Amak, putak edo biktimak
Bi gizon atxilotu dituzte Donostian beste baten hilketarekin harremana dutelakoan”, “Gipuzkoan hainbat emakume bortxatu dituen gizonak zazpi urteko zigorra onartu du azken erasoagatik”, “hemen lan egiten badugu, beste edozein langilek dituen eskubideak izan behar ditugu”, “gorputz idealaren kontzeptu bat dugu, eta hori ez da aproposa”, “demostratu nahi genuen badaudela indarkeria ikusezin pila bat emakumeei eragiten dietenak”, “kaosean bizirik irauten duen herrialdea”, “Gaza ezinean”, “Gizon batek bere emaztea eta bi haurrak hil ditu”…
Laurogei urte dituenak erraten dit bizitza sinplea izan duela berak gurearen aldean. Lan eskerga egin duela etxean semeak hezteko, eta kontraturik gabe etxetik kanpo diru truk, gehiago baitzen eskura, bere jubilazioan pentsatu gabe. Sardexka, platera eta labana elkarren segidan senarra etortzen zenerako mahaian. Ez zuela espektatiba berezirik, hori zela egin behar zuena, ez zituela gauzak zalantzan jarri orduko hartan. Guk baditugula egin nahiak, espektatibak… hormatzarrarekin topo egitea dakarrela horrek, arrakalatzen baitira, baina astiro. Laurogei urte dituenak egin du kanpora ahal izan duen guztietan. Joaten da zinemara, kantura, paseatzera, irakurtzen du eta entzuten die adi bilobei. Aditzen die laurogei urteek ematen dioten perspektibarekin.
Eta ni nardatzen nau mundu honek, nardatzen naute aktualak diren albiste zaharrek. Errealitateak erakusten dit ez naizela inoiz gabarra barruan egonen, espainolez ospatzen direla herri honetan kopak, kamisetarik gabeko gorputz maskulinoak gurtzen direla hildakoen omenez petaloak zabaltzen dituzten bitartean, ez garela unique in the world.
Ez garela bakarrak eta ez dagoela mundu bat baino gehiago.
Beste hainbeste gertatzen da fikziozko edukietan ere, plataforma batetik bestera salto egin arren. Begi kritikoz ikusi behar dira pelikulak, serie gehienak, liseriketa egiteko; bestela, begi akritikoz. Eta nekagarria da beti begiak zorrotz eduki behar izatea. Aberatsen succession-ak, seme-alabak zaintzen dituzten ama sakrifikatuak, trapu lez tratatzen dituzten senarrekin izandako haserrea txortaldi apasionatu batekin gainditzen duten emakumeak. Bortxaketak, torturak, umiliazioak, hilketak, emakumeenak. Matxiruloari belauniko jarrita jan behar zaio zakila. Amak, putak edo biktimak. Nardatzen nau desberdinkeriaren zazpigarren arteak.
Esperantzaz hartzen ditut egiten dizkidaten proposamenak, adi samar entzuten ditut irrati tertuliak, baina gehienetan ez dut hogeigarren minutua gainditzen. Albistegiak badira nahiko laranja mekaniko.
Orokorkeriaren brotxa beti izan da lodia, baina batzuetan trazu potoloak egin behar dira, salbuespenak salbuespen. Ez da zineman aditua izan beharrik gizonezkoen gidoiak kilometroetara usaintzeko, botere zapaltzailearen fantasia amaigabe hori. Maite dut emakume zinemagile askok egiten duten lana, ulertzen dut desberdinkeria salatu behar dela, baina kondena emozional bat da etengabeko hausnarketa.
Giza miseriaren erreprodukzioa. Zinemagile bakoitzak bere obsesioak ditu, bere obra da. Ikusleak bereak. Nik mundu posibleak ere behar ditut, ez dut beti ama, puta edo biktima izan nahi. •