20 ABR. 2024 INFRAGANTI Aitzol Iturbe AndalorrEKO ogi ekologikoa egiten du Aitzol Iturbe antzuolarrak Baztango Gartzain herrian. Duela urtebete inguru martxan jarritako proiektua da, eta bertan izan gara bere lana ezagutzeko. Gainera, nekazaritza ekologikoan ere badu esperientzia, eta, Biolur elkarteko kidea denez, lehen sektorearen egoeraz ere hausnarketa bat eskatu diogu. Argazkiak: Iñigo URIZ | FOKU Asier Aiestaran Udaberrian sartu berritan iritsi gara Baztango Gartzain herri txiki bezain ederrera. Autotik irten aurretik termometroari botatako azken begiradak 24 gradutan gaudela dio 17.30 jotzear direla. Goxotasun ederra, martxoa amaitzeko oraindik hamar egun falta direnean, baina badakigu ez dela parte oneko eguraldia. Hauza mendia zelatan dugula, eguzkitan solasean dauden herritarrek adeitsu adierazi digute Aitzol Iturberen okindegia non dagoen. Bertan aurkitu dugu antzuolarra, pilotaleku txikiaren alboan dagoen etxe dotorean, eguneko azken lanak amaitzen. AndalorrEKO ogi ekologikoa egiten du Aitzolek, duela urtebete martxan jarritako proiektua da, eta parez pare ireki dizkigu ateak bere jardunaren berri emateko. «Guk ogi ekologikoa egiten dugu. Zerealetik abiatzen gara. Zereal pikorra erosten dugu, ia dena zuzenean Euskal Herriko ekoizleei. Eta ezaugarri bezala aipatu liteke ama ore naturala bakarrik erabiltzen dugula, orantza naturala bakarrik, fermentazio nahiko luzeetan, eta egurrarekin berotzen den labea erabiltzen dugula», azaldu digu azken oreak mahai gainean atontzen dituen bitartean. Astean bi egunetan egiten omen du ogia, astearte eta ostiraletan, eta horiek izaten omen dira lan aldetik egunik potenteenak. Goizaldeko ordu biak aldera hasten omen da lanean hamaika bat orduko jardunari ekiteko. Norberak aukeratutako lanean, ordea, aldapa samurragoa da, eta Frantzia aldetik ekarritako errotak nola funtzionatzen duen ere erakutsi digu. Biolurren babesa Biolur elkarteko kidea da Aitzol, eta nekazari lanetan urte batzuk emandakoa. Kontatu digunez, txikia zenean ez zuen bereziki lehen sektorean jardutearekin amesten, baina elikadura burujabetzarekiko ardura aspalditik datorkio. «Une batean elikadura burujabetzaren kontzientzia hartu nuen, eta horrek motibatuta, proiektu bat ipini genuen martxan Antzuolan. Lagun batekin jarri nuen martxan, eta zazpi urte eman nituen bertan. Baina ez lurrak ez baserria ez ziren gureak, eta bertan behera geratu zen proiektu hori», gogoratu du gipuzkoarrak. «Bikotea hemengoa denez, hona etorri ginen bizitzera. Lekua geneukan eta okindegia martxan ipintzea pentsatu genuen bikoteak eta biok. Kontua da, baratzean genbiltzanean, Andoni proiektuko beste kidearen ekimenez, okintzan aritu ginela urte eta erdiz, modu nahiko prekarioan bazen ere. Esku pixka bat hartu genuen. Eta gero Haristizabalen izan nintzen bertako kideekin ikasten. Itsason dagoen baserri bat da, eta urte asko daramatzate ogia modu honetan egiten. Luxua izan zen beraiekin ikasi ahal izatea. Ikasitako hori hemen aplikatu nuen. Oraintxe urtebete egingo dugu», jarraitu du Iturbek. Alde horretatik, ekologikoaren alde egitea normaltasun baten barruan sartu behar dela aldarrikatu du. «Guk irten behar izaten dugu esatera gurea oso ona dela, baina gurea askoz hurbilago dago sinpletasunetik eredu industriala jarraituz ekoizten dutenena baino. Ulertzen dut gure aldetik eman behar dugula gurea ezagutzera, baina argi utzi behar da nik egiten dudana ogi normala dela, hemen beti egin izan den bezalakoa, makineria eta metodo finxeagoekin bada ere. Eta gure harrotasuna horixe da: oinarrizko elikagai bat egiten dugula, osasuntsua». Horrelako proiektu bat martxan jartzerako orduan sortzen diren zailtasunen inguruan galdetuta, antzuolarrak bereziki eskertzen du Biolurreko okin taldearen laguntza eta babesa. «Urteak daramatzate lanean, formakuntzarako jakintza partekatzen edota, besteak beste, zereal erosketak elkarrekin egiten. Ni babes horrekin hasi naiz eta ezinbestekoa zait eskerrak ematea. Eta, gainera, zortea izan nuen talde horretako kide batekin lan eginez ikasteko, Haristizabalen. Beraz, proiektua berria da, baina ez naiz hutsetik hasi. Banuen laguntza, banituen erreferentziak, eta zereala erosteko prozesu garrantzitsu horretan ez naiz nire kasa hasi, babes batekin egin dut». Hala ere, onartzen du berak ere izan duela ekintzaileek askotan aipatzen duten gehiegizko burokraziari aurre egin behar neketsu hori. «Bai, topikoa dirudien arren, exijentzia administratiboen aurrean izaten duzu sentsazio hori: ‘Nik ogia egin nahi dut, ez paperak’. Uste dut arindu beharko litzatekeela hori». Baztango sozioekonomia Edozein modutan, buruhauste nagusia beste bat zen. «Niri kezka sortzen zidana zen ea egindakoa saltzeko gai izango nintzen, gutxieneko kopuru bat behintzat, proiektua bideragarria izateko. Hasi arte ezin duzu jakin, eta nik uste dut horrelako proiektu bat martxan jartzen duenarentzat ezinegon handiena hori izaten dela. Oraingoz alde horretatik nahiko ongi doa, eta hori ez da nire meritua bakarrik, Baztango sozioekonomiaren ezaugarrien ondorio ere bada. Merkataritza-gune handien kaltea nabarmena den arren, badaude denda txikiak, jendeak ohitura du oraindik denda txikietan erosteko, bertako gauzak erosteko...», eskertu du. «Hasieran lagunen eta ezagunen bitartez hasi behar duzu, ingurukoekin batez ere. Produktua kostu prezioan eman jendeari ezagutzeko, ahoz ahokoak ere asko funtzionatzen du hemen... Eta poliki-poliki zabaltzen joan. Irailean denda batera ogia eramaten hasi nintzen, adibidez», aipatu du lehen urrats horiei buruz. Eta norbaiti probatzeko gogoa jarri bazaio, esan behar da oraingoz Baztan aldean soilik saltzen duela. «Bi bide daude. Alde batetik, salmenta zuzena: niri eskatu eta niri jaso. Edo bestela, dendatik: dendan eskatu eta bertan jaso. Eta gero, ostatuak daude. Lau ostatuk hartzen didate ogia, denak hemen ingurukoak. 8.000 biztanle gara eta, egia esan, ez naiz ateratzen Baztandik. Lana da, noski. Hasieran denda batera joan, zure burua aurkeztu, probatzeko eman, noiz eta nola eskatu ikasi... Jada denda bat martxan jarritakoan, errazagoa da dena: badakite noiz eskatu. Komertzial lana ere egin behar duzu apur bat». Zentzu horretan, urtebeteko ibilian bide berriak irekitzeko erabakia ere hartu dute. «Bi bezero mota daudela esango nuke. Alde batetik, produktu ekologikoa nahi duena, osasuntsua delako. Eta bestetik, etxe-ogia edo baserriko ogia bezala ezagutzen dugun hori nahi duena, baina ez agian bereziki kontzientzia ekologikoa duelako. Zorionez, bi bezero motetara iristea lortu dugu, eta hori garrantzitsua zen guretzat. Hemen inguruan agian ogi ekologikoa bereziki nahi duen jende kopurua ez da hain handia, eta horregatik, ogi zuria ere egiten dugu. Berdin egina, baina ogi integrala izan beharrean, ogi zuria. Gozoagoa, eta errazagoa jaten. Egia esan, jatetxe batek eskatuta hasi nintzen, eta bidea ireki digu beste jende mota batengana iristeko». Eta nekazaritzarekin alderatuz, Aitzolek onartu digu abantaila batzuk badituela okindegiak. «Baratzaren errentagarritasuna okindegiarena baino txikiagoa dela esango nuke, nik Antzuolan egiten nuen baratzarena baino bai, behintzat. Azkenean, baratzean lurrarekin ari zara lanean, eta askoz lotuagoa dago eguraldiari eta urte sasoiari. Baina bueno, nik uste dut lurrari lotuta bizi behar dugula eta lurraren erritmoak errespetatuz. Gure kasuan, orain zereal-zaleek kentzen digute lan hori dena, eta guk egin behar duguna da tratu ona izan beraiekin, ekoizpena elkarrekin planifikatzen saiatu eta prezio egokiak ordaindu. Gerta liteke arrazoiren bategatik hemen inguruan zerealik gabe geratzea, baina printzipioz nik ez daukat egunero eguraldiari begira egon beharrik, zentzu horretan. Alde horretatik, nire aitortza osoa adierazten diet nekaraziei, gurea errazagoa da». Okerreko eredua bultzatuz Baina fokua apur bat irekiz, eta Biolurkide izateak ematen dion ikuspegi orokorrago batetik, nekazaritza ekologikoaren eta ekoizle txikien egoeraz ere galdetu nahi izan diogu Iturberi. Eta norbaitek pentsa lezakeenaren kontra, argi utzi du gaur egun erakundeek ez dutela eredu hori babesten. «Babesik ez zaio ematen. Gutxietsi egiten da, agintariek gutxiesten gaituzte. Ez da zehazki nire kasua, orain ez naizelako nekazaria, baina erakundeek gutxietsi egiten dituzte Biolurrekoak bezalako nekazari ekologiko gehienak. Europako dirulaguntza politika guztia intentsifikaziora bideratzen da, agroindustriari mesede egitera. Dirulaguntza guztiak bideratzen dira ekoizleek asko ekoiztera, gero merke saldu dezaten, horrela, bitartekariek eta saltoki handiek lehengai merkeak lortzen dituztelako. Intsumo eta makineria askoko eredu honek negozio ederra ematen die agroindustriako multinazionalei. Hori bultzatu da, eta nekazarien gehiengo bat hor dago. Aldiz, joko horretan sartu ez dena erakundeen aldetik erabat ahaztua dago eta gutxietsia da», baieztatu du. «Begiratu besterik ez dago zenbat milioi sartzen diren agroindustria jakin bat bultzatzeko politiketara. Eta hortik irteten denari ezertan ez zaio laguntzen. Adibide konkretu bat jarriko dizut. Ukrainako gerra zela-eta, pentsuen prezioa igo zelako dirulaguntzak planteatu ziren behi-buru bakoitzeko, baina hogei burutik gora dituztenentzat bakarrik. Hortik behera dituztenei ezer ez. Noski, badakigu hogei burutik behera dituenak bere bolumenagatik agian badituela beste bide batzuk salmenta zuzena egiteko. Baina dena horrela da. Dirulaguntzak ematen dira handitzeagatik, zenbat eta hektarea gehiago orduan eta laguntza gehiago. Egin liteke kontrakoa, eta saritu bazkidetza adibidez, zenbat eta produkzio bazkidetzaileagoa orduan eta laguntza gehiago. Edo lur gutxi erabiltzea saritzea, eskulana saritzea... Askotan entzuten dugu: ‘Errentagarria izateko, handia izan behar da’. Ez, ez, hemen egoera hau da: ‘Dirulaguntzak jasotzeko, handia izan behar da’. Hori da afera», jarraitu du. Horregatik, eta nekazarien protestek zeresan handia eman duten honetan, Iturbek argi du arazoari irtenbidea emateko nekazaritza politika eredua errotik aldatu behar dela. «Nafarroan, adibidez, 140 eragilek sinatutako manifestu bat atera dute, tartean gure hornitzaileek, elikadura burujabetzaren norabidean doan nekazaritza politika eskatuz. Logika osoa delako aldatu behar dena. Dena lotuta doa. Zuk hektarea asko edukitzeagatik dirulaguntza asko jasotzen dituzu, baina hektarea asko baldin badituzu agian pestizidak beharko dituzu lan hori errazteko, edo beharko duzu makineria asko. Gaur egungo nekazaritza ereduak, beste arlo denetako ereduek bezala, sistema kapitalistari eta interes pribatu jakin batzuei erantzuten die. Eta hor barruan, beste jarduera ekonomiko guztietan bezala, herritar xumeok gaude, tartean baserritar asko». Proiektu interesgarriak Dena ez da beltza, ordea, eta inspirazio iturri izan daitezkeen esperientzia batzuk hartu ditugu hizpide solasaldia amaitzeko, egin daitekeenaren adibide modura. Ipar Euskal Herrian egin den lana nabarmentzen du, esaterako, Aitzol Iturbek. «Duela 30 bat urte, intentsifikazioa indartsu sartzen hasi zenean, ELB-k aurre egin zion horri eta beste ildo bat jarri zuen abian, hor ez sartzeko eta bere diskurtsoa defendatuz: hobe nekazari txiki asko handi gutxi baino. Lurzaindia sortu dute, inkubagailuak, Laborantxa Ganbara... Asmatu egin dute eta erreferente bat dira guretzat». Nafarroako Hazialdeko elkartearen lana ere esperientzia interesgarria da. «Hainbat nekazari txiki elkartu dira zerealen garbiketa, komertzializazioa eta abar denek batera egiteko, marka berdinarekin. Herri proiektu interesgarria da eta balorean jartzea komeni da». Edota Biolur elkarteak Amillubi baserrian eta bere lurretan martxan jarri nahi duen proiektua, crowdfunding bidez erosteko prozesuan dagoena. Iturbe ez dago talde eragilean, baina ezagutzen du ekimena, eta argi dio ezin dela aukera galtzen utzi. «Lur horiek babestu egin behar zirelako eta nekazaritza erabilera bat ematearen alde. Gaur-gaurkoz, jateko guztia kanpotik ekartzen denean, motibazio garrantzitsuena hori da: lur horiek jarri behar ditugu bertako biztanleen elikadura osasuntsua bermatzeko, eta behar diren baliabideak martxan jarri». Eta beste aspektu garrantzitsu bat ere nabarmentzen du. «Nekazarien sindikatuak askotan entzuten ditugu nekazarien defentsa egiten, baina Biolurrek planteatzen duena da elikadura osasuntsurako komunitatearen eskubidea. Eta hor, nekazariak ez diren herritarrak ere sartzen dira. Biolurkide dira, adibidez, profesionalki elikagaiak ekoiztera dedikatzen ez diren herritarrak ere. Ardura hori hartzen dutelako. Elikadura osasuntsurako eskubidea nola bermatzen da? Ba lurrean errotutako nekazaritza dibertsifikatu batekin». Aipatutakoak buruan eta inguruko parajeekin txundituta, 25 gradutan utzi dugu Gartzain, lurrari errespetu gehixeago zor diogula jabetuta. «Europako dirulaguntza politika guztia intentsifikaziora bideratzen da. Asko ekoiztera, gero merke saldu eta bitartekariek eta saltoki handiek lehengai merkeak lortzeko» Nekazaritza eredua da, Iturberen ustez, errotik aldatu behar dena. Zaila da egun batetik bestera lortzea, baina, bitartean, badira gertu adibide interesgarriak, Ipar Euskal Herrikoa adibidez