BIGARREN KAFEA
INFRAGANTI

Katixa Mecerreyes

Mexikon ibilbide arrakastatsua egiten ari da Katixa Mecerreyes aktore gipuzkoarra. Txikitatik argi izan zuen aktorea izan nahi zuela eta, ikasketak Madrilen abiatu zituen arren, patuak Ameriketara eraman zuen. Lanerako ingurune egokia aurkitu du bertan eta, bost urteren ondoren, erabat integratuta sentitzen da. Ez du itzultzea baztertzen, baina ametsei uko egin gabe.

Alonso Iñiguez zuzendariaren «Atrapadas en familia» filmaren fotograma, Katixa agertzen den eszena batean.
Alonso Iñiguez zuzendariaren «Atrapadas en familia» filmaren fotograma, Katixa agertzen den eszena batean. (UTZITAKOA)

Katixa Mecerreyes gipuzkoarrak txiki-txikitatik izan du antzerkiarekiko zaletasuna. Haurra zelarik jolasa eta ondo pasatzea buruan bazituen ere, bere barruan antzerkiarekiko gogoa eta ilusioa pizten hasi ziren. «Txikia nintzenean jolastea oso gustuko nuen. Eta uste dut jolasten jarraitzeko modu bat bezala hartu nuela antzerkia. Jolasean daukazun askatasuna ematen dizulako lan honek. Oholtza baten gainean zaudenean, aukera daukazu nahi duzun pertsonaia izateko, nahi duzun bezala jolasteko. Ez dago erantzukizun edo mugarik».

Eta antzerki klaseetan parte hartzen hasteko nahia ere oso goiz agertu zen Katixaren bizitzan. «Nik nire amari esan nion aktorea izan nahi nuela, eta berak erantzun zidan horretarako asko ikasi behar zela. ‘Ba ikasi nahi dut’, esan nion. Klase batzuetara apuntatu nintzen Oreretako antzerki laborategian. Eta hortik aurrera, ez diot inoiz utzi antzerkia egiteari», azaldu du NAIZ Irratiko Bigarren Kafea saioan.

«Oso urte politak izan ziren», dio Katixak garai haiek oroitzerakoan. «Antzerkiak daukana da zure burua ezagutzeko beste modu bat dela. Eta gaztea nintzenean jolastea eta gauza desberdinak probatzea oso dibertigarria izan zen». Eta ikaste prozesu garrantzitsua ere bai: «Txikia nintzenean oso-oso lotsatia nintzen. Eta antzerkiak erakusten duen gauzetako bat da taldean lan egiten eta dauden proposamenak kontuan hartzen. Eta beste ideiei irekita egoten; zure kideren batek zerbait proposatzen badizu, eromena iruditu arren, aurrera jarraitzen».

Esperientzia desberdinak

Aktore lanetan profesionalki buru-belarri jardun aurretik, ordea, beste esperientzia aberasgarri batzuk izan zituen Katixak. Modelo lanetan aritzea, adibidez; ezustean agertu zitzaion aukera. «Arropa denda batean hasi nintzen lanean, eta emakume batengana gerturatu nintzen zerbaitetan laguntzera. Bat-batean esan zidan: ‘ea, jarri zaitez perfilez, mesedez’. Begiratu zidan eta galdetu zidan: ‘gustatuko litzaizuke modelo bezala lan egitea?’ Nik une horretara arte ez nuen nire burua inoiz modelo lanetan imajinatu, baina baietz esan nion eta lan horretan ere hasi nintzen».

«Ile apaindegi baterako lana izan zen. Nire ilearekin orrazkera batzuk egin nahi zituzten», dio lehen esperientzia horri buruz, baina bidean aurrera egitea erabaki zuen. «Donostian dagoen agentzia bat aurkitu nuen. Klase batzuk hartu nituen eta pixkanaka mundu horretan sartzen joan nintzen. Castingetarako deitzen ninduten... Hasieran ez nekien zertan ari nintzen, baina besteen lana ikusi ahala ikasten joan nintzen».

Modelo lana dirudien bezain zorrotza ote den galdetuta, Katixak dio lehen eskaera nagusia altura dela, pisua baino gehiago, baina onartzen du neurri batzuetan sartu behar dela. «Zaindu egin behar duzu neurri horietan sartzeko, kirolari batek egingo lukeen modura. Nik horrela hartzen nuen. Lan bat da, eta une horretan gorputza zen nire lanerako tresna. Azken batean, abeslari batek bere ahotsa hondatu ezin dezakeen bezala, modelo lanetan zabiltzanean neurri batzuk bete behar dituzu. Ideala izango litzateke beste neurri batzuk ere kontuan hartzea, baina azkenean estandarra erabiltzen da. Ez nuen gaizki pasa, baina egia da kirol gehiago egiten nuela eta gehiago zaintzen nuela nire burua, banekielako horretan lan egin nahi banuen neurri horietan mantendu behar nuela».

Katixa, «Minas de pasion» telenobelaren grabaketan. (UTZITAKOA)

Eta modelo lanetan zebilela, miss lehiaketa batean parte hartzeko aukera ere izan zuen. «Hori bai ez nuela inoiz imajinatu, baina nengoen agentzian galdetu zidaten ea parte hartu nahi nuen eta, 18 urte nituenez, niretzat aukera bat zen bidaiatzeko eta aste bat etxetik kanpo igarotzeko. Jende asko ezagutzeko, soineko politak janzteko, probatzeko... Irabazleak Txinara joan behar zuen hilabete igarotzera, eta ni horrekin emozioz beteta nengoen», oroitu du.

«Egia esateko, beldur askorekin joan nintzen, entzuten ziren gauzak nahiko beldurgarriak iruditzen zitzaizkidalako: lehiakortasun handia nesken artean, 52 parte-hartzaile zeuden eta ni gazteena nintzen 18 urterekin, astebete igaro behar Salou inguruko hotel batean... Baina behin bertara iritsita, uste baino politagoa izan zen. Emakumeen arteko batasun eta babes handia sentitu nuen. Ez zen izan horren gogorra. Presio handia bai: egun guztia makillatuta egon behar, takoietan... Nik beste gauza ia guztiak aguantatu ditzaket, baina takoiak ez. Baina esperientzia polita izan zen», dio.

«Horrelakoek hazten laguntzen dizute, zure burua konfort-ingurunetik kanpo jartzen duzulako etengabe. Uste dut hori askotan egiten dudala nire bizitzan, konfort-ingurunetik atera eta gauza berriak probatu. Elkarrizketak egin, desfileak... Ez nuen irabazi, baina esperientzia polita izan zen. Orain pentsatzen dudanean 18 urteko Katixa horretan, oholtzan bandarekin desfilatzen, gezurra iruditzen zait. Bigarren egin nuen. Amak askotan esaten dit horrelakoak oroitzean: ‘Ai Katixaaaa’ (barreak)», gaineratu du.

Mexiko agertu zen bere bidean

Esperientziak esperientzia, Katixak argi zeukan aktorea izan nahi zuela eta, horretarako, ikasketak Madrilen egitea erabaki zuen. Baina orduan ere, bizitzaren gorabeherek inprobisatzera eraman zuten. «Madrilera joan nintzenean gogotsu nengoen unibertsitate batean sartzeko. Eta azkenean, oso gutxigatik, baina ez nuen postua lortu. 400 pertsona aurkeztu ziren, 27 sartzen ziren eta ni 28. geratu nintzen. Une hori nahiko konplikatua izan zen eta inprobisatzen asmatu behar izan nuen».

Orduan iritsi zen bere bizitza aldatuko zuen gertaera. «Beste eskola batera sartu nintzen karrera hastera, eta lehen kurtsoa amaitzerakoan, lagun mexikar batzuk ezagutu nituen. Beraien eskolaz eta beraien karreraz hitz egin zidaten, nahiz eta duela urte asko graduatuak ziren. Harrituta gelditu nintzen, ez nuelako ezagutzen beste aktorerik modu irekian esaten zuena bere bizitzan ez zuela beste lanik egin behar izan, antzezteaz aparte. Ni aktore izateko ikasten hasi nintzenetik, denek esaten zidaten gosez hilko nintzela, ez zegoelako modurik artetik bizitzeko. Beste edozertan lan egiteko prestatzeko, ea ‘B planik’ ez neukan... Gazte batek artetik bizi nahi duenean entzun behar izaten dituen horiek denak. Horregatik, mexikar horiek entzun nituenean nire jakin-mina piztu zen, horren atzean zer ote zegoen ezagutzeko».

Katixa, erdian eserita, «Asi de simple» antzerki obraren une batean. (Adriana VERA)

«Uda horretan iragarki bat egiteko zortea izan nuen, jada ez naiz gogoratzen zerena zen ere, eta diru horrekin Mexikora joateko hegazkin txartelak erosi nituen. Uda amaieran han nengoen, eskola ikusten, bertako industria ezagutzen... Lehenik aurre-inskripzioa egin nuen, eta handik bi hilabetera castinga egitera joan nintzen. Casting orokor bat dago: zure buruaz hitz egin behar duzu, anekdota bat kontatu, testu bat irakurri, abestu eta dantzatu. Ba proba egin eta egun berean esan zidaten nahi banuen plaza nirea zela, hasteko paperak egiten bisa lortzeko eta abar. Hori duela ia bost urte izan zen», gogoratu du denbora azkar pasa delakoan.

Katixak dioenez, «Mexiko da gaztelaniazko Hollywood, industria asko dago, aukera asko». Eta adibide bat jarri du: «Nire eskolako belaunaldian 15 pertsona graduatu ginen, eta ia guztiak dabiltza honetan lanean. Hori lortzea nik ezagutzen ditudan beste eskoletan oso zaila da».

Antzerkiaz gain, telebistako telenobela batzuetan ere egin du lan Katixak, eta deigarria egiten da gipuzkoar bat bertako azentuarekin hitz egiten entzutea. Bere ustez, garrantzitsua da eta asko landu du hizkuntzaren arloa. «Nik uste dut hizkuntza dela herri bat ezagutzeko elementu garrantzitsuena. Antzerkia egiten duzunean, komunikazio asmo bat duzu, eta iritsi nintzenean hasieratik esan zidaten azentua landu beharra neukala. Eta uste dut kasik lanerako baino garrantzitsuagoa izan dela harremanetarako, beste modu batera hartzen zaituztelako. Errazagoa da pertsona batekin lotura bat sortzea bere hizkuntza eta bere hitzak erabiltzen dituzunean. Lagun talde desberdinetan bezala da. Jendearen artean hiztegi berezi bat sortzen joaten da».

Gainera, euskalduna izateak lagundu egin omen dio, «guk badaukagulako ‘z’, ‘s’ eta ‘x’ desberdintzeko joera, eta horrek asko lagundu zidan belarria egiten». Hizkuntzarekin jolasean aritzeko joera ere handia omen da Mexikon. «Hitz bat esan beharrean beste bat esaten dizute berdin hasten dena, ‘albur’-ak egiten dizkizute, esanahi bikoitza duten hitzak erabiliz txantxak... Beraiek bezala hitz egitea bertan integratzeko modu bat izan zen niretzat. Gertutasuna ematen dizu».

Aipatzen duenez, bost urteren ostean oraintxe lortu du hitz egiterakoan besteak nongoa den ez konturatzea, eta, aldiz, Euskal Herrira itzultzean, kontrakoa gertatzen omen zaio askotan. «Ni Antxokoa naiz. Etxe inguruan kafe bat eskatzera joan eta ea nongoa naizen galdetzen didate. Itzuli nintzenean, adibidez, nire amak galdetzen zidan ea zergatik hitz egiten nuen arraro», dio barrezka.

«Inprobisatu bizitza»

Etorkizunera begira dituen asmoen inguruan, Katixa Mecerreyesek argi dauka bere lana ez dela epe luzerako proiektuak egiteko egokiena. «Momentuz han geldituko naiz, baina asko gustatuko litzaidake hona itzultzea, Madrilera agian. Baina lan honetan beti zaude etorriko zaizunaren mende, lana dagoen lekuan egon behar duzu. Txikitatik horrelako amets bat daukazunean, ezin duzu zure bizitza beste zerbaiten inguruan antolatu. Irekita egon behar duzu aukera berrietara eta etorkizunean zer egingo duzun ez jakiteak sortzen duen antsietate hori kontrolatzen ikasi behar duzu. Inprobisatu bizitza eta zure burua ere harritu gertatzen zaizkizunekin». Ez da filosofia txarra aktore ez garenontzat ere.