11 MAY. 2024 HIZKUNTZA BIZIBERRITZEA Yuchi hizkuntza indigenak badauka ahotsa berriz ere, haurrek emana Historia gogorra daukan herri indigena da yuchi nazioa. Gutxi dira, ez daukate erreserba edo aitortza federalik Ameriketako Estatu Batuetan, eta, XX. mendean hizkuntza galtzen joan bada ere, argi daukate ez dutela hiltzen utziko. Horretarako, Yuchi hizkuntzako murgiltze-eskola bat ireki dute. Yuchi hizkuntza bultzatzeko sortutako eskolaren irudia. Gaur egun 20 ikasletik gora dauzka. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Urtzi URRUTIKOETXEA Oklahoman, Tulsa hiritik askorik urrundu gabe, hainbat herri indigenaren erreserbak daude. Hiria bera natiboen lurralde gisa dago onartuta. XIX. mendean AEBetako hedapenean egindako politiken ondorio da txerokiek, creek edo muscogee-ek leku honetan amaitzea: kolonoei -eta zuriek esklabotzan hartutako pertsonei- leku egiteko eta lursailak emateko, bertan bizi zirenak Missisippi ibaitik mendebaldera bidali zituzten 1830eko hamarkadan. Milaka hil ziren bidean, baina bizirik irten zirenen ondorengoak Oklahoman bizi dira gaur egun. Aitortza federala daukate, hau da, Washingtonek herri subirano gisa aitortzen ditu eta beren burua gobernatzen dute. Herri guztiek, batek izan ezik: Yuchi herri txikiak, gainerako hizkuntzetatik desberdina izanda ere -hizkuntza isolatutzat hartu ohi da, beste ezeinekin harremanik gabe- ez dauka errekonozimendu federalik. Hala, creek herriaren erreserban gabiltzala, Sapulpa herriko txoko batean eraikin eder bat ageri da, zelai zabal bat ondoan duela. Bisonteak daude bertan bazkan. Iaz ekarri zituztela jakinaraziko digute geroxeago, Yuchi herriaren kulturako elementu garrantzitsua direlako. Auto bat iritsi, eta ume bat jaitsi da eskolara bidean. Ingelesik ez Ikastetxeko sarreran atentzioa ematen du «gaKalA hElA-Â!» dioen seinaleak. Gero, parentesi artean, ingelesez irakur daiteke itzulpena: «Ingelesa hemen geratzen da». Eskola barruan ingelesik ez, alegia. Yuchi-en (Euchee ere idazten da) hizkuntza biziberritzeko gunerik garrantzitsuenera iritsi gara. Ingelesik gabeko txoko bat Ameriketako Estatu Batuetan. Richard Grounds izan zen yuchiera biziberritzeari ekin ziona duela hiru hamarkada. «1990eko hamarkadan, nire haurrak institutuan nituela, behin baino gehiagotan atera nituen eskolatik, ez hiruhileko guztietan, baina bai sarritan, gure zaharrekin hitz egin zezaten». AEBetako beste nazio indigena askotan legez, XX. mendearen hasieratik erdialdera bidean galdu zen hizkuntzaren transmisioa. «II. Mundu Gerrakoa izan zen hizkuntza komunitate gisa bizi izan zuen azken belaunaldia. Hiztunik gabe geratzen ari ginen duela hiru hamarkada. Azken hiztun haiekin lan egin genuen, nire haurrek haiekin zuzenean ikas zezaten». Halay Turning Heart-ek, Richard Groundsen alabak, kontatu duenez, hiztun zahar haiek «gure lagun onenak bihurtu ziren». Bere lehen hizkuntza ingelesa izan arren, yuchieraz ahalik eta gehien egiten saiatzen zen, «probatu egiten nuen, esandakoa zuzen ote zegoen galdetzen nien. Eta ez bazidaten ulertzen, banekien ez zela zuzena». Argi izan zuen seme-alabak zituenean yuchieraz egingo ziela. «Nerabea zen erabakia hartu zuenean» dio Richardek, Halayren aitak, «eta sekula ere ez du haurrekin beste hizkuntzaren batean egin. Zazpi, bost eta hiru urteko haurrak ditu, eta neuk ere ez dut sekula haiekin ingelesez egiten». «Ingelesa hemen geratzen da» dioen txartela, eskolako sarreran. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Eskolan sartzean, dozena bat haur dabiltza olgetan (22 ikasle daude guztira), zabuan gora eta behera, gosaltzera deitu dituzten arte. Gero, ekialdera begira eguzkiari eta egunari esker ona emateko kantua errepikatu dute, adinaren arabera banatu dituzten arte ikasleak, nork bere ariketak egiteko. Barre, algara, negar, elkarrekin jolastu... yuchieraz dihardute umeek, munduko gauzarik normalena balitz bezala duela ia mende bat transmititzen ez zen hizkuntzan bizitzea. Leku eder eta zabala daukate ikastetxea bera daukan etxe dotorearen kanpoaldean, beren kulturako kirol, ohitura eta jolasak praktikatzeko ere. Ez da beti horrela izan, ordea, eta nabari zaie egindako urratsengatik daukaten harrotasuna. Bere seme-alabekin hizkuntza salbatzeko lanean hasi eta mende laurdenera, ikasle-talde bat eta ikastetxe propioa irekitzea lortu dute Richard Groundsek eta Yuchi herriak. «Lehen espazio txiki bat geneukan, eta nolabait murgiltze eredu mugatua zen, asteburuetan, udan, eskolaz kanpo, dagoeneko ingelesez zekitenean etortzen ziren». Hau da, «ingelesezko murgiltzea» izaten zuten «haurrak adin batera iritsi eta eskola publikora joatean, doktrinatze programa bat da perspektiba kolonialetik». Hala, New Mexicoko keres hizkuntzako Montessori murgiltze-eskolaren eredua ezagutu eta Washington estatuko Spokaneko salish hizkuntzako eskolarekin harremanetan, urratsa egin zuten. «Benetako murgiltzea duela 4-5 urte hasi zen. Orain, ehun urte baino gehiagoan lehen aldiz, baditugu yuchi hizkuntzan hazten ari diren haurrak, lehen hizkuntzan legez, yuchieraz ikasi, jolastu, harremanak egin...». Aurreko eskoletatik igaro zirenek hizkuntzarekiko daukaten konpromisoa azpimarratu du Groundsek, «badakigu bide luzea dugula aurretik, baina aurrerapauso handia egin dugu. Espero dugu yuchieraz murgiltzea gutxienez zortzigarren mailara arte». Hiztun berriak SagA Chivas smith da umetan yuchiera pixka bat ikasi zuenetako bat. Egun, irakasle dihardu. «Udako oporretan senide batzuei entzuten nien, baina hitz batzuk baino ez nekizkien. 19 urte nituela, Richard Groundsek esan zidan bazegoela dirutxo bat jendeak denbora bat hizkuntza ikasten eman zezan. Ez nekien irakasle izango nintzela, ohartu nintzen zaharrak hiltzen ari zirela, banekien ez genuela irakasle askorik, eta beharrezko genituen hizkuntza transmititzeko. Beraz, esan nuen, ‘tira, hemen nago ni ikasten’, eta nekien hura transmititzen hasi nintzen, perfektua izan gabe ere». Orain, irakaslea eta gurasoa da SagA: «Nire haurrei yuchieraz baino ez diet egiten. Baina hala ere ingeles asko egiten dute, azken batean alde guztietan dago, eta eragin hori mugatzen saiatzen gara. Ez dago askorik yuchieraz telebistan; horregatik, berdin digu beste hizkuntza batzuetan badago, ingelesez ez den bitartean». Naturaz inguratutako eraikin eder batean dago Yuchi eskola. (Urtzi URRUTIKOETXEA) SagA iraultza txiki horren partaide da: «Haurren adina nuenean, udan bakarrik joaten nintzen hizkuntza-eskoletara, eta hango inork ez genuen ikasi solasaldi bat izateko lain. Orain haur hauek guztiek egiten dute yuchieraz, beren adineko gaiekin, noski, baina nagusitu ahala, helduek bezala egingo dute». Badaki elebitasuna ezinbestekoa dela, ingelesaren indarrarekin bi hizkuntzak jakingo dituztela. «Baina Yuchi komunitatean yuchieraz egingo dute, eta ez dugu halakorik izan ehun urtean». Dezbah sAwAthlanA Evans ez zen Oklahoman jaio, eta Yuchi jatorriaz gain Navajo sustraiak ere baditu. Hizkuntza “berrikasi” eta irakaskuntzari heldu dio, aurretik diseinuari ekin zion pasio berberarekin: «Ingeles hizkuntzak eta mendebaldeko kulturak inguratuta bizi dira. Hau hizkuntzarentzat sortu dugun babesleku berezia da». Ziur dago Yuchi guztientzat akuilu izango dela ekimena: «Ume hauek bere aitona-amonen edo birraitona-birramonen hizkuntzan jarraitzeak komunitate guztia biziberrituko du». Hizkuntza isolatua Mintzaira indigena izateaz gain, linguistikoki isolatua ere bada, beste inorekin ahaidetasunik gabea. Are bereziago bihurtzen du horrek mintzaira, eta are larriagoa litzateke hura galtzea. Richard Groundsek biziberritzeko lanei ekin zienean, hogeiren bat adinekok zekiten hizkuntza, baina banan-banan hil ziren. «Gobernuaren barnetegi-eskoletatik (hamarkada luzez indigenak asimilatzeko sistema lazgarria izan ziren barnetegiak) igaro zen hiztunetako batek esan ohi zuen (yuchieraz dio lehendabizi), «sortzaileak hizkuntza yuchioi bakarrik eman zigun, opari berezia da, eta erantzukizun berezia. Indartsu egiten gaitu, eta belaunaldi berriei eramatera behartzen gaitu». Baina galtzeko zorian egon da, eta hala dago oraindik. Jatorrizko hiztunak joan zaizkie azken hamarkadatan. Josephine Wildcat Bigler-ek Yuchi Programarekin elkarlanean eman zituen bizitzako azken 20 urteak, amonarekin ikasitako hizkuntzan istorioak eta bizibideak transmititzen. 2016an hil zen. Handik sei urtera, pandemia betean, haren ahizpa Maxine zendu zen. Baina helburua beteta joan ziren: ez ziren yuchieraren azken hiztunak izan; azken hatsa ematerako, ikusi zuten yuchieraz ziharduen umeen belaunaldia. «Tamalez, azken hiztunek baino ez zituzten ikusi haurrak yuchieraz, eta haiekin aritu ziren eta jolastu zuten, oso hunkigarria izan zen. Haien bizitza guztian hizkuntzaren galera bizi ostean, azkenean haurrak hizkuntzan egiten, jolasten, dibertitzen ikusi zituzten, benetan hunkigarria izan zen». Dezbah-k badu hizkuntza dakien seniderik, «aitona ia ingelesik ez zekien bere amonak hazi zuen, yuchiera izan zuen inguruan haurtzaroan. Yuchiera lehen hizkuntza zutenen osteko belaunaldikoa da; elebidun hazi ziren, ohiko eskolara joan ziren, baina etxean amonak yuchieraz egiten zien. Agian bera da belaunaldi horretako hiztun elebidunetan yuchieraz ondo dakien azkena». Hala eta guztiz, ez zien ondorengoei pasatu hizkuntza: «Ni ez nintzen hemen bizi, gero hasi nintzen hurbiltzen, Halay Turning Hearti galdetzen nion, eta aitonari ere bai. Materialak sortzen hasi ginen haurren inguruan egonez. Hasieran ez nuen irakasle izateko asmorik, hizkuntza ikasi nahi nuen gure nortasunaren berri izateko, gure sinbolo eta jantzien esangura ulertzeko. Baina hasitakoan, ezagutzaren kutxa handi bat ireki nuen». «Luzaroan yuchieraz egin gabe egon ostean, aitona berriz ere hasi da lotzen, eta esaten du sekula ez zuela pentsatuko horrelakorik ikusterik. Harro dago nitaz, oraindik ere nirekin ingelesez egin arren, baina nire umea ikustean, beti egiten dio yuchieraz. Bisitatzen dugun bakoitzean, beti ikasten dut». Jabetzen da haurrek helduek baino bizkorrago ikasten dutela, eskolan gurasoek ere konpromisoa hartu arren hizkuntza ikasi eta erabiltzeko. «Nireak hiru urte ditu, eta beti ezin diot den-dena yuchieraz azaldu. Baina inoiz ingelesezko hitzik erabiliz gero, azaltzen diot zergatik den hori, eta yuchieraz jarraitu behar dugula». Malkoen bidea Ezinbesteko galdera dator horrelakoetan: nola gertatu zen galera, nola jazo zen hain hizkuntza bitxia galduz joatea? «Denek zuten lotsa, eskolan oso gogor zigortu zituzten hizkuntzan egiteagatik, bizi osoan ezkutatzen ibili ziren. Gazte ginela, yuchieraz ikasten hasi eta kaletik ‘kaixo, ze ondo zabiltzan’ edo antzeko zerbait esaten bagenien, sekulako trauma zeukatela ikusten genuen, ingelesez egiten ziguten», dio Richardsek. AEBetako -eta mundu osoko- leku askotan dagoen trauma bera da, boarding school hizkuntza, kultura edo ilea ere mozten zieten edo barnetegien memoria tarteko. «Ezin zuten publikoki yuchieraz egin. Eta, beraz, espazio bat eratu behar izan genuen, Yuchi Etxea, bertan lasai biltzeko eta lasai erabiltzeko hizkuntza. Baina berariaz eraikitako gune berezi horretatik kanpo, oso zaila zen hizkuntza entzutea». Haurtzaroko zigorren ostean, jatorrizko azken hiztun haiek «oso kolonizatuta» zeuden. «Oso prozesu zaila izan zen batzuentzat ulertzea lehen hizkuntza gisa ez zuen norbaitek yuchieraz egingo zuela. Lehenengo, gurasoak behar genituen». Hori lortzea oso gauza sakon eta hunkigarria izan da. Eskolako komunitate bizia sortu dute yuchiek. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Azken 200 urteotan asko sufritu du Yuchi herriak: txeroki, seminola zein muscogee indigenekin batera kanporatu zituzten 1830eko hamarkadan AEBetako hego-ekialdeko jatorrizko lurraldetik. Garbiketa etnikoa bultzatu zuen Washingtonek Alabama, Georgia, Hego Carolina, Florida eta Tennesseeko lur aberatsak zuriei emateko, esklabo zituzten pertsonen eskutik kotoia lantzeko. «Gure arbasoak heriotzaren martxa batera behartu zituzten. Nire amonaren amona bizirik irten zen, haurra zela, eta Malkoen Bidetik hizkuntza ekarri zuen hona», dio Richard Groundsek. Aparteko hizkuntza izan arren, «ez dugu aitortza federalik Washingtonen aldetik. Badugu gure hizkuntza, baditugu gure tradizioak, gure zeremoniak, baina Gobernu federalak bere prozesu kolonialean ez zuen nazio berririk eratzerik nahi, gehienak muscogee-kin sartu gintuen, eta beste batzuk txerokiekin». Zorionez, harreman ona dute auzo-herriekin, baina horrek ez du kentzen aitortza behar dutela. «Txerokiak gure zeremonietara etorri ohi dira, muscogee creek jendea ere bai, badakite aparteko herria garela. Era berean, badugu elkarrekin zerbait, elkarrekin aurrera egin dezagun ustea, txeroki nazioa inspirazioa izan da hizkuntzan aurrera egiteko». Orain, yuchiak eurak bihurtu dira inspirazio iturri hizkuntza biziberritzeko, horretarako sortu duten eskola-ereduagatik. Larrean ikusitako bisonteez galdetu diegu; bufalo izena ematen diete hemen. Iaz ekarri zituzten Denverretik, haurren txundidurarako, behin eta berriz entzundako animalia handia eskolan bertan izango zela ikusita. Izan ere, yuchien kulturako zati garrantzitsua da bisontea, eta zeremonietako batek “bufalo-dantza” izena dauka. «200 urtez egin dugu zeremonia hori, nahiz eta bufalorik ez ikusi gure gurasoek, aitona-amonek, haien aurrekoek; baina bufalo-dantzari eutsi zioten». Animaliaren urratsen imintzioa egiten du dantzak. «Bufalo-nazioa gara». Familia batek ingelesezko asimilazioari aurre egiteko abiarazitako ekimenak hogeitaka haur ditu egun. «Denak gaude elkarrengandik hurbil, egunero ikusten dugu elkar, oso komunitate txikia gara. Lotura horri eustea espero dut, 5-10 urte barru hobeto ikusiko dute zertan ari garen», dio Dezbah-k. Badatoz haurrak yuchieraz, eskolan ikasitakoa eskolaz kanpo ere erabiltzen dute. Komunitateko harremanak aldaraztea ekarriko duen itxaropena daukate orain, berriz ere yuchiera kalean entzun dadin, ehun urte beranduago. «Benetako murgiltzea duela 4-5 urte hasi zen. Orain, ehun urte baino gehiagoan lehen aldiz, baditugu yuchi hizkuntzan hazten ari diren haurrak, yuchieraz ikasi, jolastu...» «Badakigu bide luzea dugula aurretik, baina aurrerapauso handia egin dugu. Espero dugu yuchieraz murgiltzea gutxienez zortzigarren mailara arte» 200 urteotan asko sufritu du Yuchi herriak: txeroki, seminola zein muscogee indigenekin batera kanporatu zituzten 1830eko hamarkadan AEBetako hego-ekialdeko jatorrizko lurraldetik «Gure arbasoak heriotzaren martxa batera behartu zituzten. Nire amonaren amona bizirik irten zen, haurra zela, eta Malkoen Bidetik hizkuntza ekarri zuen hona»