Fernando Uhalde eta Iñaki Ayerra, Erronkariko enbaxadore sare sozialetan
Fernando Hualde izabarrak eta Iñaki Ayerra burgiarrak Erronkari Ibaxa famatzen, munduratzen dihardute urte luzetan. Nafar Pirinioetako bailara eder hartako ondare kultural eta historikoa partekatzen dute X sare sozialeko ‘El Sabaiao’ eta ‘La Kukula’ kontuekin eta hainbat argitalpen eta kultura aktibitaterekin. 11.000 jarraitzaile pasa dituzte, eta harro daude egiten duten dibulgazio lanarekin. Gaur, Burgin antolatzen duten Almadiaren Egunari buruzkoa, esaterako.
Sarri, X sare soziala tabernetan ordu txikietan sortzen den giro itsusiaren ispilu bilakatu dela esan ohi da, baina tarteka-marteka bilatzen da zerekin gozatu, ikasi eta aberastu ere. Fernando Hualdek eta Iñaki Ayerrak Erronkari bailarako, Izaba eta Burgiko ondarea ezagutarazteari ekin zioten hamarkada bi atzera, eta jarraitzaile oldea lortu dute X sarean urte gutxitan. Borondatez gidatzen dituzte “El Sabaiao” eta “La Kukula” kontuak, hainbat liburu eta argitalpen osatzeaz gain. Harro mintzatzen dira Erronkari Ibaxako jendearen ohiturez, tradizioez, izaeraz eta nortasunaz.
Fernando Hualde Izabako Kurruskla elkarteko kidea da, “El Sabaiao” kontuko arduraduna. Iñaki Ayerrarekin batera “La Kukula” kontuko berri ematen du: «Normalean Izaba eta Erronkari bailarako gauzak zabaltzen ditut, baina baita beste toki eta eskualde batzuetako ondarea ere». Izen kuriosoa, “El Sabaiao”. Zer ote da? «Berez museo etnografiko bat da, nik egindako bilduma bat nire etxean gordetzen ditugun piezekin. Sabaiao ganbarari esaten zaio Erronkari eta Zaraitzu bailaratan».
Iñaki Ayerra Burgikoa da, eta azalpen hau eman digu “La Kukula” elkarteaz: «Burgin bazen gaztelu bat tontor batean, Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenean. Burgin tontor horiei kukulo esaten diegu, Aragoin hala deitzen baitiote. Burgin bi kukula daude: Burgikoa eta Pintano kukula. Bietan defentsa-dorreak zeuden, eta tradizio hori ezagututa, elkarteari izen hori jartzea erabaki genuen, geurea dena defendatu, zabaldu eta goratzeko. Ez dakit ziur kukula hitza kukulum hitzetik eratorritakoa den. Monjeek eramaten zuten kaputxa edo txanoa da», zehaztu du.
Hualdek hamarkada pare bat daramatza egungo jardunean: «Sare sozialak baino lehen ere dibulgazio lanak egiten nituen, 2000. urtetik aurrera edo. Twitter-en hasi baino lehen, 2021 urtean, hainbat liburu argitaratu nituen, eta komunikabide askotan elkarrizketak eta erreportajeak osatzeko testigantzak eman. 43 liburu dauzkat argitaratuta momentuz. Konferentzia piloa gidatu dut, eta hainbat kultura-aktibitateetan parte hartu». Zaila da Erronkariko ondareari buruz Hualdek baino gehiago jakitea.
“La Kukula” elkartea 2004an sortu zen, hiru hilabetez behin lauzpabost orriko buletinak argitaratuz Burgiko kontuei buruz. «Sare sozialetan ere urteak daramatzagu aktibo. Aurrena Facebook-en, egun Twitter-en, ‘La Kukula’ kontuan. Burgiko kontuak plazaratzen ditugu batez ere, baina baita Erronkari bailarakoak ere: kultura gaiak, historikoak, etnografikoak, paisaiak…», dio Ayerrak. Iñakik 15 urte eman zituen Burgiko Almadiazainen elkarteko presidente. Herriko alkate ere izan zen, lau urtez. Curriculum betea, Iñakirena ere.
Zaila da tamainako dibulgazio jardunik ikustea sarean, are gutxiago Hualde eta Ayerraren jarduna boluntarioa dela aintzat hartuz. Honatx Hualdek borondatezko jardun horren inguruan emandako arrazoiak: «Ondare historiko eta kultural aberatsa daukagu gurean. Geografikoki eta orografikoki dagoen lekuan dago Erronkari bailara, eta horrek berez ekarri du aberastasun hori, isolatuak egon baikara. Aberastasun hori partekatzeko, interesa duen jendea egon behar da, eta Iñaki eta biok multzo horretan gaude. Mende luzetan iraun duten jardunak ezagutu ditugu: gazta ekoizpena eta artzaintza, espartingintza, almadia lana, teileria… Jardun horietan aritu den azken belaunaldia ezagutu dugu, eta bi aukera genituen: jardun horiek ezagutu zituztenen testigantzak, jantziak, hizkuntza, tramankuluak eta beste gorde eta aberastasuna partekatu, edota tradizio aberats hori ahanzturan murgiltzen utzi, betiko galtzeko. Lehen aukeraren alde egin dugu».
Zehaztasun gehiago eman ditu Burgiko semeak: «Hitz gakoa sentsibilitatea da. Herrietan beti daude isilpean mantendu diren pasadizoak, gordeak izan direnak, eta haiek berreskuratu nahi ditugu, jendarteari bueltan eman. Zabalkundea ezinbestekoa da, eta zure arbasoei, jaioterriari errespetua, miresmena erakusten diozu gure jardunarekin. Ez gara asko lan hori egiteko grina dutenak, baina kolaboratzaile sare emankorra dugu, eta haiei ere eskerrak eman behar dizkiegu».
Sare sozialak ez dira Burgiko ondarea zabaltzeko erabilitako bitarteko bakarra. “La Kukula” elkarteak buletin bat argitaratzen du hiru hilabetez behin. Honatx xehetasun gehiago: «Dagoeneko 72 ale argitaratu ditugu. 300 bat orrialde dira, gutxi gorabehera», dio Ayerrak. Garrantzi handia dute buletinek. «Argitalpen horiek gordeta geratzen dira. Sare sozialetan argitaratutakoa ez da hain erraz gordetzen edo gogoratzen. Gaur txio bat jartzen duzu, eta agian bihar ja ez duzu bilatzen, edo kendu egiten dute, edo sare soziala ixten dute». Lehen 50 aleekin halako liburuxka bat osatu zuten, «eta ehungarren alera iristen garenean -iristen bagara-, beste liburuxka bat argitaratuko dugu». Argitalpenak eta liburuak Burgin banatzen dira, bizilagun guztien etxeetan. Bizilagunek eskerrak ematen dizkiote Ayerrari, egiten duten lanagatik eta herriko jatorriaren berri emateagatik. «Horrek asko hauspotzen gaitu».
Hualdek ere urtero kultura-ekitaldi potoloren bat antolatzen du Izaban, argitalpenetatik eta sare sozialetatik harago: «Herrian gertatutako gertakari historikoren bat hartzen dut ardatz. Parte hartzea handia izaten da, alor asko osatu behar direlako, eta bukatzen dugun aldiro jendea etortzen zait galdezka: zer egingo dugu hurrengo urtean? Hori entzute hutsak asko motibatzen nau; sentsibilitate berezia sortzen da herrian».
Anekdota bitxia, aktibitate horiek ekarri dutena: «Hamarkada batzuk atzera Erronkariko traje tradizional ale batzuk baino ez zeuden Izaban, gure arbasoek erabiltzen zituztenak. Egun, Izaban bakarrik, 200 jantzi tradizional baino gehiago daude».
Oihartzun handia
“El Sabaiao”-k 6.200 jarraitzaile ditu. “La Kukula”-k, 5.500. Bien artean, ia 12.000 jarraitzaile. Erronkari bailara osoa ez da 1.500 biztanlera iristen, baina dibulgazio kontu biek oihartzun handia dute. Ayerra: «Gure lanak bailarari nortasuna ematen diola esango nuke». Burgin, Almadiaren Eguna antolatzen dute aspaldi gaurko egunez. «Nafarroan Interes Turistiko Nazionaleko izendapena duen hiru egunetako bat da, eta interakzio gehien lortzen ditugun gaietako bat da. Egun hori boluntarioek antolatzen dugu, eta harro gaude», azaldu du Ayerrak.
Herriko lanbide tradizionalen halako birsortzea ere osatu zuten urte batzuk atzera, dozena erdi lanbiderekin, Ezka erreka ondoan. «Hori ere altxor handia da. Auzolanean egin genuen, gainera, herritar askoren parte hartzearekin». Burgi beti izan omen da igarotze herria, jende asko pasa baina gutxi geratzen zena, eta Almadiaren Eguna eta lanbideen birsorkuntzari esker, jendea gaur geratu egiten da Burgin.
Hualdek ez zuen halako arrakasta edo jarraipenik espero sare sozialetan, «Erotuta ere ez». Izabakoa ez zen sare sozialen oso zalea, «baina onartu beharra dago egun zabalkunde tramankulu ikaragarria dela». Zergatik, baina? Ayerra: «Hainbat faktore daude: Burgikoa, edo Erronkarikoa bazara, zure herria maite duzula suposatzen da, eta hango edozein argazki ikusten baduzu, poztu egiten zara. Argazkia edozein izanda ere: ibaia, soro bat, egun argitze bat, mendi elurtuak… edozein argazki izan daiteke. Twitter euskarri bisuala da, eta argazki soil batek hitz askok baino gehiago esan dezake. Transhumantziako argazkiek, adibidez, sekulako oihartzuna izaten dute. Jarraipen berezia egiten diogu, eta arrakasta handia dute».
Hualderena, ñabardura polita: «Bertakoa den edo arbasoak Erronkari bailaran dituen jende asko dago. Izan Nafarroan, Amerikako Estatu Batuetan, Andaluzian edo Afrikan. Azkena Puerto Ricon bizi den jendearekin aritu izan naiz sarean, euren Erronkariko arbasoen inguruko informazioa eskatu baitzidaten. Twitter sareari esker bere arbasoengana hurbil daitezkeen erronkariar ugari daude munduan. Gure informazio eta argazkien halako mendekotasuna sortzen da bertakoak diren edo arbasoak bertakoak izan dituzten pertsonen artean».
Maiz elikatzen dituzte euren kontuak: «Egunero jarri behar da zerbait, bestela ez daukazu jarraipenik. Ni lauzpabost txio jartzen saiatzen naiz egunero; Fernandok gehiago jartzen ditu, nik baino denbora libre gehiago baitauka (barrez)». Milaka txio idatzi dituzte Twitter sortu zenetik, eta luze gogoratuko duten aleren bat botatzea eskatu diegu: Hualde: «Ezustekoak izaten dira. Bideo bat jartzen duzu pentsatuz sekulako oihartzuna izango duela, eta ez da hala. 150.000 ikustaldi izan dituen bideoren bat jarri izan dugu. Transhumantziaren jarraipenak sekulako arrakasta sortzen du, desagertze bidean dagoelako. Eguzki-loreen gaiak ere arreta erakartzen du, ogi-mamienak bezala».
Erromantizismoa
Sareko jarraipenak turismoa erakartzen du Erronkari bailarara. Alegia, hara joan, joaten da jendea, baina hiri handira azkar bueltatzen da oro har. Erromantizismo kutsuarekin ikusten ote dugu Erronkari bailara bertakoak ez garenok? Honatx, bertako bi lagunen hausnarketa. Hualde: «Pirinioetan gaude, aldapan. Horrek esan nahi du jaisten den guztia ez dela igotzen. Etortzen den jendea joan egiten da bueltan, ados, baina etortzen bada, zerbaitegatik da. Alegia, paisaiak ederrak direlako, eta hala dira bertakoek ingurunea txukun zaindu dutelako; baso ustiaketa neurrian eginez, adibidez».
Erronkariarren konpromisoa goratu du tinko Izabakoak: «Pirinioetan bizi izan garenok bertakoa zaindu eta irauteko lan handia egin dugu gizaldietan, eta horri esker etortzen da hainbeste jende egun». Ayerra ildo beretik mintzatzen da: «Postal bat gara, baina han bizi egin behar da, ez baita erraza: etxebizitza, lana, hiri handietara dagoen distantzia, kasu honetan Iruñera, osasuna… Han bizi direnak gustura bizi dira, baina zaila da hara bizitzera joatea».
Erronkariarra, jende gogorra
Erronkariarrak nolakoak diren azaltzeko eskatu diogu bikoteari, eta azalpen luze eta aberasgarria eman dute biek ala biek. Hualde: «Gerrazalea da». Nola? «Erronkarin hala esaten dugu: bake garaietan artzainak, eta gerra garaietan soldaduak. Hala izan da beti, eta hala da orain ere». Esaldi horren zergatia azaltzeko argudio luzea, jarraian: «Erronkari bailarako jendea behar izan denean, han izan da, zernahitarako. Gaztelako erreinua Nafarroan sartu zenean Sakanatik, laguntza erronkariarrek eman zuten. Frantziarrak etorri zirenean, berdin. Amaiur Gotorlekua defendatzera joan behar izan zenean, han ziren. Horrek izaera berezia dugula esan nahi du, eta erreferente bezala jartzen bagaituzte, gure beharra izan dutenean laguntza eman dugulako izan da».
Anekdota bitxia kontatzen du bere herriko pasadizo baten inguruan Hualdek: «Izabako medikuari elkarrizketa egin zioten ez aspaldi egunkari batean. Ez da bertakoa, bost urte daramatza herrian. Gehien zerk harritu duen galdetu zioten, eta bertakoek ‘mina jasateko duten gaitasuna’ erantzun zuen. Gaixo batekin solasaldi luzexka eduki ostean, zer zuen galdetu eta horrela bota omen zion: ‘Ezer ez, besoa hautsi dut, baina ez da ezer larria’».
Izaera gogor hori ulertarazteko, adibide gehiago eman ditu Hualdek: «Neskato espartingileak nola ibiltzen ziren Maulera joateko Pirinioak zeharkatuz, izarpean lo eginez, eguraldi gaiztoarekin sarri. Edo transhumantzia egiten zuten artzainak, hartzen zaintzan ardirik ez galtzeko. Zer esan almadiazainei buruz. Zenbat egun etxetik kanpo, eta haien emazteak etxean guraso, haur, azienda eta baratzea zaintzen». Ayerra harro mintzatzen da, «bertakoak izan, eta garen bezalakoak garelako. Eta hori guztia munduratzen saiatzen garelako gure apaltasunean».
Iñaki eta Fernando Iruñean bizi dira egun, baina sarri bueltatzen dira Burgi eta Izabara. Ezinbesteko botika dute, jaioterrira itzultzea. Ayerra: «Nire amonak esaten zuena gogoratuko dut: ‘Bihotza zabaltzen zait parez pare’. Bizipenak, oroitzapenak, etxera buelta… dena batzen da». Hualderen txanda: «Sentitu egiten dut Izabako etxera bueltatzen naizenean. Museoan dauzkadan objektuak ukitzea gozamena da. Edo leihoa ireki eta parez pare Pirinioetako basoak ikustea. Hori baino gauza hoberik ba al da?».
Solasaldiak bere bidea egiten jarraitu du, eta Hualdek dagoeneko 2026ari begira dagoela esan du: «Mongoliako Gobernuak 2026a artzaintza eta larreen nazioarteko urtea izendatu du, eta ekimen horri begira ekitaldi batzuk prestatzen ari naiz. Ez dira atzerritik guregana etorriko diren lehenak izango. Ingalaterrako BBC katea ere etorri zen Erronkarira, espartingileen dokumentala grabatzera, pentsa!». Adinean gora biak, egindakoa etorriko direnentzat ispilu izatea nahi lukete, «norbaitek gure lekukoa har dezan. Gu ari gara, baina joango gara, eta datozenek nola lan egin jakingo dute», esan digu Hualdek. Ayerrak 100. hiruhilekoa du begiz jota, bigarren bilduma osatzeko: «Hurrengo belaunaldiei utzi nahi nieken altxorra da».