Txerri buruak, oreinak eta arrano burusoilak
Gau izugarri bat eta goiz surrealista bat gero. Tolosako oldartzeak aspaldiko oroimenak dakartza burura. 1991. urtean gaude eta Villabonako Xuharrek baino bi urte eskas gehiago duen Iruñeko Mikel Iribarren hilzorian da, aurpegia hautsita eta erreta. Gatazka armatuaren gurpil zoroa buelta eta buelta ari dela, ikaragarri gogorrak dira asteburu oro gazteen eta poliziakideen arteko talka horiek. Harriak gomazko piloten aurka, kaputxa arinak babes kasko lodien kontra; bi urte geroago, Txuma Olaberri atarrabiarra ere bizitza osorako markatuta utziko zuten.
Abenduko igande goizalde hura bereziki gogorra izan zen, erietxeko ZIUtik etor zitekeenaren zain. Hortik hilabete batzuetara, albiste bilakatzen den saio judizial deigarria: Aitzoaingo kuartelean ke poteak jaurti dituzte txerri buruen aurka, epailearen begiradapean, Mikel Iribarrenek jazotako zauriak horrelako jaurtigailu batek eragindakoak direla frogatu beharrean omen direlako, eta itxuraz txerrien azal eta hezur haiek gizakienen antzekoenak dira.
2003an aginduko zuen Espainiako Entzutegi Gorenak Iribarrenek ez zuela inolako kalte-ordainik izango. Ondo egina zegoela, beraz, gazte haiek ez zutelako bestelako trataerarik merezi. Baina ordurako batere gazteak ez ziren Rosa Zarra eta Imanol Lertxundi hilik ziren polizia oldartzeen ondorioz, Donostian eta Lekeition, eta laster Kontxi Santxiz, Hernanin.
Talka armatua leuntzen hasi behar zen hortik gutxira, itzali arte. Denbora berriak, ordea, ez zuen polizia ezberdinen aldetik su-etenik ekarriko. Xuban Nafarrate Gasteizen zauritu zutenean, pilotakada baten ondorioa izan zenik ukatzen tematu ziren. Hortik egun gutxira, Iñigo Cabacas akabatu zuten Bilbon. Gazte hauek, eta heldu haiek ere, «oreinak» ziren ertzainen arteko solasaldietan, polizia hizkeran. Nonbait, gerra amaitzeko bidean zen jada, baina ehiza, ez.
Beste hamarkada bat aurrera, beste izen batzuk, Ertzaintzaren lurraldean edo hortik kanpo: Aingeru Zudaire, hau ere atarrabiarra, Polizia espainiarrak begia lehertua; Nahuel Gomez Donostian, hezur masaila hautsia; Lola Villabriga Biarritzen, aurpegia zartatua; Antoine Boudinet baionarra, Poliziak jaurtiriko granada bategatik eskua betiko galdurik… Aldarrikatzeko zailagoak erasook, ETAri jada ezin zitzaizkiolako bizkarreratu, eta greba egun bat, G7aren gailurra, txaleko horidunak edota Tolosako liskar arrunt batzuk argudio merkeegiak direlako. Baina zauritu larriak, azken finean, oreinak izan ala ez. Eta zer axola zaie?
Aitzakiarik ez da gaurkoan, eta hala ere, gertatzen da oraindik; arrano burusoilaren irudia, krokodilo gihartsuarena, lehoi, pit-bull, ‘Blue Lives Matter’... zabor hori guztia soinean edo eskumuturrean daramaten poliziakide berrien aldetik. Ideologia libre baita, Erkorekak esan berri duenez: dohako indarkeriaren ideologia. Gertatzen da eta ukatzen ahalegintzen da oraindik: Xuharren salaketa “Teleberri”-n zalantzan jarri nahi izanak belarri asko mindu ditu. Eta ukatzen da eta ikertu gabe uzten da oraindik: ikusiko al genuke gaur txerri buru batzuen gainetik foam piloten kalteen gaineko proba judizialik? Segurtasun Sailak ondorioztatuko du epaitu beharrekoa, eta hurrengora arte, 1991n egongo bagina bezala, edo okerrago. •