06 ABR. 2024 TURISMO FRENETIKOA Gero eta ohikoagoa da, gauza asko egin nahian, oporrak estres epe bihurtzea Oporrak deskonektatzeko garaia direla errepikatu ohi dugu, baina argi dago gero eta zailagoa egiten zaigula agendak alde batera uztea. Dena planifikatu nahia eta teknologiak eskaintzen dituen baliabideei esker egiten duguna besteei erakustea dira turismoa gero eta estresagarriago egiten duten bi elementu. Euskal Herrira etorritako bisitari batzuk, eguzkipean, Donostiako autobus turistikoa hartzeko zain. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Hogei minutu inguruko itxaronaldia Louvre Museoan Giocondari argazkia ateratzeko eta, ondoren, irudia sareetan zintzilikatzeko. Egun berean, beste bi ordu itxaroten Eiffel dorrera sartzeko. Arratsaldea ontzi batean amaitu duzu Sena ibaian barrena, baina ia galdu egin duzu Eiffel dorreko ilara luzeen ondorioz... Turismo frenetikoa, agenda jarduerez, esperientziez eta bisitez betetzen duena, gelditzeko astirik gabe, gero eta ohikoagoa bilakatzen ari da, oporrak ere estres epe bihurtuz. «Orokortu ezin den arren, beti egon da nolabaiteko asmo exhibizionista bat turismoaren eta bidaien praktikan. Bidaietako argazki albumek eta, batez ere, ezkongaienek helburu hori zuten», dio Pablo Diaz Universitat Oberta de Catalunyako (UOC) Ekonomia eta Enpresa irakasleak eta turismoan adituak. «Hala ere, gaur egun teknologiak eta sare sozialek efektu hori biderkatu egin dute, eta turista batzuek gauzak egiteko eta bidaiak ezagutarazteko betebeharra senti dezakete», gaineratu du adituak. Fenomeno horrek, zehazki oraindik bataiatu ez bada ere, Diazen arabera, lehendik ezagutzen diren beste hainbat fenomenorekin harremana du, FOMOrekin (fear of missing out, ingelesez, zerbait galtzeko beldurra), edo FOENekin (fear of exhibiting nothing, ezer ez erakusteko beldurra). Turismo intentsiboaren eskaria «berrelikatu» egiten da sektore turistikoaren eskaintzarekin. «Esperientzien eskaintza gero eta handiagoa da, eta esperientzia horiek bezeroek sare sozialetan zabaldu ditzaten bultzatzen da. Enpresa edo ekintzaile turistikoak oso kezkatuta daude sareetan duten irudiarekin eta, horregatik, kasu askotan publikoen eskaeretara egokitzen dira», adierazi du irakasleak. Kontrola eta estresa Baina zergatik kostatzen zaigu hainbeste gelditzea eta deskonektatzea? «Ez dugu deskonektatzen dena kontrolpean eduki nahi batean bizi garelako, baita oporren plangintza ere. Paradoxikoki, zenbat eta kontrolatuago izan orduan eta estres handiagoa pairatzen dugu», esan du Sylvie Perez UOCeko Psikologia eta Hezkuntza Zientzien irakasleak. Perezen arabera, beste faktore bat da kosta egiten zaigula prozesuaz gozatzea, eta azken emaitza baino ez dugula nahi, izan Kapera Sistinoan edo mendi baten tontorrean ateratako argazkia, gero lorpen hori erakutsi ahal izateko. «Oporretan, jaiki eta egun horretan zerbait egin nahi dugun erabaki beharko genuke, eta, hala bada, une horretan zer ikusi edo zer egin nahiko genukeen erabaki», gomendatu du Perezek. Gehitzen duenez, iritsi gara une batera non atseden hartzea aukeratuz gero gaizki sentitzen garen. Eta guk sentimendu hori ez badugu, besteek honelako galderekin sortzen digute: «Eta esaten duzu ez duzula ezer egin oporraldi hauetan?». Profil desberdinak Duela urte batzuk, hainbat lekutara denbora gutxian egindako bisita askotako turismo mota hori turista asiarren profilarekin erlazionatzen zen arren, bereziki japoniarrekin, gaur egun mota guztietako biztanleengan hedatutako praktika da, Diazek dioenez. Exhibizionismoarekin eta teknologiarekiko mendekotasunarekin oso lotuta omen dago. «Baliteke biztanleria-talde batzuk egotea frenesi aktiboko praktika horretarako joera handiagoa dutenak, milenialenak adibidez [80ko eta 90eko hamarkaden artean jaiotakoak]», iritzi dio Diazek, gehituz askotan argazkiak partekatzen direla «lekuz kanpo ez geratzeko». «Bestela, zergatik ateratzen dira oinen hainbeste argazki hondartzan? Besteei erakusteko zu ere oporretan zaudela», adierazi du. Eta horren aurrean, kontrako joera ere azaleratzen ari omen da, «praktika horietatik ihes egin eta turismo slow eta deskonektatua bilatzen dutenak». Hala ere, Perezek gogoratu du deskonektatzea ez dela egun bakarrean lortzen: «Agian bizpahiru egun beharko dituzu beste erritmo batean sartu zarela ulertzeko».