Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
EMAKUMEEN BEKATUA

Hamar emakume epaituak Zaldibian, 1646an, «eskandaluzko» egoeragatik

1646ko ekainean Zaldibiako hamar emakume epaituak izan ziren. Herriko alkateak akusatu zituen. Haien delitua? Garaiko jendartearen arabera desegoki, bekatuan eta «eskandaluzko» egoeran bizitzea. Guztiak ziren ama bakarrak eta, gehienak, iruleak.

Alaitz Sarasola eta Mikel Urteaga Azkue. Lehenak, bertso sorta jarri dio gertaerari, eta bigarrenak, dokumentu historikoa topatu zuen.
Alaitz Sarasola eta Mikel Urteaga Azkue. Lehenak, bertso sorta jarri dio gertaerari, eta bigarrenak, dokumentu historikoa topatu zuen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«1646. Zaldivia. Sobre el estado de amancebamiento en que viven algunas personas en ésta Villa y posterior prisión de algunas mujeres por éste motivo». Ordiziako udal artxiboan, beste zerbaiten bila zebilela, azalpen hori zuen dokumentua topatu zuen Mikel Urteaga Azkuek, eta bere arreta bereganatu zuen. Artxiboetan ibili zalea da Urteaga, eta Zaldibiako udal langilea. Hasieran kostatu egin zitzaion XVII. mendeko eskuz idatzitako dokumentua ulertzea, idazkerara eta letra motara moldatu behar da begirada dokumentu zaharrak irakurtzeko orduan. Baina, behin bista horretara jarria, harrituta eta larrituta utzi zuen edukia topatu zuen: 1646. urtean, Juan Martinez Nazabalek, Zaldibiako alkate eta epaile arrunta zenak, epaiketa bat jarri zuen martxan herriko hamar emakumeren aurka. Delitua? Garaiko jendartearen begietara desegoki, bekatuan edota eskandaluzko egoeran bizitzea. Kasu guztietan, egoera desberdinak tarteko, ezkondu gabeko emakumeak ziren. Eta hamarretik sei ardatzean aritzen ziren lanean, lihoa iruten.

Urteagak topatutako dokumentuak zehazten duenez, alkateak aditzera ematen zuen herrian bazirela “desegoki” bizi ziren emakumeak, «ezkonduta egon gabe sexu-harremanak izanez, alegia». Egoera «onartezina» zela uste zuen, «iraingarria Jaungoikoarentzat, justiziarentzat eta euren begiekin ikusi behar izan zuten guztientzat». Hartara, alkateak, «hain delitu kaltegarriak zigorrik gabe gera ez zitezen», kasu bakoitzaren inguruko ikerketa egiteko agindu zuen.

1646ko ekainaren lauan autoa jarri zuen Nazabalek Zaldibiako hamar emakumeren kontra. Autoaren lehen orrialdean izendatzen dira emakumeok: Maria Arruitz Mendiola, Maria Albisu, Maria Bautista Agirre, Barbara Agirre, Maria Ana Mendiola, Maria Bartzelona, Maria Joanitz Iraola, Maria Gartzea Jauregi, Katalina Iztueta eta Margarita Eleizegi.

Emakume horien bizimoduaren berri jasotzeko, hurrengo egunean, ekainaren 5ean, alkateak hiru herritar deitu zituen testigu modura deklaratzera, hirurak gizonezkoak: Sebastian Aranburu, Juan Aiestaran eta Martin Agirre. Banan-banan pasatu ziren hirurak epailearen aurretik, eta bat etorri ziren beren esanetan: hamar emakume horiek ezagutzen zituzten, Zaldibian bizi ziren denak eta, ezkongabeak baziren ere, gutxienez seme-alaba bana hazten eta elikatzen ikusi zituzten.

Testiguen esanak entzunda, aipatutako herriko hamar emakume horiek kartzelan sartzeko agindu zuen alkateak. Dokumentuak zehazten duenez, «ihes egingo balute edo haiek aurkitzea posible ez balitz, ondasunak bahitu eta haien etxeetan zitazio eskaera jarriko zuten, hiru egunen buruan herriko kartzelan ager zitezen». Abisu bat ere helarazi zieten: epe horretan baten bat agertuko ez balitz, «bando eta pregoien bidez» deituak izango ziren, herriaren aurrean lotsagarri utziz.

Garaiko dokumentuak jasotzen duenez, inongo bandoren beharrik gabe, egun pare baten buruan preso zeuden hamar emakumeak. Kartzelara sartu orduko adierazi zuten ez zutela gertatutakoa ulertzen, ez zegoela horretarako arrazoirik eta aske uzteko erregutu zuten. Edo, gutxienez, beren esanak entzuteko eta kontuan izateko eskatzen zuten.

Emakumeak ez zituzten aske utzi, baina beren testigantza emateko eskaera onartu zuten. Ekainaren 7an deitu zituen deklaratzera Juan Martinez Nazabal alkateak. Eta hamar emakumeek adierazitako horri esker iritsi da egunotaraino emakume horien ahotsa, lehen pertsonan. «Zaldibiako kartzela publikoan, behar bezala juramentua egin eta egia esango zutela zin egin ostean, banan-banan deklaratu zuten honakoak esanez», azaltzen du dokumentuak.

Haragizko harremanak eta beste

Barbara Agirrek 34 urte zituen eta ardatzean aritzen zen, lihoa iruten lanean. Sei eta zortzi urteko bi alaba zituen, «Zaldibiako Santa Fe parrokiako On Martin Olano apaiz presbiteroarekin izandakoak». Kontatu zuen beste seme bat ere izan zuela harekin bi urte eta erdi lehenago, baina jaio eta gutxira zendu zela. Epaiketan esan zuenez, baziren zortzi hilabete apaizak eta berak elkarrekin hitz egin ez zutela, eta beste inorekin ez omen zuen haragizko harremanik izan.

Pentsatzekoa da Zaldibian XVII. mendean gertatutako epaiketa beste garai eta toki batzuetan ere gertatu zela. (Jon URBE | FOKU)

Maria Bautista Agirre, 24 urtekoa eta ardatzean lanean aritzen zena. Bizpahiru urte lehenago, Tolosan neskame ari zela, «haragizko harremana» izan zuen Antonio Hernandosoro tolosarrarekin. Haurdun zegoela nabaritu bezain pronto, Zaldibiara itzuli zen. Behin bere jaioterrian zegoela, haurra izan eta, tamalez, urtea betetzerako galdu zuen. Kontatu zuen Hernandosoro ezkongabea zela harreman hura izan zutenean, baina bi urte pasatzerako beste emakume batekin ezkondu zela.

Maria Albisu, 34 urteko nekazaria eta ardatzean ere aritzen zena. Seme eta alaba bana izan zituen Pedro Zinkunegi zaldibiarrarekin; hamaika urte zituen alabak, eta zortzi semeak. Semea jaio eta urtebetera hil zen Zinkunegi. Orduz geroztik ez omen zuen «haragizko harremanik» izan beste inorekin.

Maria Bartzelona, 30 urte inguruko nekazaria. Lau urteko alabaren ama zen, Martin Etxeberria-Agirrerekin izandakoa. Ezkontzeko asmotan omen zeuden oraindik, eta ez zuen harremanik beste inorekin.

Mikel Urteagak egindako zehaztapenaren arabera, «Zaldibian hurrengo urteetan izandako ezkontzen zerrendan ordea, ez da Maria Bartzelona eta Martin Etxeberriaren artekorik ageri. Segur aski, beraz, Mariak ez zuen bere nahia betetzerik izan».

Margarita Eleizegik 33 urte zituen eta nekazaria zen. Bi urteko alabarekin bizi zen, Zaldibiako Pedro Aiestaranekin izandakoarekin. Beste alaba bat ere izan zuen harekin lehenago, baina bigarrena jaiotzear zela hil zitzaion. Ezkonduko zirela agindu ziolako izan omen zuen haurra, eta oraindik esperantza horrekin jarraitzen zuen.

Maria Juaniz Iraola-Agirre, 30 urteren bueltakoa eta ardatzean aritzen zena. Hiru seme-alabarekin bizi zen. Zazpi eta hiru urteko alabak, eta hamahiru hilabeteko semea. «Sebastian Aranburu testiguaren arabera, haietako bat Zaldibiako Santa Fe parrokiako apaiz presbiteroa izandako Juan Arruebarrena zenarekin izandakoa», jasotzen du autoak. Maria Juanizek ukatu egin zuen hori, hirurak Lazkaoko Esteban Argintzanorekin izan zituela esanez. Hamar urte inguru lehenago, beste alaba bat ere izan omen zuen Martin Aranburu beasaindarrarekin. Aranburuk, ordea, kendu egin zion eta berekin omen zeukan Beasainen.

Katalina Iztueta, 26 urteko nekazaria. Martin Etxeberria zaldibiarrarekin bi seme izan omen zituen, baina biak hil zitzaizkion. Lau urterekin zaharrena eta zazpi hilabeterekin gazteena. Ezkonduko zirela hitzeman arren, «promesa hura bete gabe lapurtu omen zion birjintasuna». Bi urte izango ziren berarekin hitz egiten ez zuela.

Maria Gartzia Jauregi, 32 urteko nekazaria. Bizirik balego bi urte izango zituzkeen haurtxoa izan zuen Juan Murua zaldibiarrarekin. Murua ezkondua zen, eta herritik aparte zegoen bide batean topo egin zuten gau bakar batean utzi zuen haurdun. Jaio eta zortzi egunera hil zen haurra.

Maria Arroiz Mendiola, 31 urtekoa eta ardatzean aritzen zena lanean. Itsasondoko Juan Iturriotzekin izandako lau urteko semearekin bizi zen. Iturriotzek ezkonduko zirela agindu omen zion Mariari, eta emandako hitza beteko zuen esperantzan, engainatuta izan omen zituen harekin «haragizko harremanak». Iturriotz,«Mariaren gogoz kontra» berarekin gozatu eta denbora gutxira, Itsasondoko Mariana Urkiarekin ezkondu zen. Gerora ez omen zuen gehiago harremanik izan; ez Iturriotzekin, ezta beste inorekin ere.

Mariana Mendiola, 30 urte ingurukoa eta ardatzean aritzen zena. Hiru seme-alaba izan zituen Martin Loinaz zaldibiarrarekin: zazpi eta ia lau urteko bi seme, eta bi hilabeteko alaba. Loinazek ezkonduko zirela esan zion arren, ez zuen emandako hitza bete, Marianaren etsipenerako. Aurrez, beste gizon batekin izan zuen haragizko harremana, haren izena oroitzen ez bazuen ere.

Epaiketan beren bizitzen berri modu publikoan eman eta gero, hamar emakumeek idatzi bat aurkeztu zuten. Sinatu gabe agertzen da, ez baitzekiten idazten. Bertan esaten zuten inongo arrazoirik gabe kartzelatu zituztela, aitorpenak hartu zitzaizkiela eta haietan ez zela zigortzeko moduko ezer aurkitu. Horregatik, guztiak libreki aske uztea eskatzen zuten, edo gutxienez fidantza ordainduta.

Ekainaren 11n edo 12an, emakume guztiak aske utzi zituzten, baldintza jarrita, epaileak espetxeratzeko erabakia hartuz gero, bila joan behar izan gabe aurkeztuko zirela epailearen aurrera.

«Hau ezin da artxiboan geratu»

2022an topatu zuen Mikel Urteaga Azkuek 1646ko Zaldibiako kasuaren dokumentua Ordiziako udal artxiboan. «Hau ezin da artxibo batean geratu» pentsatu, eta auto horren laburpena eta transkripzioa ekarri zituen euskarara. Artikulu forman argitaratu zuen “Zaldibia.org” atarian. Urteaga beasaindarra da, baina Zaldibiako udal langilea. «Pentsatu nuen zaldibiarrek jakin beharko zutela zer gertatu zen. Beste leku askotan ere pasatuko zen, baina dokumentazio gutxi dago kasu horien inguruan. Horregatik garrantzitsutzat jo nuen kasuaren berri ematea».

Hari horri tiraka, 2022ko martxoaren 8an ekitaldi berezia egin zuten Zaldibiako plazan. Adin desberdinetako herriko emakumeen ahotsetan plazaratu zituzten XVII. mendean epaituak izan ziren emakume horien testigantzak. Omenaldi txiki bat egin zieten mende batzuk lehenago epaituak izan ziren emakume haiei. «Engainatuak, jazarriak, bortxatuak izan, eta guztia ezkutuan eraman behar gainera. Beti gizonen mende, izan bikote, maitale, herrikide edo agintari», nabarmendu du Urteagak. Emakumeen testigantzetan garbi ikusten da, era berean, haurren hilkortasun tasa altua zela garai hartan, emakume askok aipatzen baitute seme-alaba txikien galera. XVII. mendeko bizimodua ez zen samurra, are gutxiago emakumeentzat. Bortxatuak, engainatuak eta zapalduak izatea gutxi ez, eta gainera epaituak izan zirelako.

«Garai eta toki desberdinetan gertatutako gauzak direla jakin arren, horrelako dokumentu bat topatzeak errealitate zaplazteko bat ematen dizu; bai, bai, gertatu zen eta hemen, gainera, Zaldibian. Pentsatzekoa da beste artxibo batzuetan ere egongo direla antzeko dokumentuak, ez ezkutuan, baina jendeak ikusten ez dituela. Garrantzitsua da gertaera hauen berri ematea».

Epaiketek eta epaien inguruko dokumentuek garai bakoitzeko jendartearen xehetasun asko ematen dituzte; zein zigortzen zen eta zergatik ulertzea garaiko bizimodura gerturatzeko modua da. Dokumentuak ikusita, bistakoa da 1646. urtean, Zaldibian, alboan gizonik izan gabe bizi ziren emakumeak zigortzen zirela. «Emakume horiek erabat babes gabe zeuden. Alkatea eta lekukoak gizonezkoak ziren. Bistakoa da agintzen zutenak gizonezkoak zirela. Aldiz, epaituak emakumezkoak ziren. Bortxatzaileak, adulteriogileak, iruzurgileak, eurenak ere baziren haurrez arduratzen ez ziren axolagabeak izanda ere, ez ziren sekula epaituak izan eta ez zuten horregatik kartzelaren itzalik ezagutu».

Alaitz Sarasolaren bertsoak

Duela aste pare bat Soraluzen izan zen Señora Bertso Eguna, eta bertan kantatu zuten Alaitz Sarasolak osatutako bertso sorta, “1646” izenekoa. Hain justu, Zaldibiako epaiketa dauka oinarrian Sarasolaren sortak. Señora Bertso Egunetik enkargua egin zioten gai librean bertso sorta bat jartzeko, eta berehala etorri zitzaion 1646an Zaldibian gertaturikoa, Mikel Urteaga Azkueri esker jaso baitzuen istorioa duela urte pare bat. Gertaera zahar bati jarritako bertso berriak izanagatik, bertso zaharren traza daukate aleek, Sarasolak ahalik gehien gerturatu nahi izan duelako 1646an epaituak izan ziren Zaldibiako emakume haien ahotsera.

«Artxiboak arakatuz gero, ziurrenik herri guztietan agertuko dira horrelako gauzak. Izugarria da emakume haiek zer nozitu zuten, zenbat ume hil zitzaizkien, nola bortxatu eta engainatu zituzten... Bertso sorta egiteko proposatu zidatenean, segituan etorri zitzaidan gaia. Agian balioko du beste herri batzuetan harra pizteko. Memoria poetikoa egiteak bere garrantzia eduki dezake, beste herri batzuetan ikertzeko gogoa zirikatu eta auskalo, agian ikerketa gehiago jartzen dira martxan».

 

Izenburua: 1646

Doinua: TXIRRITA HIL DALA / MANUEL NARRUK ATZO ESAN DIT

Egilea: ALAITZ SARASOLA OLANO

1-Mila seirehun da berrogeita sei

urteko garagarrila:

Zaldibin data seinalatua,

nahiz seinalatuak mila:

Martin Nazabal alkate jauna,

inor epaitzen abila,

pekatu usaian hasi izango zen

ama ezkongabe bila.

 

2-Hiru lekuko deitu zituen,

gizonezkoak hirurak,

sala zezaten zein emakumek

zun halako delitu bat,

ba al zen neskarik ezkondu gabe

hautsi zituena urak;

errukigabe bota zituzten

hamarren izen-deiturak.

 

3-Hamarrak preso hartu zituzten,

bai hartu ere gaiztotzat;

zergatik jakin gabe nozituz

espetxearen morrontzak,

juramentura derrigortuta

arauak ziren zorrotzak,

ta banan-banan egin zituzten

eskatutako aitortzak.

 

4-“Barbara Agirre da nere izena

ta espetxean zergati?

bi alabatxo ari naiz hazten

ez okel ta ez tapaki,

hirugarrena zendu zitzaidan

ahul jaioa izaki,

gure apaiza Martin Olanok

haien berri ondo daki”.

 

5- “Maria Albisu naiz ardatzean

egiten duena lanik,

lehendabiziko alaba eta

gero semea izanik,

Zinkunegitar Pedro zendu zan,

ezkongai segitzen det nik,

eta ez daukat beste inorekin

haragizko harremanik”.

 

6- "Hernandosoro jaunan neskame,

ni naiz Maria Bautista,

gogoz kontrako harremanetan

sufritu nuen ez pixka;

handik ihesi haurra erditu

nuen osasun gutxiz ta,

besoetan hil zitzaidanetik

bizi naiz baina erdizka”.

 

7-“Etxekoandre ta nekazari naiz,

ni, Maria Bartzelona,

nerekin Martin Etxeberria

ezkontzekotan zegona,

hori aginduta bera da haurdun

utzi ninduen gizona,

oraindik badet esposatuko

nauen esperantza ona”.

 

8- “Maria Arroiz naiz ardatzean

aritua jai ta aste,

Itsasondoko Juan Iturriotzek

behartu ninduen gazte,

hitza emanda noski nerekin

ezkonduko zela laxte,

baina Mariana Urkia zuen

handik gutxira emazte”.

 

9- “Margarita det izena eta

Elizegi abizena,

bizirik daukat alabatxo bat

Pedro Aiestaranena,

bigarrengo hau jaiotzerako

zendu zitzaidan lehena,

ta ezkonduko ginela baina

ondo promesa herrena”.

 

10- “Nerekin dauden umeen aita da

Argintzanotar Esteban,

Maria Juaniz naiz, bizi dana

halamuzko egoeran:

beste alaba bat det Martinekin

izandako ibileran,

kendu egin zidan eta ez dakit

berriz ikusiko dedan”.

 

11- “Iztuetatar Katalina naiz,

ezin det bizi kantari:

bi ume izan ta biak zendu

hara bizitzak zer sari,

birjintasuna lapurtu eta

kontu faltsuak ugari,

noiz ezkonduko garen galdetu

Martin Etxeberriari”.

 

12- “Ni naiz Maria Gartzia, oso

gazte zaildutako neska,

nahiz Juan Murua ezkondua zan,

kontu hau gezurra ez ta:

topo eginda haretxek haurdun

utzi ninduen nahiezta,

zortzi egunekin hil zan alaba

bere sehaskan hauspezka”.

 

13- “Ni ardatzeko langilea naiz,

Mariana Mendiola,

bi seme eta alaba hazten

ari naiz, ez dakit nola;

Martin Loinazek maiz engainatu

nau gezurra dariola,

ni sartu naute kartzelan baina

hark merezi du kaiola”.

 

14- Beraz, Zaldibin jaso zirenak,

horra hamar testigantza,

garai hartako emakumeen

bizimodu gordin, latza;

bost egunera aske uzteko

ordaindu zuten fidantza,

herriak haiek seinalatuaz

luzatzen zuen behatza.

 

15-Hemen aipatu diren gizonak

etxe, kale zein elizan,

andrak zapaldu eta umeak

zaindu gabeak bizitzan,

bortxatzaileak, iruzurtiak,

gizartearen gerizan,

haiek ez ziren gure herrian

inoiz epaituak izan.

 

IRULEAK, «EMAKUME LIBREAK»

1646ko Zaldibiako epaiketan bada datu esanguratsu bat: epaituak izan ziren hamar emakumeetatik seik ardatzean lan egiten duten, lihoa iruten. «Garai hartan lihoa irutea iraultzailea izan zen. Liho asko irun omen zen Euskal Herrian garai hartan, eta horrek eman zien emakume askori diru pixka bat irabazteko era. Garai hartako beste ispilu bat da ikustea zenbat emakumek lan egiten zuten ardatzean. Egia da normalean baliabide asko ez zituzten emakumeak izaten zirela, seme-alabak bakarrik aurrera atera behar zituztenak. Hori ikusten da dokumentuetan», nabarmendu du Alaitz Sarasolak.

Jose Antonio Azpiazuk “La historia desconocida del lino vasco” liburuan jasotzen duenez, lihoak Erdi Arotik XX. mendera arte euskal bizitza sozial eta ekonomikoan garrantzi handia izan zuen, bereziki ama ezkongabe askorentzat, garai hartan oso gaizki kontsideratuak baitzeuden eta lihoaren eta ehungintzaren mundua irtenbide duina baitzen haientzat.

Velazquezen «Arakneren fabula» margolana, iruleen ingurukoa. Prado Museoan dago. (WIKIMEDIA)

Emakumeak presentzia juridikorik ez zuen garaia zen, edozertarako senarraren baimena edo sinadura behar zuen. Testuinguru hartan, lihoaren bidez emakume ezkongabeak protagonismoa hartu zuen. Lan horri esker, emakume askok posizio ekonomiko sozial eta ekonomiko jakina lortu zuten eta agintariek ez zekiten nola kokatu errealitate berri horren aurrean. XVI. mendearen amaieran “emakume libre” izena jarri zieten, estatus sozial garrantzitsua lortu zutelako. Garaiko gizartean emakumeak gizonaren mende zeuden eta iruleek arau hori hausten zuten.

Liho hazia edo linaza batez ere Portugaldik zetorren, eta euskal merkatariek hazi horiek ugari ematen zituzten. Lehengaia portuetan biltzen zen eta baserririk ezkutuenetan ere banatzen zen. Hazi horietatik datorren lihoa tratatzeko, euskal baserriak ehunak egiteko beharrezko makineriaz hornitzen hasi ziren. Emakumeak egiten zuen lihoa, linaziaren ereindakotik hasi eta oihalak egin arte. Prozesua oso korapilatsua, gogorra eta neketsua zen. Emakumeari harreman sozial oso garrantzitsuak aktibatzeko aukera ematen zion, beste lankide batzuekin lan egiteko biltzen zelako.

Nikolas Ormaetxea Orixe idazleak (1888-1961) baserrietan gauez elkartzen ziren iruleez hitz egiten du bere obran. Kantuak, esamesak, ezkongaiak... Bizitza sozial oso bat zegoen lihoaren lanaren inguruan. Egunaren amaieran, gauez, “sorgin afariak” egiten zituzten emakumeek, gaztainak eta esne beroa janez. Historialariek jasotako emakumeen testigantza batzuen arabera, «haiek ziren gure zinema eta antzerkia».