikusi dugun hori, batzuek nola ukatzen duten ikustea, entzutea, irakurtzea. Torturatzaileak eta agintariak goraipatuak nola diren ikustea. Nazioarteko ebazpenei muzin nola egiten dieten jakitea. Sarri egokitu zaigu, zoritxarrez gehiegitan, otsailaren 13an Torturaren Aurkako Eguna ospatu behar izatea estali nahi den basakeria salatzeko, bistaratzeko edo ezagutarazteko; oraindik ere torturatzaile eta torturaren agintari koldarrek ez dutelako egindakoa aitortu, ez dutelako erreparatu; gure herriak memoria zati gordin hau ere ezagutu beharko lukeelako. Emakumeen kontrako torturan, dokumentatuta daude bortxaketak objektuekin, hatzekin, su-armekin eta zakilarekin; deskarga elektrikoak genitaletan; bortxaketa-mehatxuak; ukituak eta atximurkadak titiburuetan «Gure artean zein iruditeria sortu dugu torturaren inguruan? Zenbat aldiz abestu dugu ‘Itziarren semeak’? Eta gero nola asumitu, norberari tokatu zaionean, ondokoa salatzea edo autoinkulpazio bat egitea, adibidez?»