«Bertsoa gizartearen isla izango bada, ahots ezberdinak oholtzan egotea garrantzitsua da»

Gaztea da, baina oso argi du zer nahi duen Aroa Arrizubietak (Gasteiz, 2001). Gaurko finalean, pentsatzen duena kantatu nahi du, eta «zirriborratutakoa garbira pasatu».

Nola ikusi duzu txapelketa?

Nahiko ondo, iruditzen zait aurten inoiz baino jendetsuagoa ari dela izaten txapelketa, eta hori oso pozgarria da beti. Saioen aldetik aurten ere bazegoen zalantza bat edo gogo bat, esaten zen gazteek maila hobea zeukatela eta arriskuan egon zitezkeen betikoak ere, orduan bazegoen kuriositate hori bertsozaleen artean.

Eta zure txapelketako saioak?

Final laurdenetan nahiko gustura geratu nintzen, baina beti geratzen zitzaidan fintzeko zerbait. Finalerdietan ofizioetan oso gustura ibili nintzen, batzuetan besteetan baino hobeto; baina gero ganbarakoan blokeatu egin nintzen eta arantza horrekin geratu nintzen. Bi agurretan erabili nuen zirriborroa garbira pasatu nahi izanaren ideia, eta oraindik pendiente geratzen zait hori finalera begira.

17 urte zenituenean izan zen zure lehen txapelketa, eta baita lehen finala ere, oso gazte.

Aurten finaleko gazteena izaten jarraitzen dudan arren, ez noa baldintza horrekin finalera, nire izaera ez da “gazteena da, ez du axola zer egiten duen”, aurten beste jarrera batekin noa. Askoz argiago dut zertarako den bertsoa, zer esan nahi dudan bertsotan, zer den egitera noana: ni ideia konkretu batzuk plazaratzera noa, pentsatzen dudana esatera ahalik eta forma zainduenean. Ez dut joan nahi gazteenaren paperarekin, eta ez dut uste kanpotik ere horrela bizi denik, kendu dut gainetik etiketa hori. Gazteen ideia eramango ditut, nola bizi dugun egoera, belaunaldi berri batek zer dakarren kontatzera joango naiz, ez pertsonalki gazte posiziotik.

Gaztetasunaren etiketa kentzeak mesede egin al dizu?

Lehen saio asko izaten nituen arabarra, gaztea eta neska nintzelako. Kendu ditut etiketa horiek eta horrek bi gauza dakartza: alde batetik, saio pila bat galdu ditudala, eta bestetik, motibazioa. Etiketa horiek gabe jendeak nire bertsokeragatik entzutea nahi dut, ekarpen bat egiten dudalako nahi dut deitzea. Nahi dut jendeak esan dezan “Aroa etortzea nahi dut” eta ez “neska gazte bat etortzea nahi dut”.

Duela bi urte ez zenuen kantatu. Aurtengoan helbururik jarri al diozu zure buruari?

Duela bi urte kanpoan nintzen ikasten eta ezin izan nuen kantatu. Aurten hasieratik beldur handiagoz bizi izan dut, nire buruari jartzen nion presioa altuagoa zen: 17 urterekin finalean egon banintzen, 22 urterekin nola ez naiz ba egongo? Ez nuen esan nahi, baina finala bazen helburuetako bat; gutxienez aurrez egin nuena bezainbeste egitea, kanpotik nuen presioa kentzeko. Orokorrean nire helburua bada beste perspektiba bat eramatea oholtzara eta txapelketara. Txapela beti egongo da hor, ez naiz triste jarriko irabazten ez badut, badakit aukera asko daudela ez irabazteko, baina beti egongo da esperantza txiki bat eta gogo txiki bat.

Gasteizi plaza handi bat ematen dio txapelketak. Garrantzitsua al da?

Inoiz ez naiz txapelketen aldekoa izan; izan ere, zentzu batean tristea ere bada saio bera eginda 20 pertsona etortzea, eta txapelketa delako 600. Baina jendea horrek motibatzen badu, nik uste dut Gasteizen beharrezkoa dela horrelako espazioak sortzea, egokiena litzateke beste eremu batzuetan izatea isla hori pixkanaka. Gorantz doala dirudi, eta beraz, seinale txar-txarra ere ez da.

Zein da egungo bertsogintzaren argazkia Araban?

Iruditzen zait gero eta zabalagoa dela, gero eta jende gehiago dabilela bertan parte hartzen, eta gero eta ikuspegi gehiago daudela. Eta hori oso interesgarria iruditzen zait, azken finean, bertsoa izango baldin bada gizartearen isla, garrantzitsua delako bertako ahots ezberdinak oholtzan egotea; ez dugulako beti espero dena kantatuko, eta hori da dibertigarriena nire ustez.

Gasteiztar batek jantziko du aurtengo txapela.

Gasteiztarrak eta orokorrean Arabako herri ez euskaldunetako bertsolariak egoteak ilusioa egiten dit. Erdi eta erdi gaude finalean, baina iaz errepikatu zen oso pozgarria zela Aramaioko lau egotea. Nire ustez ez da hain berri pozgarria, horren euskaldunak ez diren bertsolariak egotea pozgarriagoa iruditzen zaidalako. Nik uste dut perspektiba hartu behar dugula eta garrantzitsua dela Aramaiotik kanpoko bertsolariek ere txapelketan aurrera egin eta plazetan kantatzea.