11 MAY. 2024 { DATORRENA } Izena (ez) duen biktimaren argia itzali ez dadin Maite Ubiria Maiatzaren 3an Donibane Lohizuneko hotel batean bortizkeria sexistaren muturreko adierazlea den hilketa gertatu zen. 33 adineko emazteak mailu batekin eginiko zauri larria zuen buruan. Bere gorputzak beste urradura anitz bazituen, bere azkeneko orduetan bizi izan zuen infernua aditzera ematen zutelarik. Bihotza uzkurtzeko moduko deskribapena eskaini zigun kazetarioi bere bikotekideari nahitara eginiko hilketa egotzi dion prokuradoreak. Izan ere, detaile horiek guztiak eskuratu ondoren, oinazea sabelean, honako galdera pausatu nion nire buruari ? Film beltz batekin parekatu ahal zen Jerome Bourrier jaunak eskaini zigun bertsioak zertan lagundu zezakeen bere izena ere eskaini ez zigun emazteari gertatu zitzaiona herritarrei azaltzeko orduan? Izena duen guztia existitzen bada, nola azaldu, nola ulertu, nola irentsi, bada, emazte hilaren nortasuna desagerraraztea? Ez da lehen aldia komisarian, auzitegian edo erietxean hain oinarrizkoa den informazioa eskatzea egokitu zaidala. Ezezko borobilak jaso ditut bueltan, batzuetan «pribatutasun eskubidea», besteetan «biktimaren familiari zor zaion errespetua» aldarrikatuta. Behin baino gehiagotan telefonoaren bestaldetik hauxe galdetu dit solaskideak: «Zertarako balio dizu biktimaren izena emateak?». Urteak joan urtean etorri, ezkutatze prozesu horren defendatzaile sutsuak izan ditut aurrez aurre. Norabide onean begiratzeko nahikeriari erantzun ordez, lainoz beteriko betaurrekoak eskaintzen zizkiguten zerbitzari publikoak ziren gehienetan. Bide batez esanda, biktimari azkeneko babesa emateko ustezko borondate zintzoak jokabide eztabaidagarriak estaltzen zituen askotan. Biktimaren duintasuna bigarren planoan jarrita, bere ibilbideari buruzko beharrezko ez genituen hamaika xehetasun eta eskatzen ez genituen beste hainbeste balorazio moral jaso ditugulako urtetan kazetariok. Lehen lerrotik hasita bikotekideak eragindako bortizkeriarengatik hil den emaztearen argia itzaltzeko arriskuari aurre egitea da, ordea, nire ustez, gure lana. Gizartearen sustrai guztiak odoleztatzen dituen matxismoari zilegitasuna kentzeari begira, denon ekarpena, gurea ere bai, ezinbestekoa dela sinesten dugulako. Zergatik izena eman? Arrazoi anitz badira ere, batean laburbildu daitezke: erasotzaileak emazteari bizitza lapurtu ondoren, biktimari zor zaion gizatasuna itzultzea premiazkoa zaigulako. Isilean ekin zioten Louis XIV plazan bildutakoek samina eta haserrea eragin dituen hilketa matxista salatzeari. Izena (ez) zuen emaztearen aldeko txaloen berotasunak hautsi zuen soilik eusteko jarrera. Ondoren, ordea, hitzak bete zuen plaza. Ardurak hartzeko agindu zitzaien mugimendu feministaren izenean zaurgarri zen emaztea babesgabe utzi zuten guztiei: poliziak, fiskalak edo epaileak izan. Hala ere, bortizkeria matxistaren auzia porrot egin duen frantses justizia-markoaren barnean gorde nahi duten agintariek eta erakundeek zailago dute etorkizunean. Emazte guztien izenek kontatzen dutelako, itzaletik argitara igarotzeko agindua heldu baita plazatik. • «¿ Por qué preguntamos el nombre? Aunque sean razones... pueden resumirse en una: porque después de que el agresor haya vaciado la vida a su mujer, nos resulta urgente reconocer la humanidad debida a la víctima»