13 ABR. 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Espektatiba dantza hauteskunde garaian Iñaki Altuna Aste Santuko opor egunek eta Athletic-ek irabazitako Kopa finalaren partidak zein haren ondoko ospakizunek hauteskunde kanpaina murriztu dute. Ez dakigu oraintxe ezohiko kanpaina honek (ba ote da ohikorik) zer eragin izango ote duen azken emaitzan. Azken aldietan hamabost egunez boz bila aritzeko jardunak garrantzia eta eragina izan zutela diote adituek. Ea, bada, oraingoan. Kanpainaren lerroburu nagusi EAJren eta EH Bilduren arteko lehia bilakatu da, hedabideetan ari diren analistek eta inkestek hala indartuta. CISen azkenak EH Bildu jarri du lehen indar. Aho biko ezpata izan daiteke ezkerreko independentismoa ordezkatzen duen koalizioarentzat. Irabazteko espektatibak gizentzen duen bezalaxe, espektatiba horiek oso-osorik ez betetzeak frustrazioa ere eragin baitezake, oso emaitza onak lortuta ere. Horregatik, beharbada, haien diskurtsoa, igandeko emaitza baino harago, aurrera begira zabalduko zatekeen aldi politikoan jartzen saiatzen ari dira. Alternantzia politiko hutsetik haragoko mezuari heldu diote, eta maila batean ezustean harrapatu ditu denak. Sorpasso delakoak ez du haren mezuaren erdigunea hartu, kooperazio eta akordio aukerak aztertzeak baizik. «XXI. mendeko urte erabakigarrietan beharrezkoa da etorkizuneko herri proiektu sendo bat osatzea, epe ertain-luzeko begiradarekin eta ezberdinen arteko kooperazioan oinarrituta», idatzia du Pello Otxandianok, eta ETBko eztabaidan helduleku horri eutsi zion. Azken boladan hauteskundeetan izandako beheranzko joerak EAJ alertan jarri du. Espektatiba txarrak izan ditu aurreko hilabeteotan, eta horrek aztoratu du mundu hori. Zentzu okerrenean, hil ala biziko erronkatzat hartu dituzte hauteskunde hauek. Ikusgarria da sare sozialetan EAJko hainbat militante eta, are nabarmenago, gero eta ugariago diren troll jelkideak erakusten ari diren zakarkeria. Talkara jotzeko gogoa dute, kanpaina hasi eta egun gutxira Joseba Egibarrek azaldu zuenez: «EH Bildu etxekalte da instituzioetan, kabira zikina botatzen duen txoria». Espektatibak bete daitezke edo huts egin dezakete. Eneko Anduezarena bigarren aukeraren kasurik nabarmenetakoa da. Idoia Mendia PSEren buru zela, Mendia ordezkatuko zuen belaunaldiak aldarte irekiagoa eta, 2011tik aurrera, Aieteko Konferentziaren ostean, abiarazitako garai berrirako jokabide egokiagoa izango zuela zabaldu zen kazetari eta politikarien arteko solas-lekuetan. Espektatiba ez da bete, alajaina. Gainera, konparazioa ez da denboran egin behar. Une honetan bertan alderatze hori Alderdi Sozialistak beste eremu geografikoetan duen jokabidearekin egin daiteke. Nafarroan edo Madrilen gertatutakoek Anduezaren soslaia are nabariago azaleratzen dute. Nola liteke Espainiako Gobernuko ordezkariek baino jarrera hertsiagoak izatea? Giltzarrapoaren rola hartu du bere gain, horrek EAJri baldintzarik gabe lotzea ekarri arren eta, hala behar izanez gero, PPren babesaren mende jarri arren. Giltzarrapoa, etorkizunera begirako aukerak eta eztabaidak galarazteko. Espektatiba batzuk hauteskunde egunean eta gobernua osatzeko ondoko negoziazio saioetan argituko dira, baina beste berri batzuk sortuko dira. Boliek aurrera segituko baitu. • Pello Otxandiano retoma su mensaje más allá de la mera alternancia política, sorprendiendo a todos a un nivel