27 ABR. 2024 { ANALISIA } Tik-Tok, tik-tok erloju-bonbak Txinan debekatua, Txinak esportatua, gazteak ergelduz, pipiak bezala zibilizazioak barrutik janda pitzatuz eta dekadentzia azkartuz... Hondamen masiborako plazerezko lehen arma al da TikTok? Tik Tok, zure telefonoko aplikazio txikia, historiako arrakastatsuena. (WIKIPEDIA) Mikel Zubimendi Aspaldian, milurtekoetan zehar, etsaia azpiratzeko mina eragin behar zen, miseria, ikara. Horiek ziren emozio geldiarazleenak, egin behar zen bakarra ezpata sartzea edo pistolaren katua sakatzea zen. Baina burmuinaren misterioak hobeto ezagutu ahala, psikologiaren garapenarekin batera, asko erraztu da beste emozio batzuk borrokara deitzeko joera. Lotura ezberdinetan klik egin dezagun saiatzen direnek sariaren errefortzuak nola funtzionatzen duen hobeto ulertzeak munduko beste puntako jendeari dopamina dosi itzelak ematea posible egin du. Orain, plazera bere baitan da arma; minarekin egiten zen bezala, etsaia ezgaitzeko modu berria da. Eta hondamen masiborako plazerezko lehen arma Tik Tok izeneko zure telefonoko aplikazio txiki bat izan daiteke. Historiako aplikazio arrakastatsuena da. 2017an sortu zen, bideoak partekatzeko Douyin aplikazio txinatarretik. Pandemiaren konfinamenduek lagundu zioten, baina bada bere diseinuan ezohikoa den zerbait, eutsi ezinekoa. Algoritmoa produktu Facebook eta Twitter (orain “X”) bezalako plataformek gomendioen algoritmoak erabiltzen dituzte beren produktua hobetzeko. Tik Tok-en, gomendioen algoritmoa da produktu nagusia. Ez du behar zuk sare soziala eratzerik edo zure interesak zehazterik, edukiak zure desioetara moldatzeko; aski da begiratzen hastea, zure berehalako interesa asetzen ez duen edozein bideo baztertzeko. Algoritmo patentatua erabiltzen du, “For You” izenekoa; ikasketa automatikoa darabil zure bisualizazio ohituren (eta seguruenik aurpegiko espresioen) arabera nortasun soslaia sortzeko. Horren emaitza da zu aurkitzeko eta zure misterioak ezagutzeko sistema ezin hobea. Eta behin aurkituta, mendeko egin arte behar duzuna erakusteko gai izango da. Eta algoritmoak eduki erakargarrienak istantean eskaintzean, bideo hezigarri edo eraikitzaileak baztertu ohi ditu, zabor informazio gozo bezain kaltegarriaren mesedetan. Banaka, Tik Tok-eko bideo hauek ez dira kaltegarriak; baina algoritmoak ez dizu bakarra erakutsi nahi. Zure atentzioa jaso izanaren seinalea hartzean, bikoiztu egiten du hori lortzeko erabili duen guztia. Horrela elikatzen ditu zure obsesioak, eduki hipnotikoa behin eta berriz erakutsiz, bere aztarna zure burmuinean handituz. Ematen dituen edukiak izan daitezke nork bere burua zauritzeari buruzkoak edo elikadura-nahasmenduen ingurukoak. Jokaera irrazionalentzat bada ohiko beste teknika bat ere: desafio biralak. Tik Tok-en famatu egingo diren ergelkeriak bultzatuz, besteen ondasunak puskatzera animatuz, komun zuloak miazkatzera edo «itzalaldiaren desafio» hilgarria. Tik Tok-ek induzitutako psikosiaren biktimak asko diren arren, aplikazioaren arrisku handiena ez da eduki zehatz batera mugatzen, bere izaeran datza; hain zuzen, mendekotasun-sortzailea da. Oraindik ez daude mendekotasun horren inguruko ikerketa asko, baina daudenek erakusten dute telefono adimentsuekiko mendekotasuna burmuinaren materia grisaren gutxitzearekin eta dementzia digitalarekin (memoriaren, arretaren eta bulkaden kontrolaren hondatzea) lotuta dagoela. Arazook orokorrean Internetek sortuak izan daitezke. Baina bada Tik Tok bereziki arriskutsu egiten duen beste zer bat. Etsaia neutralizatu Memoria eta arreta ahalmena gorde eta garatzeko ezinbestekoa da bere erabilera praktikatzea. Desiratzen duzuna emateko eta zuri ahal den gutxiena eskatzeko diseinatuta dago Tik Tok. Gutxi axola du zeini jarraitzen diozun sareetan edo zein botoietan egiten duzun klik. Erabiltzailearen ekarpenak baino ikasketa automatikoak egiten du lan, hain dira klip laburrak, ezen memoria eta arreta minimoa eskatzen duten, plataformetan nabigatzea esperientzia pasiboena bilakatzeraino. Eta hemen dago koska: jendea txunditzeko daukan ahalmen horregatik, jokaera ergelak bultzatu edo kronikoki burmuina atrofiatu ahal du. Tik Tok arma berri bezala erabiltzeko, bere erabilera potentziala kontuan hartzekoa da, etsaiak neutralizatzeko modu berria baita, mina eta izuarekin baino, plazera ezarriz. Eta Txinak hala erabiliko balu? AEBak hainbeste asaldatzen dituen Tik Tok-ek egiazki eragin itzela balu? Hango gazteak eduki lokartzaileen mendeko bihurtuz, ergelen belaunaldia sortzeraino? Ez da batere galdera leloa, lehen arrastoa Txinan bertan daukagu: Alderdi Komunistak haur txinatarrei Tik Tok-erako sarrera debekatu die. Beste bertsio bat erabiltzen dute, “Douyin” deitua, desafio arriskutsuak eta jokaera antisozialak erakusten ez dituena, zientzia esperimentu eta bideo hezigarriekin betea dena. Gainera, “Douyin” aplikazioa egunean soilik 40 minutuz erabil dezakete, eta guztiz debekatuta dute gaueko 10etatik goizeko 6etara. Eta hor da demontrea: bere herrialdea babesteko nahi dituen arauekin Mendebaldea zigortu nahi al du? Eta Tik Tok-en atzean dotrina filosofikoa balego? Ez soilik jendea ergel bihurtzeko, zibilizazioak, pipiak bezala, azpitik jan eta suntsitzeko baizik... Txinaren arma? Bada gizon bat tesi hori politika bihurtzen inor baino gehiago nabarmendu dena. Wang Huning du grazia, Ideologia mailan Txinako teoriko nagusia da, eta Alderdi Komunistaren Batzorde Iraunkorrean laugarren postuan ageri da. Xi presidentearen aholkularia, Txinan “guoshi” izenaz ezagutua, literalki «nazioaren maisua». 1991n idatzi zuen “America Against America” liburuaren egilea da; hots, Txinako Alderdi Komunistarentzat AEBak ezagutzeko ezinbesteko testua izan zenarena. Liburuak premisa sinplea du: AEBena barne kontraesanek osatutako paradoxa da, eta bere balioak -askatasuna eta berdintasuna- elkarrekiko baztertzaileak dira. Tesiaren arabera, AEBek kultura ezberdin asko dituzte barnean, eta, beraz, ez dauka kultura orokorrik. Merkatuak bultzatutako bere gizarteak aberastasun ekonomikoa du, baina baita pobretze espirituala ere, «instituzio, kultura eta balore estatubatuarrek AEBen kontra egiten dute». Wang-entzat kontraesanok iturri batetik datoz: nihilismotik. Herrialdea bere tradizioetatik aldendu da, eta hain da indibidualista, ezen nazio bezala zertan sinesten duen ezin duen erabaki. Balioak gordeko dituen kultura orokorrik gabe, lobbyek eta alderdien arteko gatazkek galbideratzen dute. Teknologia itzelak ditu, baina dena doa norabide berean: esanahiak eta asmoak irensten dituen merkantilizazio handiagorantz. Gero eta zulo espiritual handiagoa utziz, unean uneko plazeretara jotzen dute biztanleek (janari azkarra, drogak eta dibertimenduak), nazioa bera hondatzean eta dekadentzian are gehiago amilduz. Wang-ek duela 30 urte idatzi zuen «jendeak ez du teknologia menderatzen, teknologiak menderatzen du jendea». Hitz zaharrak diren arren, gaurkotasun handikoak dira, badirudi sare sozialekiko mendekotasunez ari zela. Txinak dekadentziaren bide hori har ez zezan, proposamena ere egin zuen: nazioari «funtsezko balioak» ezartzea. Iraganeko tradizioetan oinarritutako sinesmen eta printzipioak sendotzea, helmuga argi batera bideratuz. Ideia hau funtsezkoa izan da Xi presidentearen estrategian, bultzatu dituen gizalegea, patriotismoa eta zuzentasuna bezalako «balio sozialista nagusietan». Xi eta Txinarentzat Tik Tok-etik eduki dekadenteak ezabatzea hil ala biziko kontua da. Nihilismoaren oroigarri, gizakitik piztiara atzera-buelta, Mendebaldearen gaixotasun terminalaren sintoma, haren metastasia Txinan bai ala bai eragotzi beharrekoa da. Baina kanpora esportatzen jarraituz. Desira eta saria Tik Tok-ekin, desiraren eta sariaren arteko atzerapena ia hutsaren hurrengoa da. Ez da pazientzia eta esfortzurik behar, gure ahalmen mentalaren erabilera eza da, hondatze bideraino. Horregatik izan daiteke Tik Tok arma geopolitiko hain suntsitzailea. Geldo baina iraunkorki, betiko distraituta dauden gazteak dopaminaren mendeko egin ditzakeelako, arbasoek eraikitako zibilizazioak mantentzeko ezgai. Bide horren zati bat egin dugula dirudi. Ez delako bakarrik materia grisaren murrizketa, ezta batez besteko koefiziente intelektuala jaistea ere. Saria gero eta errazago eta azkarrago ematen diguten teknologiek gure denbora zertan gastatzen dugun definitzen dute, gero eta pasiboagoa eta begetatiboagoa eginez. Erabiltzen ez badituzu, hilda zaudelako da.