GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Egiturak


«A 'laissez-faire' group is about as realistic as a 'laissez-faire' society.» (Freeman, 1970)

The Economist” taldeak argitaratzen duen Democracy Index 2023 txostenak dioenez, aurten, munduko biztanleriaren erdia baino gehiago deitu da bozka ematera. Urte batean hauteskunde kopuru handiena, sufragio unibertsala denez geroztik. Demokraziaren besta nonahi. Aldiz, adituek diote, demokrazia konbentzionalen geldiune eta erregresio momentuan gaudela. 2006tik hona demokrazia elektoralen eta sistema “ez-demokratikoen” kopurua berdina da eta demokraziak okerragoak dira. Demokraziaren kalitatearen gainbehera adierazten da, hurrenez hurren, eskubide zibiletan, prozesu elektoraletan eta pluralismoan, gobernuaren funtzionamenduan eta kultura politikoan.

Europa salbuespena da. Datuen arabera, Europako demokrazien kalitatea hobetu da azken urteotan. Baina kezka eragiten du eskuin muturreko alderdi populisten indarrak Hungarian, Polonian, Italian edo Frantzian. Gorabeherak daude, noski. Baina azterketek erakusten dute eskuineko populismoaren goranzko joera egonkorra dela Europan 80ko hamarkadatik.

Eskuineko populismoari aurre egiteko bide bat da ezkerreko populismoa indartzea. Populismoa, Chantal Mouffe-ren hitzetan, ez da ideologia bat. Botere politikoa eraikitzeko estrategia diskurtsiboa da. Herriaren eta oligarkiaren arteko bereizketan ardaztua. Zentzu horretan, ezkerreko populismoari berezkoa zaio demokrazian sakontzeko gogoa. Gobernu demokratiko orok, herriari zor zaion heinean, berekin dakar osagai populista. Baina ez alderantziz. Populismo orok ez du zertan demokratikoa izan. Joera autoritarioak eskuin muturrarekin lotzen ditu Mouffe-k, ez populismoarekin. Ezkerreko populismoak, aldiz, sozial demokrazia tradizionalarekin alderatuz gero, bere indar demokratizatzailea aska dezake, ez baitago konprometitua status quo-arekin, hau da, neoliberalismoarekin.

Ezkorragoa da Adam Przeworski. Bere ustez, bi mugatzaile dira determinanteak. Lehena elektorala. Zure komunitatea (langile klasea) ordezkatzeaz gain, demokrazia liberaletan hauteskundeak irabazi behar dira. Ezkerreko populismoaren estrategiak lehen mugatzaile honi jarri dio arreta. Eta erakutsi du badela hauteskundeak irabazteko gai. Baina zailtasunak ere agerian gelditu dira (Grezia datorkit burura). Bigarren mugatzailea ekonomikoa baita. Przeworskiren hitzetan, sozial demokraziaren proiektua 70eko hamarkadan amaitu zen, neoliberalismoaren markoa onartzearekin batera; hazkundea lehenik, eta ostean, birbanaketa. Bere esperientziatik ari da. Demokrazia liberala imitazioz inposatu zuten Polonian Sobiet Batasunaren erorketaren ostean. Demokraziaren egitura formalak eta neurri ekonomikoak, lehenik. Bestea, etorriko omen zen gero. Jendeak espero zuen ongizate sozial eta ekonomikoa. Etorri dena, aldiz, eskuin muturra da.

Testuinguru honetan, ezkerrak zaila du. Przeworskik dio eskuin muturrak ondo ulertu duela teknologia demokratikoa. Ezkerrak, aldiz, bi mugatzaileak altxatzen asmatu behar du. Baina elektorala altxatzen badu, ekonomikoan harrapaturik gelditzeko arriskuan da. Eta ekonomikoari arreta jarriz gero, elektoralean. Gurpil erotik ateratzeko errezetarik ez dagoela dio. Instituzioak ezin dira esportatu. Soilik inportatu egin daitezke, lekuan lekuko baldintzetatik agertu. Baina hainbat pista ematen ditu.

Bat: eskuin muturraren gorakada mehatxua da demokraziarentzat, ez eskuina delako, baizik eta autoritarioa delako. Demokraziaren ikuspegi minimalista defendatzen du Przeworskik. Esentzialki, hauteskundeen bidez gatazkak modu baketsuan bideratzeaz ari da. Aldiz, horretarako, irabazleak ezin du dena beretzat hartu eta galtzaileak onartu egin behar du irabazlearen zilegitasuna. Ikuspegi hori ez da tendentzia Europako eskuinean. Adibideak nonahi.

Bi: autoritarismoaren beldur bagara, demokrazian jarri beharko dugu arreta. Bestela esanda, ez dago soluziorik soilik ezkerrera begira. XX. mendean, Przeworskiren ustez, batetik, demokrazia ongizatearekin batera egonkortu zen, eta, bestetik, gatazken kudeaketa demokratiko elektorala alderdi politikoen bidez egituratu zen. Ongizatearen ideia bezala, egitura politikoak (kasu honetan, nagusiki, alderdiak) XXI. mendeko galbahetik pasa beharko dira. Dudarik gabe. Baina, unpopular opinion, Jo Freemanek (1970) zioen bezala, talde egiturak ez badira sendoak, indartsuenek agintzen dute. Bestela esanda, eskuin muturraren mehatxu autoritarioari aurre egiteko, demokraziaren egiturak indartu behar dira. •