GAUR8 - mila leiho zabalik

Berrogei


Gaurko egunez jaio nintzen duela 40 urte, martxoaren 9 batean. Bai, berrogei, ai amatxo maitia!!! Eta niri iruditu oraindik 28 ditudala! Ba ez, Miren, ez. Ez dakit non, urte batzuk galdu zaizkit niri ohartu gabe. Eta gainera entzungo dut egunotan: «40? Orain hasten da onena!». Ba ez dakit ba, nik ez ditut oso ongi jaso.

Duela 40 urteko prentsan azaldutako albisteak bilatu ditut. “Hertzainak” diskoa kaleratu zela izan da ikusi dudan lehena. Ondoren, eta garaiak zeintzuk ziren ongi jakinda, eraildakoen zerrenda handi bat azaldu zait: Santi Brouard bere mediku kontsultan, GAL-ek “Peru” eta “Stein” Hendaian, Pasaian Polizia Nazionalak Komando Autonomoetako lau kide. Baina gertakari gehiago ere izan ziren, tartean 78 urteko emakume iruindar bat etxetik bota zuten eta Gaztelu plazan kanpaldi bat egin zen protesta moduan, bost egunetara udaltzainek atera zituzten handik. Edo beste hau: Sakanako hainbat udal elkartu ziren eskualdeko udal eta kontzeju guztiak bilduko zituen mankomunitatea osatzeko. Istiluak polizia eta herritarren artean, ETA Politiko-militarrak armak utzi zituen… Luze joko luke zerrendak.

Jolas moduan, kuadrillan galdetu dut: zein albiste irakurri nahiko zenukete hemendik 40 urtera? Erantzunak: «Irakurtzea bera ez legoke gaizki; 82 urterekin?! Zerua existitzen dela demostratu du Mimesotako Unibertsitateak; Martuteneko kartzela zegoen tokian duela 35 urte landatutako haritzen basoak nazioarteko milaka bisitari jaso ditu; homo sapiens espezieak homo solidariumi eman dio erreleboa; puf! Eztit buruak ematen; gaurtik aurrera ura, elektrizitatea, etxebizitza eta elikadura eskubide unibertsalak izango dira, egiatan...»

Urteak betetzen jarrai dezagun eta irakurri nahi genituzkeen albisteak egikaritzen. •