Erika LAGOMA POMBAR
{ KOADERNOA }

Mugak

Zer daki Euskal Herriaz duela bi, lau, bost urte iritsi zenak? Italian izan nahi zuen, baina Basauri ez da Italia. Ez daki datorren urtean non izanen den. Euskal Herriko mapa zirriborratu dut arbelean, lege zaharrean, umetan ikasi nuen bezala. Egin dut marra Sara eta Etxalar alde banatan utzita. Estaturik gabeko nazioa garela erran diet, bertze herri askok ere badakitela zer den hori. Irribarre egin dit sahararrak burua goitik behera eramanez. Ez dakit zer pentsatu duten turkiarrak, marokoarrak eta espainiarrak. Irunez eta Hendaiaz hitz egin diet, Santiagoko zubiaz, ni trankil ibil naitekeela han atzera-aurrera, baina azalaren kolorea muga dela. Ez dudala hori azaldu beharrik erran didate, badakitela ongi beraiek.

Ordu laurdeneko deskantsuan, erronda azkarra egin dut egunkari ezberdinetako webguneetan. 1948ko Nakbaren urteurrena da gaur. Iruñean ere gauerdian gogoratu dute hau kandelak piztuta, oinez, ibilian. Urteurrena, Israel Gazan milaka pertsona haien etxeetatik kanporatzen, hilobiratzen ari denean. Zisjordanian laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik parekorik ez duen hektarea lapurreta egin du Israelek; eskuin muturreko Finantza ministroak, berriz, 60 kolonia baino gehiago legeztatu ditu atzeko atetik, eta muinoetan 15 kolonia berri ezarri dituzte. Erraz mugitzen dira mugak munduak beste alde batera begiratzen duenean.

Bazkalosteko kafeinarik gabeko kafeari bueltaka aritu naiz laguna iritsi bitartean. Frustrazioz etorri da. Duela urte batzuk haserrea zen frustrazio hori, eta aurretik, gauzak aldatuko zituelako grina. Alabak ulermen zailtasunak ditu. Lehen hezkuntza hasi zuenetik etxeko lanak egitea maldan gorako ariketa bat da. Aniztasuna, emozioen garrantzia, inklusioa. Irakurri eta entzun izan ditu hitzok tutorearen eta zuzendariaren email eta hitzetan, baina ikustea asko kostatzen zaio, zirrikitu batetik ez bada. Dio eskolak denontzat izan beharko lukeela, baina genetika eta bizi-giroa muga direla.

Etxera iritsi naiz autoz. Portalera sartu eta eskailerak igotzen hasi orduko pentsatu dut hau ez dela nire etxea bakarrik, 15 etxeko etxea baizik. Sarraileko giltza soinua sumatuko zuen bizilagunak, nik bere pausoak sumatzen ditudan moduan. Barruko patioan hedatuta dagoen arropa batzera joandakoan, bertan topatu dut 3A-koaren galtzerdi galdua, pintza baten muturrean dilindan. Azpian dagoen tabernako olio eta jaki usainak sartzen zaizkio sudur-zuloan lehenengo pisuko bizilagunari, eta baita maindireetan ere, eta ez du tabernariarekin enpatikoa izateko asmorik. Badaude muga ez diren mugak.

Ilunabarrean, honakoa irakurri dut Whatsapp talde batean: nire sentipenak partekatu nahi ditut zuekin, eta bai, beroaldi batean idazten ari naiz, dinamika hau geratzea ezinbestekoa zaidalako. Lanean ari naiz, zertan kontatu ez ditudan mila gauza dauzkat, egun guztia pasatzen dut talde honi dagozkion ardurak kudeatzen, eta nahikoa da. Nire bizkar sentitzen dut pisu guztia, agian nire pertzepzioa da, baina horrelaxe sentitzen dut. Nik zeregin guztiak egitea espero duzue eta ez dut gogoratzen noiz esan nuen nik ardura hori nire gain hartuko nuela. Egun asko daramatzat audioak, mezuak, emailak eta deiak jasotzen, eta ulertuko duzuen bezala talde hau nire bizitzaren zati txiki bat besterik ez da. Mugak jarri behar ditut. •