Europan, amaitu dira gezur lasaigarriak
Duela egun batzuk bineta bat aurkitu nuen. Bertan bi mahai marraztu zituen egileak. Batak, jende ilara handia zuenak, «gezur lasaigarriak» eskaintzen zituen, eta besteak, hutsik zegoenak, «egia deserosoak» ematen zituen. Komunikabideek eskaintzen duten diskurtso monolitikoari buruzko gogoetak alde batera utzita, uste dut binetak nahiko ondo islatzen duela europar xumearen gogoa. Arrisku-zantzuak gero eta nabariagoak dira, eta, hala ere, erreakzio orokorra gero eta axolagabeagoa da, Europako herritarrak konbentzituta baleude bezala gainerako munduaren arpilatzearen ondorioz gozatzen dituzten pribilegioak amaitzear daudela eta horiei eusteko gerra saihetsezina dela.
Hala ere, Europako eliteentzat jarrera hori ez da nahikoa. Iazko urtearen amaieratik, NATOko armadetako goi agintariak, esate baterako, Norvegiako Estatu Nagusiko burua Eirik Kristoffersen eta NATOko almirantea Rob Bauer, gerra saihetsezina dela eta prestatu egin behar dela errepikatzen ari dira. NATOko idazkari nagusia ere ez da atzean geratu, baina beligeranteenen artean Grant Shapps Britainia Handiko Defentsa idazkaria dago. Duela egun batzuk itsaspeko nuklear britainiar batek bere Trident misiletako bat probatu zuen, huts egin zuen eta itsaspekoa hondora eramateko zorian egon zen. 2016an egin zen aurreko froga, eta Trident-ak huts egin zuen. Sareetan zabaldu zen Grant Shapps bera ontzian zegoela gertakaria eman zenean. Honezkero, Defentsa idazkariak jakin beharko luke militarrak ez direla fidagarriak.
Hitzetatik ekintzetara pasatu diren beste batzuk poloniarrak izan dira, erreklutamendu-arauak aldatzekotan dabiltza. Ukrainara joan ziren boluntarioak itzuli ez direnez, ziur aski Poloniako gazteen aberri-suharra asko hoztu da. Herritarrek ez dute gerra nahi, baina Europako buruzagi politikoek gerra-industria elikatzen jarraitzen dute, baita gerra ere. «Gerra ekonomiaz» hitz egiten du Emmanuel Macronek. Berak ere esan du «Errusiak ezin duela gerra hau irabazi». Agian ukrainarrek erabaki beharko lukete zer egin, beharbada nahiago dute gerra galdu eta bakea irabazi.
Adierazpen horiek kontraste handia egiten dute Wang Yi Txinako Atzerri ministroaren hitzekin. Madrilen emandako prentsaurrekoan esan zuen zero batuketaren ikuspegia («nik irabazten dut zuk galtzen duzuna») mundu guztiarentzat ikusmolde galtzailea dela. Haren ustez, eraiki beharreko helburua herrialde guztiak irabaztea izan beharko luke. Hitz jakintsuak, baina ez NATOko buruzagiak, ezta Europako liderrak ere, ez dira ari norabide horretan pentsatzen.
Okerrago. Macronek esan berri du tropak bidaltzeko aukera eztabaidatzen ari direla. Estatu askok aurrez aurre kontra egin dute, baina komeni da gogoratzea hasieran Alemaniak ere ez ziola armarik bidaliko Ukrainari, eta orain han ditu tankeak. Interbentzioaren maila kontzienteki zabaltzen ari dira, Reuters agentziak aitortzen zuen ez zela beroaldi bat izan. Inork zalantzarik bazuen, Macronek frogatu du Europako eliteetan ez dagoela bizitza inteligenterik. Eta ezkerrak alde batera utz ditzake kalkuluak, eta antimilitarismoaren eta bakearen aldeko borrokak berreskura ditzake, gerraren olatuak Europa berriro ito baino lehen. •