Hegoak ebakita, kiwi bat da
Gizakien forma hartuta, borondate eta intentzioaren jabe, animaliak atxilotu eta zigortzea, hegoak moztu edo urkatzea, aspaldikoa da. Eta egungoa, subjektu moral legez, salatu, epaitu eta kartzelatzea.
Animaliei, batzuetan, gizakiek elkarri ematen dioten mespretxuzko tratu desatsegin bera eman izan zaie. Atxilotuta, torturatuta, epaituta eta exekutatuta, kreatura gaixook egoera arraroenetan aurkitu daitezke; gizakien forma hartuta, borondate, pentsamendu eta intentzioaren ezaugarrien jabe. Putreak, katagorriak, itsas-zakurrak, beleak, izurdeak, saguzarrak, tximinoak... piztia beldurgarri edo espioi izatearen akusaziopean. Iraganean epaiketa penaletan bezala, egun ere, epaiaren zain. Adibideak nonahikoak eta noranahikoak dira. Pelikuletakoak denak.
Adibide beldurgarri bezala, aipa daiteke 1386. urtean Normandiako Falaise hirian «umeak kaleetan jateagatik» txerria plaza publikoan exekutatu zutenekoa. Jendetza batu zen ikuskizunera, luma eta belus hoberenekin jantzita, okasiorako borreroari traje berria eskainiz, eta, exekuzioa betikotzeko, freskoa pintatzeko artista ekarrita. Ia lau mendez egon zen Falaiseko elizaren murruan freskoa, exekuziorako erabili zuten modu basatia erakutsiz: aurreko hankak beroarekin anputatuz, gero urkatua izateko.
Epaiaren zain
Edo lerrootara ekar liteke Suitzan 1474. urtean gertaturikoa, arrautza jartzeagatik oilarra epaitu zutenekoa. Garaian gauza jakina baitzen sorginek eta belagileek beren gaiztakerietan oilarrak jarritako arrautzak erabiltzen zituztela. Eta orduan ohikoa zen, deabruarekin aliatuta egotea egotzita, oilarrari hegoak moztu eta sutan erre tzea, publikoki.
Ez, ez ziren kasu isolatuak. Erdi Aroko Europan ohikoak ziren umeak jaten zituzten txerriak bezala, nobleen eskuari kosk egiten zioten txakurrak, ostikada batez pertsona kolpatzen zuen zaldia, edo adarkada batekin erasotzen zuen behia, edo arratoiak, matxinsaltoak, barraskiloak eta bestelako intsektuak epaitzea eta zigortzea. Zergatik? Zer egotzita? Pertsonen, Jainkoaren eta ondasunen aurka egindako krimenengatik.
Bi motatako prozesuak ziren: sekularrak, gizakiak hil edo mutilatu zituzten kreaturen aurkakoak; eta eklesiastikoak, arratoiak edo intsektuen kontrakoak bereziki, zerealen aurkako delituengatik zigortzen zirenak. Heriotza zigorra ezarri zezaketen epaiketa hauetara aurkezten zituzten animalia “gaiztoek” euren abokatu propioa izendatu zezaketen.
Errekrutatuak
Denok ematen dizkiegu intentzioak animaliei eta beren jokaerei. Katua bihurria da, txakurra ‘mutil ona’, zaldia basa eta harroa... Sarritan, subjektu moralak izango balira bezala hitz egiten dugu haietaz, hau edo bestea egitea nahita erabakitzen dutelakoan. Begietara begiratzen diegunean, begien bestaldean inteligentzia bat ikusten dugu. Baina gizakiek historia luze eta bitxia daramate animaliak epaitzen, oilar satanikotik hasi, haurrak jaten dituen txerritik segitu eta uso espioiekin buka.
Egun, kontu hau azaltzen eta berrazaltzen den eremua espioitzarena da. Izan ere, espioitzan, hain jarduera gizatiar eta arriskutsuan, animaliak errekrutatu dituzte kausaren alde. Ez diete galdetu, jakina; ez zaie informatu; eta, hala ere, hainbat espeziek ikusi dute beren burua gerratan, gatazkatan eta desadostasunetan sartuta. Ustez, gizateriaren kausaren alde, aurrerabidearen alde, bando bati ala besteari abantaila eta irabaziak emateko.
Eta teknologiak aurrera egiten duen heinean, badirudi joera handituko dela. Agian beldur eroak dira, edo agian egia bitxiak, baina zerrenda amaigabea da. Badira animaliak gure gerra jolasetan ez erabiltzeko diotenak. Eta, egiari zor, biolentziazko giza ekintzetan animaliak erabiltzeak muga guztiak lausotzen ditu. Beldur izan behar diogu malaria barreiatzen duen moskitoari, edo kamera bat eramaten duena beldurgarriagoa al da? Eta, katagorriak, ezkurrak beharrean, pertsonak ehizatzen hasten badira? Itsasoko lehoiek ahoan arrainak baino leherkariak eramaten badituzte? Eta katuak ilajea baino kableak orrazten baditu?
Bitxia dirudien arren, aspaldiko kontua da animaliak espioitzagatik akusatzearena. Munduko inteligentzia agentziek milioiak gastatu dituzte agente kurioso hauek entrenatzen. Mila urte baino gehiago dauzkaten praktikak dokumentatuta daude. Sinestezinak dirudite istoriook, baina egia izateko trazu denak dauzkate. Drone txikien aurka belatzak baino arma eraginkorragorik ez dagoela esaten da orain, ongi entrenatzen badira, behinik behin.
Katu androidearena
Ezaguna da CIAren "Project Acoustic Kitty" proiektua, 1960ko hamarkadan, milioika dolar gastatuz, bost urtez landu zen katu hibridoaren istorioa. Katu androide hari, albaitari zirujauek garezurraren oinarrian irrati transmisorea txertatu zioten, azalaren azpian antena eta barne-belarriaren kanalean mikrofonoa. Baina azkenean ideia alboratu zen, ez zuen azterketa gainditu, operazio errealetan ez omen zelako erabilgarria.
Accustic Kitty katuarentzat plana zehatza zen: parke publikora eraman, libre utzi, eta banku batean eserita zeuden intereseko pertsonen arteko elkarrizketak grabatu. Eta praktikara eraman zuten, bai; baina katutxoa noraezean ibili zen parkean, harik eta taxi batek jo eta bertan zanpatu zuen arte. Argitaratu zen proiektuaren inguruko CIAren txostenak adierazten duenez, «katu entrenatuen programaren azken azterketak erakutsi digu gure behar praktiko eta oso espezializatuetarako ez zela egokia».
Espioitza lanetarako entrenatu diren animalien bildumetan ageri diren guztien artean, bada bat, dudarik gabe, besteen gainetik nabarmentzen dena: usoa. Lehen bi mundu gerratan oso paper garrantzitsua jokatu zuen kreatura txiki eta apal honek, hainbat misio betetzeko ideala zela erakutsiz.
Unitate militarren artean komunikazioak etenda zeudenean, mezuak eramaten zituzten. Etsaien lerroen atzean aise mugitzen ziren. Hegazti hauei jarritako kameren bitartez argazkiak eta irudiak hartu daitezke, lurrean dauden soldaduek ezer susmatu gabe.
Washingtonen kokatua dagoen Espioitzaren Nazioarteko Museoak informatzen duenez, «etsaiaren suaren erdian bidali ziren ehunka mila uso mezularietatik %95ek beren misioak egoki bete zituzten». Eta zera ere badio: «1950eko hamarkadan usoek beren zerbitzu ausartekin jarraitu zuten, beste animalia guztiak baino ohorezko domina gehiago irabaziz».
Gizakien ergelkeria
Duela gutxi, usoa espioi bezala komunikabideetan berragertu da. Hegaztiaren inguruan idatzitako txostenen arabera, zalantzan jartzen da gizakiona den sentsibilitatea eta kontzientzia ote dituen. Baina publiko egin den kasuan, gizakiak benetan ergelak zirela ematen zuen.
Istorioa iazko maiatzean hasi zen, usoa Indiako Mumbai hiriko portuaren inguruan harrapatu zutenean. Hanketan bi eraztun zituen, txip bat ere bazeraman, eta ustez letra etzanean idatzitako txinerazko idazkera. Poliziarentzat, espioitza kasu argi bat baino ez zitekeen izan eta atxilo eraman zuten.
Baina zer diren gauzak! Nolakoa den mundu txakur-txakur hau! Kaiolan preso sartutako usoaren kontrako susmoak funts gabeak ziren. Hiru hilabeteko ikerketaren ondoren jakin baitzen hegaztiak Taiwanetik ihes egin zuela eta itsas zabaleko lehiaketa bateko parte-hartzailea zela. Animalien tratu etikoaren aldeko elkarteak sutan zeuden berriarekin, «zortzi hilabetez preso» atxiki zuten usoaren kontrako susmoak bertan behera geratu zirelako.
PETA Animalien Tratamendu Etikoaren aldeko Pertsonak elkarteko Indiako bulegoak oharra atera zuen: «Astero animalien larrialdien inguruan mila dei baino gehiago jasotzen ditugu, baina hau izan da gure lehen kasua, non ustezko espioia kaiolatze bidegabe batetik askatu behar zen».
Usoa espioi?
Baina bidegabeki preso sartutako usoaren kasuak Txinaren espioitza ahaleginei aurre egiteko Indian dagoen paranoia noraino iritsi den adierazten du. Hegaztiak susmagarri egin dituzte espioitza txinatarraren lanabes direlakoan. Auzokide duten Pakistanekin iraganean izan zituzten beste krisi batzuk gogorarazten dituzte. Aspaldikoak baitira inguru haietan usoen bidez elkar espiatzearekin lotutako kasuak.
Berriki Kaxemiran platanoen kutxa batean 150 uso zeramatzaten hiru pertsona atxilotu dituzte. Eraztun magnetikoak zituzten hanketan, ageriko arriskua omen ziren, espioi edo mezulari aritzeko agente paregabeak. Haien entrenatzaileengana bueltatzeko ahalmen hain ikaragarria dute! Pakistanen aldeko espioiak omen zirenez, hariarekin hegoak lotu zizkieten zigor moduan.
Horrelako lausenguekin eta arrazoibide hain dorpeekin, benetan espioia izan al daiteke usoa, espioitza zer den ez badaki ere?