27 ABR. 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } 45 urte, bost lehendakari eta aukera ezin hobe bat Ramon Sola Lehendakarien ondareaz maiz idatzi da orriotan. Aste honetan bertan, hauteskundeen biharamunean Gernikan eginiko agur kutsuko adierazpen batean, honela laburbildu du Iñigo Urkulluk bere agintaldiak utzitakoa: «Herritarren onerako duintasunez» jardun du eta barruan «bakea» sentitzen du. Ondarerik sumatzen al da horretan? Ez. Hitz handiak, baina hutsak. Carlos Garaikoetxeari bere ondarea zein den galdetu diotenean, autogobernuaren egungo egiturak abiatu izana aipatu du: hezkuntza sistema, Osakidetza, Ertzaintza… Gero beti erantsi du Estatuak laster ekin ziola prozesu hura mugatzeari, LOAPA delakoa, Tejero eta abarren bidez. Bere lehenengo urtean, 1980an, 96 hildako eragin zituen ETAk, inoiz baino gehiago, eta 196 tortura kasu egiaztatuta ditu IVACek, tartean Joxe Arregi eta Esteban Muruetagoiena. HBko hautetsiak ez ziren Gasteizko Legebiltzarrean esertzen. EAJren bozekin bakarrik aritu zen Garaikoetxea, eta honekin ere liskarretan amaitu. Hau guztia ikusita, nekez utz zezakeen zerbait Iruñean jaiotako EAEko lehendakariak. Bost urte ez, hamahiru igaro zituen karguan Jose Antonio Ardanzak, urte latzak haiek ere. Bere aroaren porrot politikoa frogatzen duten bi adierazle daude, agintaldiaren bukaera aldera. Batetik, lekukoa pasa baino hilabete batzuk lehenago, Ardanza Plana delakoa atera zuen mahai azpitik, estatus berri baterako aukerak nolabait neurtu nahian eta bere ordura arteko utzikeria azaleratuz. Bestetik, ekarpen nagusitzat zuen Ajuria Eneako Itunari emendakin osoa aurkeztu zion EAJk, ezker abertzalearekin Lizarra-Garaziko akordioak sinatuz. Hautsa harrotu zuen behintzat Juan Jose Ibarretxek, horren ondoren. Lizarrakoa amaitu ostean, beste saiakera bat asmatu zuen: Ibarretxe Plana. Gutxik espero gabe, jada Legebiltzarrean parte hartze egonkorra zuen ezker abertzaleak bide eman zion eta Madrilgo Kongresuraino heldu zen ahalegina. Ezetza jasota, ordea, bide antzuan utzi zuen Laudioko lehendakariak, eta bere itzala nabarmen ahultzen joan zen. Inork ez zuen Patxi Lopezengandik gauza handirik espero. Kasualitatez heldu zen Ajuria Enera, edo ilegalizazioaren kausalitatez hobeto esanda. Aukera historikoa egokitu zitzaion, hala ere, berak apenas ezer egin gabe -Aiete eta ETAren erabakia-, baina ez ikusiarena egitea nahiago izan zuen PSEko lehendakariak. AEBtan trenez zebilen egun hartan, ihesean-edo. Ereindako lurra aurkitu zuen Iñigo Urkulluk iristean, odolik gabeko zorua eta prozesu politikoa bultzatzeko pixka bat hazia (2014ko giza-kate arrakastatsua, urte hartako Eskoziako erreferenduma, 2017ko Kataluniako procés-a…). Ibarretxek faltan sumatu omen zuena, alegia. Baina hamabi urte joan zaizkio alfer-alferrik, antzu antzera. Errenkada honetan Imanol Pradales dator orain, ia mende erdiaren ondoren. Garaikoetxearen gaineko presio izugarri hura ez du jasan beharko, Ardanzaren garaiko odolustearen zama ere ez, Ibarretxeren irakaspenek argitu ahal diote bidea, Lopezena baino askoz zilegiagoa da bere kargua, eta Urkulluren txirrinda estatikoaren aurrean arraunlari saiatua dela esan digute. Inoiz baino baldintza hobeak ditu, azkenik herri honi ondarea uzteko. Edo saiatzeko behintzat. • Gauza ezberdinak egiteko aukera du Pradalesek, gauza ezberdinak egiteko baldintzak inoiz baino nabarmenagoak direlako. Ondarea uztea litzateke saria