GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Ez gara erdiak, ezta osoak ere

Indibidualismo zorrotzetik ateratzeko beharra sentitzen dut. (Antonio GUILLEM | GETTY IMAGES)

Maitasun erromantikoak hainbat mandatu inposatu eta goraipatzen ditu. Horietako bat laranja erdiaren mito mitikoa da, badakit ezagutzen duzuela. Bikotea izatearen ezinbestekotasuna gailentzen du ideia honek; hori gabe ez zara nor, ezin duzu oso sentitu eta bada munduan zehar norbait (heterosexuala, noski) zure erdia osatuko duena (monogamian, noski). Benetako maitasuna (ez dakit gezurrezkoak nolakoak diren), eta beraz, garrantzitsu bakarra. Zure bizitzako maitalea, egiazkoa.

Ideia honen eta honek sortzen duen minaren aurrean, ezinbesteko erresistentzia erantzun ugari sortu dira, eta lehendik zeuden beste ideiak berreskuratu (maitasun erromantikoa ez da beti egon den eredua eta ez da bakarra izan, boterea izan duena baizik). Horietako bat osotasuna defendatzen duen ideia da. Hau da, ez dugu beste erdiaren beharrik, gu osoak garelako jada. Ulertzen dut nondik eta zertarako esaten eta defendatzen den ideia hau, eta era berean, arriskutsua dela iruditzen zait. Azal dezadan. Gure osotasuna ez dakit existitzen den. Bai, horrelaxe esaten dut. Osoak bagina, ez genuke elkarren beharrik, eta, zer nahi duzue esatea, nik behar zaituztet. Eta ez dut dependentzia itsu eta gaixo batetik esaten, bakarrik ez naizela onartzetik baizik.

Barruan ditugun hutsuneek badute beren garrantzia. Besteak bilatzeak badu bere arrazoia. Kolektiboaren indarra sentitu behar izateak badu bere zentzua. Interdependentzia errealitate bat dela esango nuke, eta besteek osatzen gaituztela. Partekatzen dugunean osoagoak sentitzen garela iruditzen zait, zerbaiten parte garela. Gure barnean ditugun botoi batzuk pizten dira besteengana azaltzen garenean. Hartu eta eman horrek aberasten gaitu. Eta ez naiz plano erotiko bati buruz bakarrik ari, osotasunaz ari naiz, erotikoa barne.

Brigitte Vasallo-k “Pensamiento monogamo, terror poliamoroso” liburuan zera esaten du: «Nik ez dut bakarrik egoten ikasi nahi, harremanean egoten baizik». Esaten du bera bakarrik askotan egon dela, aukeratu gabeko bakardadeaz ari da, ikusezina sentitzen zaren une horretaz. Bakarrik zaude munduaren aurrean, bakarrik gertatzen ari zaizunarekin. Barruko hutsunea erraldoia egiten dela sentitzen duzunean bezala, badakizue zertaz ari naizen. Ez da munduko sentsaziorik onena, ezta? Horregatik, ideia honi buelta osoa emanez, berak uste du erronka oso desberdina dela, harremanetan egoteko modua dela benetako aldaketa.

Indibidualismo zorrotzetik ateratzeko beharra sentitzen dut, bakardade bakarti hauek konpartitzeko deia egin nahi dut. Besteak behar izateak ez zaitu gutxiago egiten, bikotean ez egoteak ez zaitu gutxiago maitatua bihurtzen, bikotea nahi izateak ez zaitu definitzen... Gero eta argiago daukat ez dela zer egiten dugun, nola egiten dugun baizik. Ez da bikotea izan edo ez. Nola gauden da benetako erronka. Gure izaera ez-osoak kudeatzeko dugun moduan dago gakoa; arduran, elkarlanean, akordioetan, zaintzan... •