13 ABR. 2024 «BIRZIBILIZAZIOA» Esperantzarako sei argi-printza utzi ditu Fernando Valladares ekologoak Zientzialariek behin eta berriz ohartarazi digute aldaketa klimatikoaren arriskuez, eta argi utzi digute ezin dugula denborarik galdu borroka horretan. Fernando Valladares biologoak ere urte asko daramatza horretan, baina bere azken liburuan, egoeraren larritasuna nabarmentzeaz gain, esperantzarako hari batzuk ere josi nahi izan ditu. Fernando Valladares biologoak Zarauzko Modelo aretoan eman zuen hitzaldiko une bat. Gero, Tolosan ere izan zen. (ZARAUTZ-ON) Asier Aiestaran Fernando Valladares zientzialari argentinarra Euskal Herrian izan da orain gutxi bere azken liburua aurkezten. “Birzibilizazioa: erronkak, zangotrabak eta mundua konpontzeko motibazioak” du izenburua, eta egileak aldaketa klimatikoari aurre egiteko beharraz hausnartzen du. Valladares Biologian doktorea da, aldaketa klimatikoan espezializatutako ekologoa eta CSICeko ikertzailea Natur Zientzien Museo Nazionalean (MNCN-CSIC). Urte asko daramatza hitzaldiak ematen aldaketa klimatikoaren arriskuez ohartarazteko, eta egoera oso larria dela argi uzten duen arren, azken lan honetan esperantzarako argi-printza txiki batzuk aipatzen ditu. Bere ustez, egungo egoera irauli eta «zibilizazio aldaketa bat posible egin dezaketen zazpi aktore garrantzitsuenetatik sei aktibatuta daude». Baieztapen eztabaidagarria da, polemikoa agian, baina hain zuzen ere eztabaida mahai gainean jarri eta interpelatutako sektoreak zirikatzen lagundu dezakeelako, lerro hauek eskaintzea erabaki dugu: 1. Mundu akademikoa Eztabaida gutxien atal honetan dago. Zientzialariek urte asko daramatzate ikerketak egiten eta agerikoa den aldaketa klimatikoaren arriskuez ohartarazten. «Ikusten nauzue ni, 30 urte daramatzat hara eta hona honi buruz hitz egiten, jendeari gertatzen ari dena kontatzen. Beste 30 urtez jarraitu behar badut jarraituko dut, baina denbora agortzen ari zaigu. Dokumentalak egin dira, hortik komunikabideetako mezu urgenteagoetara igaro gara, indarkeriarik gabeko desobedientzia ekintzak ikusten ari gara... Gauza desberdinak probatu beharko dira. Ez dakit zein den bide egokiena baina zerbait egin behar da, atzerapen handiarekin goaz». Zientzialarien eta mundu akademikoaren aktibazioaz mila adibide jar litezke, baina Valladaresek iazko urrian 161 herrialde desberdinetako 15.000 zientzialarik sinatutako manifestua aipatu zuen. 2. Nazio Batuen Erakundea Agintarien jarrera oso epela eta jokabidea oso ahula dela salatu arren, Valladaresek Nazio Batuen Erakundeak egindako zenbait adierazpen balioan jarri nahi izan zituen. «Nazio Batuek zientzialariek diotenari jarraitzen diote, eta erabakiak horren arabera hartzen dituzte. Ez zientzia bakarrik kontuan hartuz, baina pisu handia duela ezin da ukatu. Hori ez da harritzekoa. Agian arreta gehiago ematen du Antonio Guterres idazkari nagusi berriaren hitz egiteko estiloak. Bere narratibak hotzikarak sortzen ditu. Zientzian oinarritutako argudioak aipatzen ditu, baina modu oso gordinean. Planeta “irakiten” dagoela eta antzekoak aipatzen ditu. Lengoaia hori probokatzeko erabiltzen du, bere mezuak entzun daitezen, txostenetan aipatzen direnak jendearengana hel daitezen». «Azken txostenean, adibidez, bi elementu interesgarri jartzen ditu NBEk mahai gainean. Batetik, ingurumen-kalteak sortzen dituzten enpresek ez dutela horri aurre egiteko tokatuko litzaieken dirurik jartzen. Eta bestetik, ez dela diru gehiago jartzea besterik gabe, baizik eta nork jarri behar duen diru hori. Petrolio-ontzien kasua, adibidez. Ikerketa batek zihoen azken 20 urteetan petrolio-ontziek sortu dituzten kalte guztiak ordainduta ere, 20 bilioi dolarreko etekinak izango lituzketela. Alegia, marjina badute». 3. Dirudunak Seguruenik hemen hasten dira argumentu probokatzaileak. Valladaresen esanetan, «dirudun asko ere aktibatuta daude», eta hori oinarritzeko, 2023ko irailean dirudun talde batek G20ari idatzitako gutuna erabiltzen du. «Bi gauza eskatzen zizkieten agintariei, oso konkretuak eta nahiko erradikalak. Batetik, beraiei, aberatsei, zergak igotzeko, eta bestetik, zerga-ihesa borrokatzeko. Badakizue bi zerga-ihes mota daudela: legala eta ilegala. Dirudunak dirudunak dira bi moduak erabiltzen dituztelako. Ez dakit zeinetaz ari ziren, baina hitza hartu behar zaie», bota zuen. «Ez dut uste pertsona bereziki jatorrak direlako edo gizateriaren etorkizunaz kezkatuta daudelako denik, baina uste dut une honetan ontzian arraunlariak batzeko gaudela, eta arraunlari horiek inbertsiorako ahalmena badute, ongietorriak dira». 4. Eliza katolikoa «Unibertsitatean nire ikasleei ariketa bat proposatu ohi diet. Esaldi eta testu batzuk erakusten dizkiet eta Francisco Aita Santuak edo Greta Thunberg-ek esan dituen asmatu behar dute. Ez dute jakiten zer erantzun», abiatu zuen zientzialariak bere argumentua. «Duela urte batzuk Aita Santuak atera zuen Laudato Si lanaren lehen erdia aldaketa klimatikoari buruzko tratatu bat da. Erabatekoa, zientzia oinarri duena. Bigarren erdian elizaren kontuak aipatzen ziren gehiago, ados. Iazko irail-urrian atera zuen aholku apostolikoan tonua ere jada aldatu egin zuen, eta zuzenean fededunei ekintzarako deia egiten zien. ‘Egin egin behar da, ez ulertu bakarrik’». Valladaresek onartzen du eliza barruan badaudela sektoreak, «batez ere sektore ekonomiko jakin batzuekin harremana dutenak», ez dutenak begi onez ikusten jarrera hau. Baina uste du “birzibilizazio” horretan aktore garrantzitsua izan daitekeela. «Munduan 1.500 miloi katoliko daudela uste da gutxi gorabehera. Praktikanteak erdia direla dioen batezbestekoa aplikatuta ere, jende kopuru handia da. Guztiek beraien lider espiritualak dioena jarraituko balute, asko genuke irabazita». 5. Sektore pribatua Puntu honek ere asaldura sor dezake, baina Valladaresek iazko urrian sektore pribatuko 131 firma ezagunek, tartean Nestle edo Volvo, COP28 biltzarrera bidalitako gutuna ekarri du gogora, deskarbonizazio prozesua azkartzeko akordio bat eskatuz. «Marka horiek diote beren produkzio prozesuan aldaketa klimatikoaren eraginak pairatzen ari direla, eta ulertzen dute gaur egungo norabidea ez dela jasangarria. Beraz, sektore pribatuan ere aurki daitezke aliatuak borroka honetan». 6. Biztanleria «Zalantzarik gabe, esperantza gehien pizten duen elementua biztanleria da», esanez amaitu du ekologoak bere zerrenda. Eta berak, pertsonalki, Aldaketa Klimatikorako Espainiako Batzar Herrikoian izandako esperientzia ipini zuen horren adibide. «Sekulako zentzu on ariketa izan zen. Adituok informazioa eman behar genuen, iritzirik eman gabe, eta galderaren bat eginez gero, haiei erantzun. Egindako lan horretatik 166 proposamen atera ziren, erabat zentzuzkoak. Eta hori inspirazio iturri bikaina da». «Oso kontzeptu baliagarriak jartzen ziren behin eta berriz mahai gainean. Nahikotasun ekonomikoa, adibidez. Ekonomiak beharrizanak betetzeko punturaino iritsi behar duela, eta kito. Legedia behar dugula aberastasun ekonomikoa mugatzeko. Frantziako patronalak, inkesta batean, horren itxura txarra duen ‘desazkundearen’ inguruko iritzia galdetu zien herritarrei, eta harrituta geratu zen %67 alde agertu zelako, gutxiago produzitu eta kontsumitzearen alde. Logikoa da, etorriko den zerbait da. Kontua da modu arrazionalean eta planifikatuan egin dezakegula, edo kolpetik etortzeko zain egon». «Aita Santuak atera zuen Laudato Si lanaren lehen erdia aldaketa klimatikoari buruzko tratatu bat da. Erabatekoa, zientzia oinarri duena», dio eliza katolikoari buruz «Frantziako patronalak, inkesta batean, horren itxura txarra duen ‘desazkundearen’ inguruko iritzia galdetu zien herritarrei, eta harrituta geratu zen %67 alde agertu zelako»