GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Ibaia

Ibaiaren ur arreetan ahaztutzat jotako oroitzapenak sedimentu gisa azaldu zaizkizu. (Patxi BELTZAIZ)

Ibai batek eraman zaitu. Ibai hazi, puztu, amorratu eta gosetu bat sartu da zure etxabetik, zure ate eta leihoetatik, zure horma ustez zurrunen zirrikituetatik. Ibaiaren ur arreetan ahaztutzat jotako oroitzapenak sedimentu gisa azaldu zaizkizu: zuhaitz eroriak eta aspaldi itxitako paper fabrikek abandonatutako pasta zuria; mudantza zaharren plastiko zulatuak eta lo hartzeko botika berrien korronte kimikoak, denek zeharkatu zaituzte kolpera. Eta badakizu momentu bat izango dela, ordu batzuk asko jota, eta urak segituan etorriko direla bere onera, eta urekin batera baita zu ere, zure leku errutinazko, antolatu eta aldaezin horretara itzuliko zarela. Eta ezer pasa ez balitz bezala jarraituko diozula zure egunerokoari.

Jendea ondo bizi omen da hemen, ondoegi iraultzarako, gusturegi abentura berrietarako. Zuk, ordea, begi nekatuak ikusten dituzu; bizkar okertuak eta elkarri entzuten ez dioten elkarrizketak. AEBetako presidente ile-zuria azaldu zaizu telebistan, bere irribarre fosilduarekin, Gazako egoeraz hizketan, izozki bati zupa eta zupa, you know. Langile bat hil da Arrasaten eta 11 familia etxea galtzeko zorian daude Basaurin. Dozena bat gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista leporatuta, eta Nafarroan trafikoa nork eta nola bideratuko duen Madrilek erabaki behar duela esan du auzitegi batek. Auzitegi horrek berak, edo haren anaiak, edo lehengusuak edo familia bereko beste senideren batek, lan deialdi publikoetan langileei euskararen inguruko ezagutzaren bat eskatzea diskriminatzailea dela esan du berriz ere. Bi urte bete dira Pablo Gonzalez Poloniako ziega-zulo ahaztu batean sartu zutenetik.

Urak hazita datoz, albiste gehiegi pilatu dira eta oraingoan baietz pentsatu duzu, oraingoan gainezka egingo duela ibaiak, ez dela posible hainbeste min, hainbeste injustizia pilatu eta bere ibilgutik ez ateratzea. Traktoreak ikusi dituzu hiriburuetan simaurra zabaltzen. Oraingoan bai, oraingoan hautsi egingo dira urtegiak, gainezka egingo dute ibaiertzek eta munduaren pitzadurak lehertu egingo dira. Ezerk ez du orain arte bezala segituko, ezinezkoa da, hutsetik hastea da aukera bakarra; mundua berriz pentsatzea, korrontearen inertziatik atera, gelditu eta eguzkitan etzanda, gorputza lehortu arte bertan egotea.

Bukatu dira uholdeak, ordea. Hiriburuetan zegoen simaurra betiko lekuetara itzuli da. Odola dario Gazari, eta auzitegietako epaileek ordu estrak sartzen jarraitzen dute. Pablo Gonzalezen ziegako atea itxita dago oraindik eta egunkari-saltzaileek ez dute izozkirik oparitzen. Ibaiak bere onera itzuli dira, hurrengo euritea iritsi arte. Eta zuk leihotik begira jarraitzen duzu, zure buruari galdezka, ea munduari zergatik begiratzen diozun eguraldiari bezala. •