GAUR8 - mila leiho zabalik
EMAZTEEN ESKUBIDEAK, AUZITARA

Manahel al Otaibi saudiari kartzela zigorra ezarri diote, arropa «lizuna» jantzi eta erregimena kritikatzeagatik

29 urte dauzka Manahel al Otaibik. Saudi Arabiakoa da, fitness irakaslea eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea. Terrorismotzat jo ditu epaitegi batek gaztearen janzkera eta sare sozialetan tutoretza sistemaren aurka botatakoak, eta hilabetez desagertuta izan eta torturatu ostean, hamaika urteko kartzela zigorra ezarri diote.

Al Otaibi, 2019an, Saudi Arabiako hiriburuan. (Fayez NURELDINE | AFP)

Manahel al Otaibi, 29 urteko gaztea, erruduntzat jo zuten bere arropa aukerengatik eta interneten bere iritziak adieraztearekin lotutako karguengatik, Amnesty Internationalek eta ALQSTk (Londresen egoitza duen giza eskubideen erakunde saudia) jakitera eman dutenez.

Erakundeek erantsi dutenaren arabera, gazteak emakumeen gaineko tutoretza sistemarekin amaitzeko egiten dituen eskaeretan oinarritzen dira akusazioak. Sistema horrek tutore gizonezko bat izatera behartzen ditu emakumeak, adin nagusikoak izanagatik ere. Halaber, Al Taibik sare sozialetara bideoak igo izan ditu abaiarik gabe erosketak egiten.

Saudi Arabiako diplomazialariek Nazio Batuen Erakundeari jakitera eman zioten «terrorismo delituengatik» jo zutela erruduntzat ekintzaile gaztea.

Golkoko Erresuma Sunitak Genevan duen misioaren gutun batek baieztatu zuen Manahelek Otaibiri egindako epaiketa urtarrilean amaitu zela, baina ez zuen kasuari buruzko xehetasun gehiagorik eman.

«Saudi Arabiako agintariek berehala eta baldintzarik gabe askatu behar dute Manahel al Otaibi, 29 urteko fitness irakasle eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea», galdegin zuen ALQST erakundeak. Giza eskubideen aldeko eragilearen aburuz, erabakiak kontraesan zuzena dakar agintarien erreformaren eta andrazkoen ahalduntzearen aldeko diskurtsoarekin.

Berria azken asteetan zabaldu badute ere, Manahel al Otaibi 2024ko urtarrilaren 9an zigortu zuten Saudi Arabiako terrorismoaren aurkako auzitegi ezagunean. Aste batzuk geroagora arte, ordea, ez zuen epaia jakitera eman Saudi Arabiako Gobernuak, Nazio Batuen Erakundeko errelatoreek gaiaren inguruko azalpenak eskatu arte.

Janzkera eta adierazpenak

Erantzunak gaztearen karguak bere arropa aukeraketarekin eta internet bidez zabaldutako adierazpenekin lotzen zituen soilik. Besteak beste, emakumeek jasan beharreko gizonen tutoretza sistemaren aurkako jarrera agertu izan du Al Otaibik.

Horrez gain, sententziaren arabera «arropa lizunak» direnak jantzita erosketak egiten bideoak igo izan ditu, fitness irakaslea baita. Janzkeraren aferarekin jarraituz, «dendetara abaia jantzi gabe joatea» ere bada gaztea zigortzeko erabili duten arrazoietako bat.

Bere ahizpa Fawzia al-Otaibik Saudi Arabiatik ihes egin zuen duela bi urte. Izan ere, antzeko akusazioak zirela eta, deklaratzera deitu zuten 2022an, eta, atxiloketaren beldur, herrialdetik ospa egitea erabaki zuen.

Hala ere, Saudi Arabiak Genevan duen Misio Iraunkorraren arabera, Manahel al-Otaibi «terrorismo delituen» erruduntzat jo zuten, erresumako Terrorismoaren aurkako Lege Drakoniarraren 43. eta 44. artikuluen arabera.

ALQST erakundearen arabera, arau horrek «edozein pertsona kriminalizatzen du, web orri bat edo programa bat sortu, kaleratu edo erabiltzen duena ordenagailu batean edo gailu elektroniko batean». Al-Otaibiren familiak ezin izan ditu bere dokumentu judizialak eskuratu, ezta bere aurka aurkeztutako frogak ere.

«Manahelen kondena eta 11 urteko zigorra bidegabekeria izugarria eta krudela da. Atxilotu zutenetik, Saudi Arabiako agintariek era guztietako gehiegikeriak burutu dituzte berarekin», salatu du erakundeak. Izan ere, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea legez kanpo atxilotu zutela ziurtatu dute, baita bost hilabetez desagertze behartuan mantendu izana ere. Denbora horretan, inork non zegoen ez zekiela, galdekatu, epaitu eta zigortu dute. ALQSTk jakitera eman duenez, Al Otaibi etengabe jipoitu dute.

Amnesty Internationaleko Bissan Fakih Kanpaina arduradunak azaldu duenez, erakundeak egindako irakurketaren arabera, epai honek Saudi Arabiako agintarientzat andrazkoen eskubideek duten garrantzia eta tokia azaleratu du, baita disidentzia baketsuarekiko duten jarrera ere.

Lina Althathloul ALQSTko Zaintza eta Sustapen arduradunaren adierazpenen arabera, «Manahelek askatasunez jokatu ahal izango zuela uste izana bat dator Mohammed bin Salman printzeak emakumeen eskubideen mesedetan egin omen diren erreformei buruz zabaldu duen kontakizunarekin. Horren ordez, herrialdeko agintariek Saudi Arabiako emakumeak kontrolatzeko erabakia hartu dute».

Nahiz eta agintariek andrazkoek gizonen tutoretzapean pairatu beharreko murrizketetako batzuk nasaitu dituzten, erabat diskriminatzaileak diren ezaugarri ugari mantentzen dira, sistema bera desberdinkerian oinarrituta dagoelako.

Erreforma

2022ko Estatus Pertsonalaren Legeak, ustez erreforma sakona ekarri behar zuenak, sistemaren elementu murriztaile asko ezabatzeko beharrean, matxismoa arautzeko balio duela salatu dute erakundeek, ezkontza, dibortzioa, seme-alaben zaintza eta herentzia barne.

Deigarria da Al-Otaibik printzeak goraipatutako erreforman zuen fedea. Izan ere, Deutsche Welle telebista alemaniarrean 2019an egindako elkarrizketa batean, Saudi Arabiako erresuman gertatzen ari diren «aldaketa erradikalak» azaldu zituen, jantzien kodearen erreformak barne, eta esan zuen aske sentitzen zela bere iritziak adierazteko eta gustuko zuena janzteko, printzearen adierazpenak oinarri hartuta. Hala ere, 2022ko azaroan atxilotu zuten. 2023ko urtarrilean, epaileen aurrean agertu zen eta uztailaren 26an, bere audientzia atzeratu zuten data berririk zehaztu gabe.

2023ko abenduan, giza eskubideen aldeko erakundeek salatu zuten Al Otaibik hilabete baino gehiago zeramala desagertuta.

Bost hilabetez indarrez desagertuta egon zen, 2024ko apirilera arte. Hilaren 14an, familiarekin harremanetan jarri eta esan zien inkomunikatuta zegoela eta hanka bat hautsita zuela tratu txar fisikoen ondorioz. Osasun arreta ukatu ziotela ere esan zien.

Aurrekariak

Azken bi urteetan, Saudi Arabiako auzitegiek kartzela zigor luzeak ezarri dizkiete dozenaka pertsonari sare sozialetako adierazpenengatik, tartean emakume asko zigortu dituzte: 27 urteko Salma al-Shehab, 30 urteko Fatima al-Shawarbi, 40 urteko Sukaynah al-Aithan eta 45eko Nourah al-Qahtani.

2019an, herrialdea turismoari irekitze aldera, agintariek ziurtatu zuten andrazko turistei jantzi kodeak malgutuko zizkietela. Hala ere, kontzesio hori ez diete herritarrei zabaldu.