GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Zeruko jauregia

Txinako Zientzien Akademiaren Ilargiaren mapa geologikoa. (CHINESE ACADEMY OF SCIENCES)

Edo Tiangong, txineraz, duela urtebete doi-doi funtzionamendu betean dagoen espazio-estazioa da. Garaiko Mir sobietarraren antzekoa tamainaz, egungo Nazioarteko Espazio Estazioa (ISS ingelesezko izenetik) baino lau bat aldiz txikiagoa. Hamar urtez lan egiteko pentsatua denez, 2030. urtean ISSa itsasoratzen denean espazio-estazio bakarra izango da. Tiangong Txinako Herri Errepublikak lasterketa espazialean duen abantailaren erakusgarri da; ISSan parte hartzeari yankiek betoa jarri ziotenetik, bakar-bakarrik eraiki eta martxan jarri baitu espazio-estazioa. Hori gutxi ez, eta efemerideak bat egiten du Ilargiaren ikerketan txinatarrak eskaintzen ari diren aro oparoarekin. Eten egin behar izan dut, bada, pasa den alean abiaturiko “masan dago sekretua” seriea. Etorriko gara Higgsen bosoira Ilargitik itzultzean!

Zutabea ilustratzen duena apirila amaiera aldera Txinako Zientzia Akademiak argitaraturiko Ilargiaren atlas geologiko xehea da, 1:2.500.000 eskalarekin (zentimetro batean 25 kilometro) etorkizuneko esplorazioetarako funtsezko tresna eskaintzen duena. Maiatzaren 3an, berriz, Lurrera Ilargiko aurpegi ezkututik lehen aztarnak ekarriko dituen misioa abiatu zuen Txinak; 53 egunen buruan bi kilo materialekin itzultzea aurreikusten da. Abian da Ilargiaren esplotazioa, eta inork ez du atzean gelditu nahi. India Ilargiko Hego poloan ilargiratu zen abuztuan, ur aztarnak diren zonan, Errusia, Japonia eta Israelek porrot egin ostean. Hain zuzen, txinatarrek bost urteren buruan zona honetan eraiki nahi dute ikerketa base bat, errusiarrekin batera.

AEB ere ari da Ilargiaren bila, Artemis egitasmoaren bidez, baina momentuz gehiago du propaganda eta diplomaziatik koheteetatik baino. Aurten ilargiratu nahi, eta pare bat urtez atzeratu da kontua, besteak beste, finantzaketa aproposik ez eta Musk (SpaceX) zein Bezosen (Blue Origins) proiektu pribatuetan oinarritu behar baitira estatubatuarrak. Hori bai, Artemis akordioaren bidez, espazioko ikerketa “bakezalea eta gardena zein partekatua” izatea eskatzen ari dira, klasean atzera gelditzen denak apunteak eskatu behar dituen gisara. AEBetako lege batek espresuki debekatzen du espazio arduradun txinatarrekiko elkarlana, horregatik bota zituzten ISStik, baina elkarlana aldarrikatzen dute orain, etorkizuneko espazio-meatzaritza definitzeko atarian gaudenean.

Mehatxu militarra aitzakiatzat hartuta, 39 herrialderen babesa lortu dute dagoeneko, nahiz eta 110 herrialderen babesa duen “Kanpoko Espazioaren Tratatuak”, Txina eta Errusia barne dituenak, espresuki jasotzen duenak: espazioko ikerketa helburu militarretatik at egin beharrak. Biden ez da beldur militarki, alderantziz, militarki garaitu ezin duenari dio beldurra. Nola auto-elektriko txinatarrekin hala espazio lasterketarekin; finantzaketa publikoa da mendebaldearen arazoa. Bitartean, ESA europarrak, 2023an Tiangong-en lan egiteari bizkarra eman ostean, Eguzkitik datorren haizea aztertzeko zunda espaziala egingo du elkarlanean Txinarekin, duela hilabete jakin denez.

Etxe Zuria ala Zeruko Jauregia, zer dugu nahiago? •