11 MAY. 2024 3 BEGIRADA: Emakumeen eta nesken aurkako indarkeria detektatzen, adimen artifiziala baliatuz Adimen artifizialak emakumeen aurkako indarkeria kasuak detektatzen lagundu dezake. (GETTY) Maite ORONOZ Donostiako Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria, UPV/EHUua Emakumeen eta nesken aurkako indarkeriak arrastoa uzten du biolentzia hori jasaten duten emakumeen osasunean, eta jatorrizkoa duten herrialdearen osasun-sistemak eta emakumearen egoerak ahalbidetzen badu, baita haien osasun-txostenetan ere. Emakumeen kontrako indarkeria gizarte-arazo bat da, epe luzerako ondorioak dituena osasunean, gizartean eta ekonomian. Hainbat ikerketen arabera, 3 emakumetatik 1ek bizitzan zehar biolentzia mota hau jasango du. Hainbat dira indarkeria honen motak: etxe barruan bikotearen biolentzia eta abusua, sexu-indarkeria eta emakume-trafikoa, hilketak ohorearen izenean, ezkontza behartuak… Oso maiz isilduak, gordeak eta, horrexegatik, hain zuzen ere, detektatzeko zailak. Indarkeria mota hauek guztiek emakumeen eta nesken osasunean eragina dute, fisikoan eta mentalean, eta, gaur egun osasun-egoerak osasun-txostenetan deskribatzen direnez, aukera berriak sortzen dira hauek, ahal dela ahalik eta azkarren, detektatzeko. Hizkuntzaren prozesamenduaren bitartez, hau da, adimen artifiziala baliatuz, osasun-txosten elektronikoak automatikoki analizatzen dira emakumeen eta nesken kontrako indarkeria-zantzuen bila. Adimen artifiziala hainbat modutan erabili izan da arlo honetan. Ikerketa-lan batean, hizkuntzaren prozesamendua (HP) eta sare neuronalak erabili ziren idatzizko baliabideak (laguntza psikologikorako web-orriak, larrialdi-lerroak...) automatikoki analizatuz, emakumeen kontrako indarkeria psikologikoa sailkatzeko (arrisku baxua, xantaia emozionala, jeloskortasuna-justifikazioa, iraina-umiliazioa, mehatxua-posesibotasuna). Beste lan batean, osasun-txosten elektronikoetan hizkuntzaren prozesamendua eta aurretiaz entrenatutako hizkuntza-ereduak erabili ziren sailkatzaile bitarrak sortzeko, zeintzuk pazientearen egoera (egilea, lekukoa eta/edo biktima) eta biolentzia mota (etxekoa, fisikoa eta/edo sexuala) sailkatzen zituzten aldagai sozio-demografikoak eta klinikoak erabiliz. Ohikoak dira osasun-txostenetan diagnostikoak kodetzeko erabiltzen diren Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapeneko (GNS) kodeak baliatzen dituzten ikerketa-lanak, kode anitzek bikotearen aldetik jasaten den indarkeriarekin lotura zuzena baitute (helduen sexu-abusua, helduen abusu emozionala, helduen sexu-esplotazioa, itotzea... kodetzen dira, beste batzuen artean). Kodeak erabili izan dira i) indarkeria identifikatzeko, ii) indarkeria adina, arraza eta egoera ekonomikoa bezalako aldagaiekin erlazionatzeko, iii) uneren batean etxeko indarkeriaren biktima izan diren emakumeek ondorengo urteetan bestelako emakumeek baino osasun-arazo gehiago izan dituzten aztertzeko edo iv) erresilientziak indarkeriaren eta trauma osteko estresaren artean duen papera aztertzeko. Anitzak dira adimen artifizialak emakumeen eta nesken kontrako indarkeria detektatzeko eta analizatzeko ematen dituen aukerak, eta hauek baliatu ahalko genituzke, kasu hauek ahalik eta azkarren detektatu eta neurriak hartzeko. •