Joxean AGIRRE

Dendaostekoak

Alberto Manguelek bere “Historia de la lectura” liburuan kontatzen duenez, isilka irakurtzen ikastea aurrerapen izugarria izan zen kulturarentzat, inprentaren asmakizunaren tamainakoa. XV. mendearen bueltan eman zen urrats hori, eta badirudi eztarria urratuta zebiltzan sermolariak hasi zirela isilka irakurtzen, eta San Anbrosio aipatzen du aitzindarien artean.

Mangel bera ona izango zen ahots goraz irakurtzen, Borgesek aukeratu baitzuen bista galtzen hasi zenean liburuak irakur ziezazkion. Beti iruditu izan zait badirela ahots goraz oso ondo irakurtzen dutenak eta bagaudela negargarri irakurtzen dugunak. Gure aitona ez zen Borges, baina gaixotu zenean, neu izan nintzen bere irakurlea. Tomas Agirre Barrensororen “Uztaro”, Txomin Agirreren “Kresala” eta Etxaideren “Joanak joan” irakurri nizkion, eta Orixeren “Euskaldunak” astunarekin saiatu nintzen. Kirmen Uriberen tonua edo Harkaitz Canoren ahotsa izan banitu, seguru nago liluraturik jarraituko zuela niri entzuten, baina gorrotoz begiratu eta «orain ere horrekin al hator?», esaten zidan.

Isilka irakurtzea orain lau mendeko asmakizuna izango da, baina isilka pentsatzea zaharragoa, hain zaharra non betidanik oso gaizki ikusiak egon diren beren kontura, beren golkorako hitz eginez kaletik zihoazenak. Ni, ordea, adinagatik edo ez dakit zergatik ezpainak mugituz pentsatzen hasi naiz orain gutxi, eta jendeak begiratu egiten dit. IPhone bati konektatuta doazenek altuxeago hitz egiten dutela ikusirik, neuk ere igo egin dut ahotsaren tonua. Baina gauza bat da beren eguneroko gorabeherak “radiatuz” ibiltzea, eta oso besterik, ni bezala, agintarien kontra marmarrean. Atzo, oharkabean, Erkorekaren kontra hasi nintzen egundokoak esaten, eta jendeak harriduraz, eta larriduraz ere bai, begiratu egiten zidan. Berriro isilka pentsatzen ikasi beharko dut, ezen bestela arriskua dut “dendaosteko” talderen bateko kidetzat har nazaten, nahiz eta gero, epailearen aurrera eramaten banaute, seguru asko adina aringarri moduan hartuko didaten. •