GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Ezohiko zurrunbiloen ondoko paisaia ohikoak


Gutxien dutenen eta gehien dutenen arteko aldea handitu egin da. Handitzen jarraitzen du, baina ez du ematen inork handitzen duenik, bera handitzen dela baizik. 2007ko krisiaren ondoren, pandemiaren ondoren, Ukrainako gerra betean, bankuek eta enpresa handiek mozkin ezohikoak dituzte, historikoak, urtean baino urtean historikoagoak. Dagoeneko ohikoak dira etekin ezohikoak.

Elikagaien, lehengaien, arnasa hartzearen prezioek gora egin dute. Erruduna, inflazio malapartatua. Edo prezioak, eurek eragin baitute inflazioa. Haren aurka borrokatzen omen dira gobernuak gogotik.

Gaur egun, azken hamarraldietan irakatsi digutenez, ezin da krisiaz hitz egin, zurrunbiloez baizik. Zurrunbiloak aurreikusi gabeko gertaera ezohikoak dira. Inork ez du horien errurik, are gutxiago merkatuek; izan ere, finantza zurrunbiloek merkatuei egiten diete kalte, horregatik onartu behar dute Estatuen laguntza, beren burua erregulatzeko.

Merkatuak hor dauden zerbait dira, basoak bezala, edo dinosauroak bezala, eta nahi ez badugu dinosauroen patua izan dezaten, denon laguntzaren beharra dute. Finantza zurrunbiloen eta holako fenomeno naturalen efektua desagertzen denean, dena bere onera itzultzen da: gehien zeukatenek askoz gehiago daukate eta gutxien zeukatenek askoz gutxiago.

Iragan astean Donibane Lohizuneko hotel batean hilda agertu zen emakumea ere zurrunbilo baten biktima izan zela dirudi. Beharbada ez oso aurreikusi gabea, edo igual urtarrilean eraso bat salatu izana, hiru hilabete geroago Ziburuko hotel bateko leihotik «erori» izana eta Poliziak ustezko erasotzailearen portaeraren berri izatea ez ziren prebentzio neurriak hartzeko nahikoa elementu.

Edonola ere, ezohiko gertaera izan zen, eta horrelako ezohiko gertaerek ohikoak izaten jarraituko dute, Estatu frantseseko feminizidio kasuetako datuek ez baitute besterik iragartzen: hilketen egileen herenak indarkeria-ekintzengatik kondenatuak izan ziren, poliziaren aurrean egindako salaketen %29 ez zaizkio fiskalari aurkezten eta Justiziari jakinarazitako salaketen %80 ez dira onartzen.

Lasai, baina, kasu honetan badago erruduna, eta atxilo. Orain ez da faltako legeak gogortzeko eskatzen duenik, zigor eredugarriak ezartzeko, atxilotua gillotinaz hiltzeko, beste emakumerik hil ez dezan. Iragan astean hildakoa, behintzat, ez du hilko.

Atxilo dago ustezko erruduna, eta horrela, beharbada, emakumearen salaketaren eta ondorengo gertaeren jarraipenaren inguruko zalantzak lausoago agertuko dira, Polizia eta aparatu judiziala oharkabeago. Gainera, hildako emakumearen bizimoduaren eta haren egoeraren inguruko zenbait datu eman dituzte argitara, tartean prostituzioa, drogak, buruko gaitzen bat... Baina ez ustezko bizimodu narras eta benetan latz horrek ez ustezko errudunak ez dituzte errugabetzen koiunturazko eta egiturazko akatsak eta utzikeriak. Ez, ba, emakume horren gaineko datuak pertsona zaurgarri baten deskripzioa dira, eta pertsona zaurgarrienek behar dute babes handiena. Edo ez?

Ez naiz fenomenoak konparatzen ari, askotariko zurrunbiloen ondoko paisaia samingarriak baizik. •