Xabier Mikel ERREKONDO

Lurra

Lurra bizitzeko tokia baino askoz gehiago da. Pachamama edo Amalur jainkosak eta kulturalak dira; ordea, nik nahiago ditut bere gordinean ulertu, lurrarekin dugun harreman arrazionalari heldu, kulturari. Lurra emankorra da, bai, nahiz eta jasoko badugu eman egin behar diogun, zaindu, ongarritu eta maitatu. Halere, zenbat buru hainbat aburu, lurretik eraiki dugu bizitza eta, hala ere, bizimoldearen izenean triskantza eragiteko ez da gizakiak beste gaitasun duenik.

Erlijioak ere bere begitik dio begiratzen: Itun Zarrak dio Jainkoak sortu zuela lehen gizaki Adam lurraren hautsetik (Génesis 2:7), eta Evarekin egin bekatuagatik bota ziola maldizioa: «Zure aurpegiko izerdiarekin ogia jango duzu lurrera itzuli arte, lurretik hartua izan baitzinen; hauts zara eta hauts bihurtuko zara» (Génesis 3:19).

Ez dakit uda gau garbia izango zen hartan Xabier Lete oiartzuarrak zerura begiratu eta Itun Zarreko pasarte horiek izango ote zituen buruan, baina nago jainkorik ez zuela ikusi Letek eta izarren argitan galdu zitzaizkiola begiak, irudimena dantzan jarri eta “Izarren Hautsa” poema aparta ernaltzeraino.

Lurretik ala izarretatik sortuak izan… nahiago Itun Zarreko pasarteei baino Xabier Leteren imajinazioari lotu, gure sustraiak lurrari lotu, ukazioa legetzat hartu eta beti aurrera joatea… Eta Mikel Laboaren ahotsean, zer esanik ez.

Nahiago Izarren Hauts dirdiratsuetatik ernatu, naftalina usaineko Jainko ahalguztidun baten hatsetik beharrean.

Barnera dezagun lurra dela bizitzaren erdigunea, eta kalte egiten dionari aurre egin, ezaren gudaz baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz… Lotu lurrari eta, Ruper gure jainko bakarrak dion moduan, zaindu maite duzun hori. •