13 ABR. 2024 Izenarekin barrezka Miren AZKARATE BADIOLA Miren Azkarate. Hori da nire izena eta nire lehen abizena. Baina ez da nirea bakarrik. Badira beste batzuk ere izen-abizen horiekin, eta horien artean jende ospetsua dago. Ez da nire izenarekin soilik gertatzen, ziur baduzuela norbait inguruan… Txikitatik entzun behar izan dut «Ui, Euskaltzaindiakoa bezala» edo pixka bat aurrerago «ño, PNVkoa bezala!». Eta beti, beti, beti irri batekin, askotan ez dudalarik jakin ongi identifikatzen zer esan nahi zidaten zehazki. Abesti bat ere bada nire izen-abizenak behin eta berriz aipatzen dituena, eta gainera maite nautela dioena, nahiz eta bestearen omenez den. Ni espetxean nintzen eta halaxe esan zidan nire anaiak: «Abesti bat egin dizute eta auzoko tabernetan denek zu maite zaituzte!». Ezin nuenez bertako tabernetan egon, lehen aldiz osorik entzun nuen eguna ez dut sekula ahaztuko: Soto del Realeko gure moduluan nire kide guztiek abestu zidaten espetxez aldatzen ninduten egunean. Azken gertakaria nire izen-abizenekin duela egun batzuk pasa zitzaidan. Kazetari batek haien komunikabidean mahai-inguru batean parte hartzeko gonbita luzatu zidan. Nik ezezkoa erantzun nion ordu eta egun hartan ezin nuelako. Ordu erdira beste email bat, beste gonbidapen batekin, hauteskunde gauean hizlari moduan aritzeko. Ezezkoa hau ere. Handik egun batzuetara beste proposamen bat, kontseilari ohiekin mahai-inguru bat egin nahi zutela. Kar kar! Ez zuen inongo momentutan nire presentzia nahi, PNVkoarena nahi zuen! Kazetari horri: milesker eguna alaitzeagatik! •