Isidro ESNAOLA
{ DATORRENA }

Noraino iristen da petrolio enpresen ustelkeria?

Pasa den larunbatean, Peruko Fiskaltzak Dina Boluarte presidentearen etxea miatu zuen, "rolex kasua"-ren ikerketaren barnean. Antza denez, Poliziak 500.000 dolarreko balioa zuten bitxiak eta luxuzko erlojuak aurkitu zituen. Ondasun horien jatorria ez dago argi. Luxuzko erlojuen kontura, urte hasieran New Yorken Javier Aguilar epaitu zutela gogoratu nuen. Vitol taldeko maila ertaineko exekutiboa zen, munduko petrolio merkaturatzaile etxe handiena. Ekuadorreko Gobernuko funtzionarioak erosi izana leporatu zioten eta epaitegiak erruduntzat jo zuen. Epaiketak bi arrazoirengatik du interesa. Lehenik eta behin, pertsona bat epaitu den bakanetakoa da. Beharbada, ustelkeria kasuetan erantzukizunak pertsonalizatu nahi dituzte. Orain arte, enpresa epaitu ohi zuten, eta, erruduntzat joz gero, isuna bere negozioari lotutako kostu bat balitz bezala ordaindu besterik ez zuen egiten, eta gaia ahaztu.

Bigarrenik, lekukoen testigantzak oso mamitsuak izan ziren. Pere anaiek deklaratu zuten eroskeriaz arduratzen zirela, eta Nilsen Arias Ekuadorreko petrolio konpainia estataleko nazioarteko merkataritzako buru ohiak jaso egiten zituela. Kasu honetan, fakturak ordaintzeaz eta luxuzko erlojuak emateaz gain, bitartekariek milioi asko maneiatu zituzten, hainbesteraino non bitartekarietako batek aitortu baitzuen 100 milioi ere erabili zituela. Kopuruaz harrituta, epaileak galdetu zion ea lehendakaritzako idazkari nagusia erosten saiatu zen. Lekukoak baietz erantzun zion, horretarako asmoa zuela. Era berean, esan zuen ez zuela gogoratzen bezero bati gobernuko gestioak egiten lagundu izana eroskeria bat ordaindu gabe. Petrolioaren merkatari horiek duten ahalmenaren eta inpunitatearen berri ematen dute erantzun horiek.

New Yorken epaitutako kasuan petrolioa merkaturatzen duten sei enpresa daude nahasita, horien artean munduko hiru handienak: Vitol, Gunvor Group eta Trafigura Group. 2020an jakin genuen Glencorek, munduko lehengai merkatari handienak, hegazkin pribatu bat pleitatu zuela eta milioi bat dolarrekin bete zuela, 2011n, Hego Sudanen independentzia aldarrikatu eta egun gutxira. Egun batzuk geroago, petrolio-akordioak eskuratu zituen. Herrialde bat usteldu zuen sortu eta egun gutxira. Harrapatu zituztenean, erruduntzat jo zuen bere burua eta isuna ordaindu zuen. Ekuadorreko kasuan, ustelak sofistikatuagoak izan ziren eta paradisu fiskaletan sortutako enpresak erabili zituzten, tartean, Mossack Fonseca abokatu-langela, Panamako paperak filtratzeagatik ezaguna egin zena.

Horrek guztiak argi eta garbi erakusten du zer instituzionalizatuta dagoen ustelkeria lehengaien merkatuan, oro har, eta petrolioarenean, bereziki. Horregatik, deigarria da, bi urte pasa eta gero, urte hasieratik Ukrainako armada tiroka zituen findegi errusiar guztiei eraso egiten aritu izana, harik eta gobernu errusiarrak produktu finduen esportazioak etetea agindu zuen arte; eta horrek, zalantzarik gabe, prezioak igoko ditu. Helburua Errusiako armada gasolinarik gabe uztea bazen, nekez lortuko da. Ustelkeriaren panorama ikusita, norbait erregaien igoeraren alde ari da apustu handia egiten. Adam Smith konturatu zen garai nahasiak direla onenak etekin handiak lortzeko. •