04 MAY. 2024 SEXU ETA UGALKETA ESKUBIDEAK Munduko emakumeen %10ek ezin du antisorgailuei buruzko erabaki propiorik hartu Hiru hamarkada dira Kairon Biztanleriari eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentzia egin zela, eta urteurrenak ematen du aukera ordutik aurrera edo atzera egin den analizatzeko. Hala egin du Nazio Batuen Populazio Funtsak bere urteroko txostenean, emakumeen sexu eta ugalketa eskubideei erreparatuz. Ondorioak biak dira: hobera egin du egoerak, eta okerrera ere bai. Emakumeen eskubideen aldeko murala Beiruten, Libanoko hiriburuan. (Anwar AMRO | AFP) Maddi Txintxurreta Sexu eta ugalketa osasunaz arduratzen den Nazio Batuen Populazio Funtsak (UNFPA, ingelesez) Munduko Populazioaren Egoerari buruzko 2024ko txostena argitaratu du berriki, eta emakumeen egoeraren larritasunaz ohartzeko moduko datuak zabaldu ditu. Txostenaren 172 orrietatik titular ugari banakatu daitezke, ondoko hauek adibidez: munduko emakumeen laurdenak ezin dio uko egin harreman sexualak izateari, edo beste modu batera esanda, bortxatu egiten dituzte. Edo %10ek ezin ditu antisorgailuei buruzko erabaki propioak hartu. Edo amen heriotzen %62 gerra- edo gatazka-egoeran dauden herrialdeetan gertatzen dira. Edo emakume afrikarrek Europakoek eta Ipar Amerikakoek baino 130 aldiz aukera handiagoa dute haurdunaldian edo erditzean sortutako arazoen ondorioz hiltzeko. Edo, oraindik ere, egunero 800 emakume hiltzen dira erditzean. “Bizitza gurutzatuak, itxaropen-hariak: osasunaren eta sexu eta ugalketa eskubideen arloko desberdintasunak ezabatzea” dokumentuak diskriminazio modu anitzen eragina azpimarratzen du, aldagai horiek baitira, sarri, sexu eta ugalketa eskubideak bete daitezen oztopatzen dituztenak. Datuak kezka eragiteko modukoak diren arren, duela 30 urtetik hona egoerak hobera egin du. Hain zuzen, 2024an hiru hamarkada bete dira Kairon Biztanleriari eta Garapenari buruzko Nazioarteko Konferentzia egin zela, eta bertan erdietsi zen nazioarteko akordio historikoan, herrialde ugarik herritar guztien osasuna, eskubideak eta aukerak hobetzeko konpromisoa hartu zuten. Eta, ordukoan, nazioarteko komunitateak adostasun zabalez onartu zuen sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan kalitatezko arreta jasotzeko aukera unibertsala ezinbesteko baldintza dela pertsonen garapenerako. 1994 urruti hartaz geroztik lortu diren hobekuntzak nabarmendu nahi badira, hauek izan daitezke titularrak: nahigabeko haurdunaldien tasa ia %20 jaitsi da maila globalean. Antisorgailu modernoetara jotzen duten emakumeen kopurua bikoiztu egin da. Gainera, gaur egun, gutxienez 162 herrialdetan aldarrikatu dira «etxeko indarkeriaren» aurkako legeak, eta 2000. urteaz geroztik %34 murriztu dira amen heriotzak. Kontua da, UNFPAk ohartarazten duenez, Konferentziak markatu zuen agenda soilik «hein batean» bete dela eta aurrerapenak ez direla gauzatu behar zuten abiaduran, ezta behar adinako irismenarekin ere. «Genero-indarkeria gaitz endemikoa da oraindik ia herrialde eta komunitate guztietan. Amen heriotza-tasa ez da inola ere hobetu 2016. urtetik, eta, hain zuzen, handitu egin da herrialde batzuetan», adierazi du Natalia Kanem Nazio Batuen Populazio Funtseko zuzendari exekutiboak 2024ko txostenaren sarreran. Neskato afganiar bat, zutik, mendi-ingurune batean. (Wakil KOHSAR / AFP) Egiturazko arazoak konpontzen saiatzeko hartzen diren neurriei, ohikoa den bezala, ezin diete pertsona guztiek tamaina bereko etekina atera, eta diskriminazio- eta marjinazio-forma anitzek -arrazakeria, migrazio egoera, adina, edo genero desberdinkeria, beste askoren artean- egoera zaurgarrienetara zokoratzen dituzten horiek izaten dira administrazioen politiketatik urrutien geratzen direnak. Adibide batzuk ematen ditu dokumentuak: «Dinamika horiek gauzatzen dira ezgaitasuna duen emakume bati sexu-osasunari buruzko informazioa ukatzen zaionean, herrixka pobre batean bizi den neskato bat ezkontzera behartzen denean edo gutxiengo etniko bateko emakume haurdun batek osasun-sistemetan praktika iraingarriak jasotzen dituenean». Beraz, talde batzuek pribilegioak pilatzen dituzten bitartean, bestetzuek bide bihurgunetsuetan ibili behar dute eskubideez jabetzeko, eta eskubideek, praktikan, unibertsaltasuna galtzen dute. «Nazioarteko komunitateak errazago iristea lortzen duen talde horiei arreta eman dien bitartean, ahaztu egin zaio sistemetan eta gizarteetan dauden desberdintasunei aurre egitea», gaztigatzen du Kanenek. Oztopo horiek ezabatzeko neurri sendoak hartzeko ordua dela iritzi dio Nazio Batuen Populazio Funtsak. Erradiografia ilun bat Neurrietan asmatzeko, baina, errealitatea ezagutu behar da, eta UNFPAk erradiografia zehatza egin du txostenean. Hala, datu berrienek erakusten dute munduko 69 herrialdeetan emakumeen %25ek ez duela bere gorputzaren gaineko erabaki oinarrizkoenak hartzeko aukerarik. Honen inguruan, lehen aldiz, joerak aztertu ahal izan ditu nazioarteko funtsak, 30 herrialdetik gorako datuak hartuta -soilik heren batek jakinarazten du informazio hau-, eta emaitza gazi-gozo batekin egin du topo: 19 herrialdek, emakumeek beren sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko erabakiak hartzeko duten gaitasunari dagokionez, joera positiboa dute; 13k, aldiz, kontrako bidea egin dute. Hala, erditzean gertatzen diren emakumeen heriotzak murrizteko saiakerek hasiera batean egokiak ziruditen arren, praktikan, heriotzen tasa ez da jaitsi 2016 eta 2020 artean. Bestela esanda, egunean 800 emakume hiltzen dira munduan, eta heriotza horiek saihesgarriak dira. «Amak ez dira hiltzen tratatu ezin ditugun gaixotasunengatik, baizik eta gizarteek oraindik ez dutelako ebatzi haien bizitza salbatzeak merezi duela», adierazi zuen duela urte batzuk Mahmoud Fathalla doktoreak, Nazio Batuen Giza Ugalketari buruzko Programa Bereziaren zuzendari izandakoak. UNFPAren txostenaren arabera, ama-heriotzek oso ongi adierazten dituzte sexu- eta ugalketa-osasunean eragiten duten hainbat aldagai. Baieztatzen du emakumeak erditzen diren lekua izan daitekeela heriotza edo bizitza erabakitzen duen aldagaia. Ama-heriotzen %70 Saharaz azpiko Afrikan gertatzen dira, bertako herrialdeetan biltzen baitira mundu mailako osasun sistema «ahulenak». «Inguru horretako emakume batek arazoak izaten baditu haurdunaldian edo erditzean, hiltzeko probabilitatea Europan edo Ipar Amerikan baino 130 aldiz handiagoa du», baieztatzen du dokumentuak. Emakume indigenen martxa Brasilian (Brasil), haien eskubideak aldarrikatzeko. (Evaristo SA / AFP) Era berean, UNFPAk desberdintasunak antzeman ditu antisorgailu modernoetarako sarbidean, arrazoi hauengatik: arraza eta etnia, migrazio-egoera eta errefuxiatuaren egoera, ikasketa-maila, egoera sozioekonomikoa eta hiri- edo landa-eremuetan bizitzea. Eta genero-indarkeria fenomeno hedatua den arren eta salatzen direnak baino istilu gehiago gertatzen diren arren, hemen ere desberdintasun zantzuak aurkitu ditu; adibidez, adinaren eta sexualitatearen arabera, eta arrazan edo etnian oinarritutako desberdintasunengatik. Baina desberdintasun horiek bistakoak diren arren, zailak dira neurtzen, estatu gutxik biltzen baitituzte diskriminazioei buruzko datuak, eta are gutxiagok azaltzen dute zein eragin izan dezaketen sexu- eta ugalketa-eskubideetan. Eta zapalkuntzez edo aukera desberdintasunez ari bagara, ezin ahaztu espazio digitala. «Osasunaren arloan, teknologiek aurrerapauso handiak eman dituzte eta oso aukera onak eskaintzen dituzte informazioa hobetzeko, burokrazia sinplifikatzeko eta arreta medikorako sarbidea zabaltzeko. Hala ere, arrakala digital bat dago, oraindik milioika pertsonari eragiten diena. Adimen artifizialak eta beste aurrerapen teknologiko batzuek dagoeneko indarrean dauden joera eta arau diskriminatzaileak islatzen dituzte, eta horrek desberdintasunak areagotu ditzake. Esate baterako, ordenagailu bidezko diagnostiko-sistema batzuek emaitza zehatzagoak lortu dituzte pazientea gizon zuria bada, beste genero eta arraza batzuetako pertsonen aldean», agertzen du Populazio Funtsaren dokumentuak. Kontraerasoa Erradiografia ilun horrek aurkezten duen egoera aldatzeko, azken urteetako testuinguruak ez du lagundu. Krisiak asko eta askotarikoak izan dira; besteak beste, gatazka armatuak eta gerrak, klima larrialdiaren ondorioak edo covid-19aren mundu mailako pandemiak arriskuan jarri dituzten azken hamarkadetan eman diren pausoak. Gainera, «kontraeraso bat jarri da abian -ohartarazten du UNFPAk-, gupidagabea eta ondo antolatua, genero-berdintasunaren eta giza eskubideen defentsaren kontrakoa». Txostenak aipatzen duen kontraeraso horrek mehatxu handiak dakartza, gaur arte onartezintzat hartzen zen hori gauzatu ahal izateko ongarri ideologikoa zabaltzen ari delako. Adibidez, zenbait herrialdeetan ugalkortasuna kontrolatzeko eta gorputzen autonomia murrizteko egiten ari diren saiakerek neurriz kanpo eragiten diete pertsona migratzaileei, ezgaitasuna dutenei eta komunitate indigenetakoei. Modu berean, sexuaren inguruko hezkuntza integrala jasotzeko zailtasunak dituzte baliabide gutxien dauzkaten gazteek eta, beraz, aukera gutxiago dituzte haien zalantzak argitzeko. Aipatu kontraerasoa gogor ari dira sufritzen LGTBI+ pertsonak. Mundu mailan orientazio sexuala despenalizatzeko joera gailentzen bada ere, bide hori hartu ez duten herrialdeetan gogortu egin dituzte zigorrak -kasu batzuetan, heriotza-zigorra izan daiteke-. Ikerketek erakusten dute, gainera, zigor horiek gogortzen direnean GIBaren infekzio tasak gora egiten duela. Halaber, estatu-botereen errepresioaz gain, LGTBI+en kontrako jazarpen orokorra areagotzen ari da leku horietan. «Zenbait herrialdetan, agintariek ikusi dute indarkeria homofoboa eta transfoboa bat-batean handitzen ari dela, LGTBI+ pertsonen eskubideak hobeto babesteko lege-aurrerapen garrantzitsuak egin eta berehala. Historian errepikatu den fenomenoa da: esaten da arrazakeria desagerrarazteko aurreko saiakerek antzeko erreakzioa eragin zutela arraza-gutxiengoen kideen aurka», dio Giza Eskubideetarako NBEko Goi Komisarioaren Bulegoak. Beraz, zailena itxaropena eta kemena ez galtzea da, aurkaritza gero eta indartsuago batekin topo egitean. Honen aurrean, zer? Zapalkuntzen aurkako borrokak mundu osoan zehar piztu dira. Emakumeen eskubideak ia guztiz deuseztatu diren lekuetan, Afganistanen kasurako, andrazkoen eskubideak defendatzeko fronte bateratuak osatu dituzte aktibistek, giza eskubideen defendatzaileek, figura politikoek eta juristek, helburu finko batekin: generoaren apartheid-a definitu eta gizateriaren aurkako krimen gisa sailkatzea. Halaber, Latinoamerikan hedatzen ari den “Marea berdea” mugimenduak, hilketa matxisten kopuru izugarri altua salatzeko sortu zenak, bere borroka-eremua zabaldu du orain, besteak beste, abortatzeko eskubidea bermatu dadin eskatzeko. Apirilaren 24ko protesta Washingtonen (AEB), abortuak «bizitzak salbatzen» dituela aldarrikatzeko. (Andrew HARNIK / AFP) Baina instituzio publikoek ere badaukate zeregina, eta txostenak azpimarratzen du garrantzitsua dela programak komunitateen beharretara egokitzea (eskala handiko ikuspegi generikoei jarraitu beharrean) eta emakumeak eta neskak ahalduntzea, irtenbide berritzaileak ulertu eta gauzatze aldera. Lanean jarriz gero, onurak nabariak izango lirateke: kalkuluen arabera, hemendik 2030era bitartean diru-sarrera ertain eta baxuko herrialdeetan beste 79.000 milioi dolar (74.269 milioi euro) inbertituko balira, adibidez, nahi gabeko 400 milioi haurdunaldi saihestuko lirateke, milioi bat pertsonaren bizitza salbatuko litzateke eta 660.000 milioi dolarreko etekin ekonomikoak sortuko lirateke. Baina oinarrizkoenean, entzuteko borondatea izatean dago gakoa. «Baztertutako pertsonen ahotsa gero eta urrunago iristen da. Kezkatu beharrean, haien eskaerak lankidetza eta ikuspegi zabalarekin entzun ditzakegu. Ezinegona ulergarria da lortzeko geratzen zaigun guztia ikusita, eta positiboa ere izan daiteke», aldarrikatzen du UNFPAk, eta Lilla Watson Australiako aktibista indigenak NBEk 1985ean egin zuen konferentzia batean esandako hitzekin ematen dio zentzua auzi honi: «Laguntzeko etorri bazara, denbora galtzen ari zara, baina zure askapena nirearekin lotuta dagoelako etorri bazara, orduan elkarrekin lan egingo dugu». ABORTUA ETA MUTILAZIO GENITALA Momentu honetan, abortua ari da izaten Estatu Batuetako hauteskunde kanpainako gai zentraletako bat, eta Munduko Populazioaren Egoerari buruzko 2024ko txostena argitaratu zenean, kazetariek horren inguruan galdetu zioten Natalia Kanem UNFPAko zuzendari exekutiboari. Honek ohartarazi zuen NBEk ez duela iritzirik ematen estatuek aplikatzen dituzten politiken inguruan, baina adierazi zuenez, «baldintza txarretan egiten diren abortuak dira erditzean gertatzen diren heriotzen kausa nagusienetako bat». «Emakumeen eta nesken bizitza eta ongizatea babesteko ahaleginek ez lukete presio politikorik izan behar, eta ez lirateke gelditu behar txandakako gobernuen arabera», gaineratu zuen. Beste kezka bat, Natalia Kanem zuzendariaren arabera, emakume eta nesken mutilazio genitala da: %15 handitu da munduan 2016. urtetik hona. Gambia izan daiteke hurrengo herrialdea, Legebiltzarra martxoan hasi baitzen lege-proiektu bat aztertzen, praktika hau berriz legeztatuko duena. Atzera: munduko emakumeen %10ek ezin ditu antisorgailuei buruzko erabaki propioak hartu. Amen heriotzen %62 gerra- edo gatazka-egoeran dauden herrialdeetan gertatzen dira Aurrera: nahigabeko haurdunaldien tasa ia %20 jaitsi da maila globalean, eta antisorgailu modernoetara jotzen duten emakumeen kopurua bikoiztu egin da Ama-heriotzen %70 Saharaz azpiko Afrikan gertatzen dira, bertako herrialdeetan biltzen baitira mundu mailako osasun sistema «ahulenak» Mundu mailan LGTBI+ pertsonak despenalizatzeko joera gailentzen bada ere, bide hori hartu ez duten herrialdeetan gogortu egin dituzte zigorrak