GAUR8 - mila leiho zabalik

Parean


Haurrak zirela zaharrei irriz ibiltzen ziren, eta ohartu orduko, eurak zahartu. Adinkeria sexismoa eta arrazakeria baino hedatuago dagoela irakurri diot “Elhuyar” aldizkarian master amaierako lana gai honetaz egin zuen Borja Doncel erizainari. Antza denez, 5 urterekin halako jarrerak ikasten hasten gara eta, adinean aitzinera joan ahala, indartzen joaten dira. Berriki, 89 urte betetzear den pertsona bat elkarrizketatzeko zortea izan nuen, eta aitortzen dut aurreiritziek eragina izan zutela nigan telefonoa hartu eta berarekin lehen kontaktua egin nuenean. Ozen eta argi mintzatzen hasi nintzaion, gorreria izan zezakeelakoan, eta zalantzak izan nituen bere buru argitasunaz. Bere lehen hitzak aski izan nituen, ordea, uste oker horiek denak ezabatzeko. Pozez eta itxaropenez beteta agurtu nuen, esaldi eder hau apuntatuta: «Teilatuak bi malda ditu, bata eguzkitsua eta bestea iluna. Biak ikusi behar dira».

Alderantzizko norabidean, goitik behera, heldukeriaz jokatzen dugu gazteagoak direnekin, bereziki haurrekin. Casilda Rodrigañezek azaltzen duenez, umearen lehen etapan bere desioak betetzeak asetzen gaituen bezala, autonomo izaten hasten denean kexatu gabe gure errana egitea atsegin dugu. Zergatik? Autorearen ustez, nagusitzen diren arauekin bat eginez, gure egoa azpitik jaramon egiten digun norbait izanda garatzen dugu. «Bizi osoa obeditzen eman eta gero, orain nik agintzen dut».

Haurraren parean jarri, eta agindu ordez informazioa ematen badiot, eta konplizitatez atsegina bilatzen badugu elkarrekin, bizipozez, eskuzabaltasunez eta irudimenez besarkatuko nau, eta plazerean sarrarazi. Urtetan utzitako -baina ez ahantzitako- jostetarekin dibertitu eta denboraren nozioa galduko dut. Buruak iraganera eta etorkizunera eskapo egiten didanean, orainera ekarriko nau. Eta erraten diodanean pixka bat gehiago jostatu eta gero bazkaltzera joanen garela, argi utziko dizkit lehentasunak: «Jostatu aunitz: sei (bere hizkuntzan, infinitu)».

Erakutsiko dit etorkizunarekin eskuzabala izatea orainaldian dena ematea dela. Izan ere, beti da orain eta hemen. Edo hemen eta orain beti da. •