GAUR8 - mila leiho zabalik
DESPLAZATUEN MARKA

Inoiz baino lekualdatze gehiago egon dira gerra eta triskantzengatik: 76 milioi

75,9 milioi barne desplazatu zenbatu zituzten iaz munduan IDMC eta NRC gobernuz kanpoko erakundeek. Inoiz baino lagun gehiagok atera behar izan zuten etxetik, gatazka luze eta berrien eta klima aldaketaren hondamendien ondorioz. Palestina, Sudan eta Kolonbia dira marka triste honen adibiderik gordinenak.

Barne desplazatu batzuk Kongoko Errepublika Demokratikoan, Goma hiriaren inguruan eraikitako kanpamendu batean. (EUROPA PRESS)

Gatazka zahar eta berriak, gehi klima larrialdiko hondamendiak, berdin inoiz baino herritar gehiago bere lurra uztera behartuak. IDMC Barne Desplazamenduen Behatokiak eta NRC Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluak urtero argitaratzen dute lekualdatzeen berri ematen duen txosten bat, eta horren arabera, 2023an berriz ezarri zen marka bat, marka triste bat: 75,9 milioi pertsona lekualdatu behar izan ziren, sekula baino gehiago.

2022tik 2023ra %6,7 gehitu ziren mundu mailan desplazatutako lagunak, eta 2008an gobernuz kanpoko bi erakundeak ikerketa hau egiten hasi zirenetik zenbatutako kopururik handienera iritsi ziren.

Bakoitza bere berezitasunekin, Sudan, Palestina eta Kolonbia gertaera honen hiru adibide dira.

Sudan, desplazatu gehien dituena

2023an munduko 68,3 milioi pertsonak egin behar izan zuten ihes bere herritik gatazken eraginez, aurreko urtean baino %9 gehiagok. Eta horietatik 9,1 milioi Sudanen kontzentratu ziren. 2008an txostena egiten hasi zirenetik herrialde bakar batean neurtzen den zifrarik handiena da, eta 2023ko apirilean herrialde afrikarrean lehertutako gerra izan zen horren arrazoia.

Zerrendan atzetik datoz Siria (7,2 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoa (6,7 milioi), Kolonbia (5,1 milioi) eta Yemen (4,5 milioi), denak ala denak barne gatazka luzeak pairatzen dituztenak.

Klima larrialdiak naturan eragindako triskantzak zirela medio, 7,7 milioi pertsonak utzi behar izan zuten bere etxea munduan. Horietatik 1,5 afganiarrak izan ziren, 1,2 pakistandarrak, 881.000 etiopiarrak, 882.000 turkiarrak eta 639.000 txinatarrak.

Desplazatu kopurua eta desplazamendu kopurua ezberdinak dira, pertsona bat behin baino gehiagotan atera ahal delako behartuta bere etxetik. Baliteke dagoeneko bueltatu izana ere. IDMC eta NRC gobernuz kanpoko erakundeen datuen arabera, 2023an 46,9 milioi desplazamendu gertatu ziren. Gehiago izan ziren naturako hondamendiengatik gertatutako mugimenduak (26,4 milioi) gatazkek ekarritakoak baino (20,5 milioi).

Kenyako Nakurun, jendea motozikletan eramaten, uholdeetatik kanpo (EUROPA PRESS)

Mugimendu fluxu handi horien hiru herenak Sudanen (6 milioi desplazamendutik gora gatazken ondorioz), Kongoko Errepublika Demokratikoan (3,7 milioi) eta Palestinan gertatu ziren (3,4 milioi, azken hiru hilabeteetan denak).

Naturako hondamenek ekarritako exodorik handienak Turkian eta Sirian gertatu ziren otsaileko lurrikararengatik. Lehendabizikoan lau milioi desplazamendu izan ziren, eta bigarrenean, 700.000. Txinan, udako uholdeek 4,7 milioi mugimendu baino gehiago ekarri zituzten.

Kanada eta Grezia

Desplazamendu berrien %41 Saharaz azpiko Afrikan zenbatu zituzten (19,5 milioi), eta %22 Ekialdeko Asian eta Ozeano Barean (10,5 milioi). Baina gobernuz kanpoko bi erakundeen txostenak azpimarratzen duenez, garatuak deitutako herrialdeetan ere gero eta gehiago ikusten dira joera hauek. Horren eredu dira joan den urtean suteengatik Kanadan eta Grezian izandako lekualdatzeak. Motibo honengatik munduan desplazamendu gehiago izan zituzten herrialdeak dira biak.

IDMC eta NRC erakundeek azaldu dutenez, munduan barne desplazamenduak %50 baino gehiago ugaritu dira azkeneko bost urteetan. «Gatazka eta indarkeriagatik beren etxetik ateratzera behartuak dauden pertsonen kopurua beldurgarria da», adierazi du Alexandra Bilak IDMCko zuzendariak.

Jan Egeland NRCko idazkari nagusiaren eta Nazio Batuen koordinatzaile humanitarioa izandakoaren erranean, lekualdatzeen marka berriak «prebentzioan eta bakea lortzeko lanean huts egin» dela erakusten du.

Palestina

Joan den urtean 1,7 milioi desplazatu izan ziren Palestinan. Zerrendako biztanleriaren hiru laurden baino gehiago atera behar izan ziren etxetik txikiziotik eskapo, batzuk behin eta berriz. Horregatik, desplazatuak halako bi dira desplazamenduak: 3,4 milioi.

Zenbaki hori, marka denak hausten dituena, urteko azken hiru hilabeteetan kontzentratzen da, gainera, Israelek Palestinako genozidioa areagotzearen ondorioz.

Emakume bat eta haurrak, Gazako Zerrendaren hegoaldeko Rafa hiriko behin-behineko kanpamendu batean, lapikoaren inguruan (EUROPA PRESS)

Barne Desplazamenduen Behatokiak eta Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluak osatutako urteroko txostenean jasotzen denez, Palestinan gertatu ziren 2023an mundu mailan gatazken eraginez izandako lekualdatzeen %17. Horrek hurbileneko herrialdean ere ekarri zituen ondorioak; Libanon, hain zuzen ere. 78.000 desplazamendu gertatu ziren bertan Israelen erasoengatik.

Lekualdatutako pertsona kopurua Gazako biztanleria osoa baino handiagoa da. 2,2 milioi biztanle ditu Gazak, eta horietako anitzek behin baino gehiagotan hanka egin behar izan dute bere tokitik, bizitzen segitu ahal izateko.

Urriaren 7an Israelek herri palestinarraren gaineko genozidioa gogortu baino lehen jada ezohiko mugimendu kopurua zenbatu zuten GKE hauek: 6.200, 2022an halako hiru. Zenbaki hori txiki gelditu zen, ordea, 1,7 milioi barne desplazatu ekarri zituen sarraskiarekin. Gazako biztanleria osoaren hiru laurdenak baino gehiago dira.

Exodoaren parte handi bat 2023ko urriaren 13an hasi zen, Israelgo indar armatuek Gaza iparraldean milioi bat zibil palestinar baino gehiagoren kanporatzea agindu zutelarik. Han bizi ziren gazatarren erdiak, eta handik hasi zuten erasoa, baina egoera larriagotzen joan zen indar israeldarrak txikizioa gero eta hegoalderago zabaltzen joan ahala.

Pilaketak eta osasun arazoak

GKE-en txostenak nabarmentzen duenez, behartutako desplazamenduek aurrekaririk gabeko jende pilaketak eta osasun egoeraren okertzea ekarri dituzte Zerrendan.

2023ko abenduan jada Gazako biztanleriaren %93k elikagaien segurtasun falta handia sufritzen zuen. Ikerketak dioenez, lekualdatzeak ez dituzte Israelgo militarren erasoek soilik sortzen, Zisjordanian kolonoen indarkeriak 8.100 desplazamendu eragin zituen joan den urtean. Horien artean zeuden Gazako Zerrendan bizi arren urriaren 7tik aitzinera sarrera ukatu zieten 5.900 lagun.

Palestinarrak birrindutako Jan Yunis hirian, Gazako Zerrendaren hegoaldean. (EUROPA PRESS)

Israelen ere ezohiko mugimenduak izan zirela jasotzen du IDMC eta NRC erakundeen azterketak. 203.000 izan ziren zehazki. Horietatik 120.000 Gazatik gertu dauden lekuetan gertatu ziren, herrialdearen hegoaldean.

Kolonbia

Kolonbian 5 milioi barne desplazatu izan ziren 2023an gatazken ondorioz, aitzineko urtean baino %5,6 gehiago, orduan 4,8 milioi izan baitziren. Munduan gatazkengatik lekualdatu gehien dituenetako bat da Hego Amerikako herrialde hau.

2023an 293.000 desplazamendu berri izan ziren bere barnean; 2022an are gehiago izan ziren, 339.000. IDMC eta NRC erakundeek esplikatu dutenez, ELN Askapen Nazionalerako Armada edota EMC Estatu Nagusi Zentrala bezalako talde armatuek eta Gobernuak lortutako su etenei esker, %33 gutxitu ziren indarkeriazko istiluak herrialdean.

Azterketaren arabera, barne desplazamenduetako anitz zibilei zuzenean egindako erasoengatik gertatu ziren, baita talde armatu ezberdinen artean piztutako borrokengatik ere. Talde horiek lurraldean bere presentzia handitu nahi zuten, edota droga ekoizpena eta trafikoa eta legez kanpoko zuhaitz mozketa eta meatzaritza egin.

Lekualdatze ugari Chocó, Nariño eta Caucako haranean gertatu ziren, eta bereziki eragin zieten komunitate afro-kolonbiarrei eta indigenei.

Iparralderago dauden eskualdeetan ere behartutako mugimendu gehiago gertatu ziren, Antiokian edota Bolivarren, eta Putumayo erdialdeko departamentuan ere bai.

Naturako hondamendiak

Klima aldaketaren eraginez gehitzen ari diren naturako hondamendiek oraindik desplazamendu gehiago ekarri zituzten: 351.000 2023an, aitzineko urtean baino %25 gehiago. 2008. urtetik erregistraturiko kopururik handiena da hori. Dena den, aintzat hartu behar da mugimendu horiek aldi baterako izan direla sarri.

Desplazamendu horien bi hirurenak La Guajira (95.000 mugimendu), Bolivar (85.000) eta Arauca (62.000) eskualdeetan izan ziren, ekaitz eta uholdeen ondorioz, baina baita baso suteengatik ere. La Guajiran egoera bereziki larria izan zen; izan ere, ekaitz eta uholdeak lehorte gogor baten ondotik etorri ziren. Idorte horretan Kolonbiako Gobernuak dagoeneko larrialdi ekologikoa deitua zuen eremu horretan.

Mexiko

Mexikon ere barne desplazamendu ugari eragin zituzten naturako triskantzek: 196.000. Otis urakana kolpe handia izan zen. Gainera, bertze 11.000 lekualdatze behartu ekarri zituen indarkeriak.

Barne Desplazamenduen Behatokiak eta Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluak osatutako txostenak dio desplazatuen parte handiena (187.000) urriaren 25ean Ozeano Bareko kostaldea gogor jo zuen Otis urakanarengatik izan zela.

Ez zuten halakorik sekula bizi izan bertako biztanleek: 50.000 etxebizitza inguru suntsitu ziren eta horrek desplazatu anitzen itzulera gibeleratu zuen. 2008an GKE-ek ikerketa hasi zutenetik Mexikon mugimendu gehien eragin dituen fenomenoetako bat izan zen Otis urakana.

IDMC eta NRC erakundeek azaldu zuten kaltetutako azpiegitura anitz ez zeudela prestatuta 250 kilometro ordutik gorako haizeteak jasateko. Jeneralean, herrialde honetan lurrikaren prebentzioan jartzen dituzte indarrak arriskuak gutxitzeko neurriak hartzen dituztenean.

Urakanak harrapatu zituen herri pila bat mendialdekoak ziren, eta horrek arreta zerbitzuak iristea zaildu zuen. Guerrero estatua ere, Mexikon pobrezia maila handienekoa duena, kaltetu zuen Otisek.

Indarkeriak ekarritako 11.000 desplazamenduei dagokienez, 2022tik %20 hazi zen zifra, nahiz eta, azken hamarkada osoa kontuan hartuta, batezbestekotik behera kokatu. Chiapasen izan ziren lekualdatze gehienak, Sinaloa eta Jalisco kartelen arteko borrokengatik. Herriaren iparraldea kontrolatzeko liskarrak hegoaldera zabaldu ziren, Guatemalaraino ere iritsiz. Maiatzaren 21etik 26ra 4.000 lagunek egin zuten ihes Comalapa mugako herritik. 392.000 pertsonak desplazatuta segitzen dute Mexikon gatazkengatik.

Palestinan hartutako beste irudi bat (EUROPA PRESS)