GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Emakume mexikarrak hauteskundeei begira

(DPA-EUROPA PRESS)

«Aldaketak egongo dira», «nik ez dut deus ere espero». Mexikoko feministak ekainaren 2ra begira daude iritzi kontrajarriekin. Egun horretan, lehendakaritza hauteskundeak ospatuko dira eta, lehen aldiz, matxismoa hain errotuta dagoen herrialdean -iaz 852 feminizidio egon ziren- irabazteko aukera gehien dituzten hautagaiak emakumeak dira; Claudia Sheinbaum -irudian- eta eskuindarreko Xóchitl Gálvez. Inkesten arabera, lehenak botoen %56 lortu dezake eta bigarrenak, berriz, %34. Atzetik, Jorge Alvarez Máynez, %10ekin.

«Bada garaia emakumeak aintzat hartzeko», esan du 91 urteko idazle eta feminista Elena Poniatowskak. Bere hitzetan, «aldaketa garrantzitsuak egongo dira». Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen alde bozkatu zuen, eta oraingoan Sheinbaumen alde egingo du. Aitzitik, Sara Loverak, SemMexico portale feministako arduradunak, ez du uste aldaketa askorik egongo denik. «Politikoek pentsatzen dute emakume bat jartzeagatik mugimendu feminista isilaraziko» dutela, gaineratu du Alondra izeneko ikasleak.