Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Pornografia feminista eta puritanismo patriarkala

Emakunderen 2023ko azaroaren 25eko kanpainak horrela zioen: «Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da». Diskurtso atzerakoi bat dirudi, baina gero eta normalagoa bihurtu da horrelakoak entzutea instituzioetan dauden alderdien partetik, ezkerreko militantzia maskulinistetan eta (min gehien ematen didana) feminismoaren sektore batzuen barnean.

Barregarriak egiten zaizkit diskurtso puritano hauek, hasteko, ulertzen dutelako emakumeekiko egiten den biolentzia bortitzena (eta ia bakarra) biolentzia sexuala dela. Indarkeria forma anitzak daude eta, sorpresa, gehienek ez dute pornoarekin inolako zerikusirik. Hamabost orduko lanaldiak atsedenik gabe, txantxetako soldatarekin eta errespetatzen ez zaituzten ugazaba batentzat (etxeko lanetan egin ohi den bezala), gizonen ahotsarekin alderatuz zure ahotsa beti bigarren leku batean geratzea militantzia espazioetan (emakume gehienei gertatzen zaien bezala talde mistoetan) edo senarrarekin gogorik gabe follatzea (emazte guztiek egin izan duten bezala) indarkeria patriarkalaren egunerokoa dira. Zerk ematen dio pornoari horren guztiaren gainetik egoteko legitimitatea? Berriro ere moral kristau puritanoak, zeinak, bere burua laikotu beharraren ondorioz, elizaren aitzakia alde batera utzi eta feminismo erreakzionarioa hartu duen banderatzat.

Askatasun sexuala beti izan da feminismoaren oinarrietako bat, kontua da hori nola interpretatu behar den, guretzat, sexuaren aldeko feministentzat, askatasun sexualaren esanahia sexualitatea eta praktika erotikoak heterosexualitateak sortu duen imajinariotik kanpo birsortzea da, desira, sexualitate eta pornografia feminista eta iraultzaileak sortzeko helburuarekin. Sexuaren aurka dauden feministentzat, ordea, emakumea sexualitate maskulino biolento eta geldiezin baten biktima da, agentziarik eta desirarik ez duen objektua. Biktimizazio kanpaina horietan, sexualitate eta biolentzia maskulinoa emakumeekiko egon daitekeen mehatxu gogorrena bezala erakusten da, eta instituzio patriarkalak, kasu honetan pornoa debekatuko duen estatua eta hori bermatuko duen polizia, mehatxu hori gelditu behar duten emakumeen aliatu eta salbatzaile bezala agertzen dira. Denak berdin jarraitzeko, emakumeek (komunik garbitzen ez duen) senar-bikote-ugazabarekin misionero posturan follatu eta gero begietara begira maite zaitut esateko, hori baita dirudienez sexualitate feminista.

Sexuaren aldekoak eta kontrakoak

Gatazka horrek Ameriketako Estatu Batuetan 60ko hamarkadatik aurrera gertatu ziren Sex Warsak gogorarazten dizkit. Sex Warsetan zegoen pentsamenduen dibertsitatea bi posizio kontrajarritan banatu ohi da: sexuaren aldekoak eta kontrakoak. Alde batetik, sexuaren aldeko feministak prostituzio-sindikatuak sortzen, sexu-lanetan egon daitezkeen arriskuen prebentzio kanpainak egiten eta sexu-langileentzat osasun-asegurua eskatzen ari ziren. Kontrako alderdian, sexuaren aurkako feministak horri guztiari aurre egiteko eskuinarekin aliatu ziren. Sexuaren aurkako feministek Reaganen gobernuaren (1981-1989) politika anti-sexualak babestu zituzten, politika mota horrek Bushen (aita 1989-1993) eta Bushen (seme 2001-2009) gobernuetan jarraitu zuen, eta ez zuen bakarrik prostituzioa eta pornografia eraso, jomugan jarri zituen baita hezkuntza-sexuala, zerbitzu antisorgailuen erabilpena, abortu eskubidea eta autonomia sexuala ere.

Sex Warsetan gertatutakoak irakaspen bat izan behar du feminismoaren aitzakian postura erreakzionario eta moralistak ezkutatzen dituzten guztientzat eta horri aurre egin behar diogun feministentzat. Emakumeen aurkako indarkeria patriarkatuak sortzen du, ez pornografiak. Arazoa ez da pornoa, arazoa sexualitate patriarkala da. Porno patriarkala gizonen sexualitatearen isla soila da, emakumeen zapalkuntza oinarri duen maskulinitate eredu zehatz bat birsortzeko balio duena. Baina horren aurrean eman behar den erantzuna ez da debekua, baizik eta hain beharrezkoa den pornografia disidente eta feminista. •