Maider ARTOLA
Entrevista
June Ruiz eta Markel Amat
ESkRIMALARI GIPUZKOARRAK

«Hasieran hobby gisa hartu genuen, baina lana eginda goi-mailako txapelketetara irits zaitezke»

Ametsetako kirola zein izango zen sakon hausnartu ondoren, eskrimarekin topo egin zuten gutxien espero zutenean. Sablea lehen aldiz hartu zutenean, argi eta garbi jakin zuten erabakia zuzena zela eta ez zutela aukera galdu behar.

Ezkerretik hasita, Markel Amat (eskrimalaria), Pablo Martinez (entrenatzailea) eta June Ruiz (eskrimalaria) Donostiako Pio Baroja kiroldegian.
Ezkerretik hasita, Markel Amat (eskrimalaria), Pablo Martinez (entrenatzailea) eta June Ruiz (eskrimalaria) Donostiako Pio Baroja kiroldegian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

June Ruiz Belategi (Hernani, 2008) eta Markel Amat Baztarrika (Pasai San Pedro, 2008) nahiko gazte murgildu ziren eskrimaren munduan, baina ez zuten espero hain urrutira iritsiko zirenik. Aurten, Europako Txapelketan lehiatu dira, kadete mailan. Eskrima kirol «polita eta emozionantea» dela diote, baina ez beste kirol batzuk bezain ikusgarria. Eskrimalari «fisikotzat» dute euren burua. Amatek «talentua» nabarmendu du, eta Ruizek, «luzea» dela.

Horretarako, astean bi egunez entrenatzen dute Donostiako Pio Baroja kiroldegian, Pablo Martinez entrenatzailearekin batera. Berak gidatzen ditu eguneroko lanean, etorkizunean nazioarteko lehiaketa gehiagotan parte hartu ahal izateko.

Nola murgildu zineten eskrimaren munduan?

Markel Amat (M.A.): Egun batean, kiroldegi bateko igerilekuan ospatu zen kide baten urtebetetze festara joan nintzen eta kartela bat ikusi nuen: “Eskrimak hiru ezaugarri ditu: sablearen estrategia, arte-martzialen agresibitatea eta dantzaren elegantzia”. Jartzen zuena asko interesatu zitzaidan, eta gurasoei “txapa” ematen aritu nintzen bi hilabete luzez. Azkenean, ikastaro batean izena eman nuen. Gustatu zitzaidan eta han gelditu nintzen 10 urterekin.

June Ruiz (J.R.): Nire ahizparengatik hasi nintzen. Eskaladako txapelketa bat zeukan Pio Barojan. 8-9 urterekin kiroldegira iritsi nintzenean, eskrimako kartel erraldoi bat ikusi eta gero jakin nuen nire momentua zela.

Zergatik probatu nahi izan zenuten eskrima?

J.R.: Atentzioa eman zidalako.

M.A.: Kuriositate sinplea. Kirol baten bila nenbilen eta eskrimarekin topo egin nuen.

Egin al duzue beste kirolik eskrima baino lehen?

J.R.: Denetarik, egia esan. Pala, igeriketa, futbola...

M.A.: Arrauna egin dut, baina ez naiz inoiz talde batean murgilduta egon. Lehenengo eskrima, gero arrauna, gero berriro ere eskrima... Horrela nenbilen. Bestalde, kalean hainbat kiroletan ibili naiz: futbola, saskibaloia...

June, eskrima gainerako kirolekin tartekatzen zenuen?

J.R.: Eskrima ez da inoiz nire lehenengo aukera izan. Nik beste kirol batzuk egiten nituen, besteak beste eskola-kirola. Astero hiru kirol egiten nituen, baina, azkenean, eskrima aukeratu nuen.

Eskrimak hiru modalitate ditu: floretea, sablea eta ezpata. Zergatik aukeratu zenuten sablea?

M.A.: Izena eman nuenean, modalitate bakarra zegoela pentsatu nuen. Hau da, eskrima. Egia da guk sablea egiten dugula, horixe erakusten baitu Igorrek hemen. Bestela, ez genekien beste modalitate batzuk zeudela.

J.R.: Igorrek Fortunan sablea besterik ez du erakusten. Baina egia da helduei ezpata irakasten diela.

Zer desberdintasun daude hiru modalitateen artean?

M.A.: Onartu behar dut, nire ustez, sablea dela kirolaren gauzarik politena eta dibertigarriena. Bestalde, sablea askoz azkarragoa da ezpata eta floretea baino. Mugimenduak oso azkarrak dira.

J.R.: Horrez gain, floretean eta ezpatan puntarekin bakarrik ukitu daiteke aurkaria, baina sablean ez. Floretean lehentasuna dago eta ezpatan ez.

Zenbat ordu iraun dezake txapelketa batek?

M.A.: Motz batek hiru ordu eta luze batek hamabi. Egun oso bat lasai asko egon zaitezke pabiloi batean sartuta. Egia da une oro ez zarela ari kirola egiten, baina oso neketsua izan daiteke. Gainera, lehenengo fasean sailkapen orokor bat egiten da. Lehenengo geratu denak 64. geratu denari egin behar dio aurre, bigarrenak 63. postuan geratu denari... Horrela jende gutxiago geratzen den arte eta irabazlea atera arte. Lehen esan dizudan bezala, ordu asko egon behar zara han barruan.

J.R.: Eskrima ez da futbola bezalakoa, adibidez. Futbolean asteburu oro partidak dituzu eta txapelketak 10 hilabeteko luzera dauka. Eskriman, aldiz, asaltoak egun batean edo bitan egin behar dituzu. Guztiz desberdina da.

Napolin lehiatu zinetenean, esaterako, zenbat ordu pasatu zenituzten?

J.R.: Mutilak gu baino lehenago lehiatzen dira, beti gehiago izaten baitira. Horregatik, neskok haien txapelketak ikusi behar ditugu eta, bukatzen dutenean, gurean parte hartu. Askoz denbora gehiago egoten gara pabiloian.

M.A: Napolin egun desberdinetan lehiatu ginen, baina egunero zazpi ordu izan ziren.

Lehenengo gipuzkoarrak zarete Europako Txapelketan parte hartzen, kadete mailan. Nola bizi izan zenuten momentu hori?

M.A.: Denboraldi hau hasi nuenean ez nuen uste hain urrun iritsiko nintzenik. Pentsatzen nuen hurrengo urtean egingo nuela salto, kategoria horretan beste urte bat geratzen zaigulako. Zirraragarria izan zen egia esan. Dirulaguntzak ere lortu genituen, beraz, oso pozik.

J.R.: Nik, denboraldia hasi zenetik, denbora guztian nuen sailkapena buruan. Eta lortu nuen. Ez nik uste nuen bezala, baina pozik nago. Azken finean lortzea ez da erraza.

Nola ikusi zenuten zuen burua Napolin?

M.A.: Txapelketa batzuetan lasaiago ikusten zara beste batzuetan baino, baina urduritasuna hor zegoen. Napolin, adibidez, ez nintzen hain gaizki ikusi, baina emaitzak txarrak izan ziren.

J.R.: Nire aldetik, gaizki atera zitzaidan. Ez nuen espero hain gaizki aritzea. Egia da hurrengo egunean, taldekako probetan, ez ginela hain txarto ibili, baina ez nintzen batere gustura geratu bakarkako lehian.

Zer esango zenukete eskrimak Gipuzkoa mailan duen indarraz?

J.R.: Asko hazi da urteetan zehar, eta hobera doala uste dut. Oraindik, azpimarratu behar da gauza asko falta direla egiteko. Garrantzitsuena ez da haztea, mantentzea baizik. Horretarako, dirulaguntzak beharrezkoak dira. Baina ez bakarrik kirolarientzat, klubarentzat ere bai. Instalazio hobeak, entrenatzaile gehiago... edukitzeko.

Eskrima-trajea, adibidez, oso garestia da, ezta?

M.A.: Bai. Etorkizunera begiratzen baduzu, jakinda ez zarela txapelketa askotara joango, bost urte inguru iraun dezake. Txapelketa askotan parte hartzen duzunean sortzen da arazoa. Orduan, hiru urte baino gehiago ez dizu iraungo. Jantziek diru asko balio dute. Bi maila daude: FIE dena eta ez dena. Hau da, FIE bakarrik nazioarteko txapelketetarako behar da, eta prezioak hurrengoak dira: traje zuria 400 euro, “txaketilla” elektriko merkeena 150 euro eta kareta 200 euro. Hau da, FIE traje bat 1.000 eurotara irits daiteke. Gainera, zaku bat behar duzu gauza guztiak eramateko. Hau da, beste 300 euro.

J.R.: Jantziaz gain, oinetakoek asko balio dute. Gainera, ez dizute denboraldi bat ere irauten. Denboraldiaren amaieran konturatzen zara zulo bat dutela. 150-200 euro inguru balio dute. Astakeria da irauten duten denbora laburrerako.

Nola uztartzen dituzue entrenamenduak eta txapelketak ikasketekin?

J.R.: Ez zait kostatzen. Oso ondo eramaten dut. Egia da ez dugula beste leku batzuetan adina entrenatzen, eta hori ondo datorkit ikasketak antolatzeko. Gehiago entrenatzea gustatuko litzaidake, baina ezinezkoa da.

M.A.: Ikasketetan ondo nabil, baina arazoa azterketa-astean txapelketa bat tokatzen zaizunean dator. Horixe gertatu zitzaigun Napolin izan ginenean. Ikastolara itzuli nintzenean 11 azterketa egin behar izan nituen lau egunetan. DBH4n gaude eta ez ditugu ikasgai bakoitzeko 35 orri ikasi behar, bestela oso zaila izango litzateke. Argi utzi nahi dut gure ikaskideak bezala eskolara joaten garela.

Astean zenbat egunez entrenatzen duzue?

M.A: Pio Barojan astean bitan entrenatzen dugu. Gero bakoitzak bere egoera fisikoa lantzen du kiroldegitik kanpo; batzuk gimnasiora doaz eta beste batzuk ikastaroren bat egiten dute.

Eskrima ez da oso kirol arrunta. Ospe handiagoa izan beharko lukeela uste duzue?

M.A: Ez dut uste eskrimari beste kirol batzuei baino garrantzi handiagoa eman behar zaionik. Besteen aukera berdinak izatea litzateke onena. Ez dut nahi futbola bezalakoa bihurtzea ere. Kirol-aniztasuna behar da.

J.R: Nire ustez, eskrimari ospe handiagoa eman beharrean, kirol arruntei (futbola, saskibaloia...) ospea kendu beharko litzaieke. Hala, kirol-egonkortasuna lor daiteke.

Zenbat urterekin has zaitezke eskrima egiten?

J.R.: Zortzi urtetik aurrera. Orduan has zaitezke sablea ezagutzen. Azken batean, metala da eta arriskutsua izan daiteke adin txikikoentzat.

Eta ba al dago adinen bat kirola uzteko?

M.A.: Egia da ez dagoela gehienezko adinik kirol hau egiteko. Badago jendea hobbytzat hartzen duena. Horregatik, edozeinek eman dezake izena, lasaitasun osoz.

Zuen kategorian, zenbat neska eta mutil zaudete?

M.A.: Lau neska eta sei-zazpi mutil. Egia da ez garela asko maila altu batean.

Gurpildun-aulkian dauden pertsonak ere eskrima egin al dezakete?

M.A.: Noski. Nire ustez, kirol honek duen gauzarik politena da. Ezgaitasunen bat baduzu, eskrima ez da inolako oztopoa. Bultzada izan daiteke.

J.R.: Gainera, txapelketa paralinpikoak daude eta berdin lehiatu daitezke. Bikain iruditzen zait. Besteok daukagun aukera berberak izan behar dituzte.

Araudiari dagokionez, berdin-berdin jokatzen al da?

J.R.: Ez. Azkenean aulki batean zaude eta mugikortasuna ez da berdina. Baina saiakera egiten da asaltoetan gertatzen dena berdin mantentzeko.

Gorputzaren zein zati erabiltzen dute gehien?

M.A.: Haiek gehiago erabiltzen dituzte abdominalak eta guk hankak. Aurrera eta atzera joateko hankekin egiten dugun lana aulkiarekin egiten dute.

June, iazko uztailean Euskadiko txapelduna izan zinen sable modalitatean Marijo Padura menderatuta. Nola bizitu zenuen momentu hori?

J.R: Oso une berezia izan zen niretzat. Banekien Marijo zela txapelketa hori urtez urte irabazten zuena, baina 2023an ni izan nintzen. Egia esan, izugarrizko poza sentitu nuen.

Madrilen ere Espainiako U15 txapelketa irabazi zenuen eta U17 kategorian brontzezko domina lortu zenuen. Espero al zenituen?

J.R: Oso txapelketa onak izan ziren. Oroitzapen politak ditut. Lehenengo eskertza Igor Otaeguirentzat (entrenatzailea) izan zen. Une oro animatu gaitu. Beti esan digu txapelketa bat irabazi behar genuela. “Oraingoan bai edo bai irabazi behar duzue”. Kirolariren bat eduki du finalera iritsi dena, baina galdu egiten zuen gero. Momentu guztietan gure gidaria izan da eta berari esker lortu dugu hau dena.

Markel, zuk Espainiako bi txapelketa irabazi dituzu. Eta Zagrebetik urrezko dominarekin itzuli zinen. Nolakoak izan ziren momentu horiek?

M.A: Poztasun askoko uneak izan ziren. Igor irrikan zegoen eta hau berari esker lortu dut. Banakakoa ikaragarria izan zen eta taldekako txapelketa irabaztea ere erronka handia izan zen. Bestalde, Zagrebekoa nire lehenengo nazioarteko txapelketa izan zela esan daiteke. Ez nuen hain ondo egiteko itxaropenik, jakinda italiarrak eta hungariarrak oso onak direla eskriman. Azkenean, ikusi nuen finalean nengoela eta poztasuna nire aurpegian sumatzen zen. Gainera, esan behar dut finala izan zela errazena egin zitzaidan asaltoa. Ez dakit zergatik, baina hala izan zen.

Oso gazteak zarete, baina domina asko irabazi dituzue. Nola ikusten duzue izan duzuen aurrerapena?

J.R: Aldaketa askorekin. Txikitatik hasi nintzen, baina ez nekien hain urrun iritsiko nintzenik. Hasieran hobby gisa hartu nuen, baina hobby hori errealitate bihurtu da. Oraindik lan handia egin behar dut kirol honetan hazteko, baina bide onetik noa.

M.A: Nire ibilbidea berdintsu ikusten dut. Eskriman kirol bat egiteagatik hasi nintzen, baina ikus daiteke lana egiten baduzu goi-mailako txapelketetara irits zaitezkeela. Gainera, kirolari gisa nahiz pertsonalki hazten zara.

Zer aholku emango zeniekete kirol honetan izena eman nahi duten haurrei?

M.A: Gustatzen zaizun kirola bada, ekin. Ikasteko gogoa izatea da garrantzitsuena. Ondo pasatuko duzu.

J.R: Pentsa dezakezu ez dela oso entzuna, baina disfrutatuko duzu. Neskak ere bagaude. Beraz, ez da mutilentzat soilik.