Urtzi URRUTIKOETXEA
{ ANALISIA }

Eta azkenean, lehertu da Kanaky

Kaledonia Berrian izandako istiluen irudiak mundu osora zabaldu dira. Macronen Gobernuak egindako urratsen ondorio da kanak indigenen matxinada, deskolonizazioaren aitzakian, birkolonizazioari atea irekitzear baita Paris

Furgoneta bati su eman zioten pasa den maiatzaren 19an La Tamoan, Paita izeneko komunan.
Furgoneta bati su eman zioten pasa den maiatzaren 19an La Tamoan, Paita izeneko komunan. (DPA - EUROPA PRESS)

Bidean, 80ko hamarkadako indarkeria eta sufrimenduari amaiera eman zion Noumeako akordioa bere aldetik zartarazi du Frantziako Gobernuak. Eta mahaia hautsita, berriz borrokara itzultzeko beharra ikusi dute independentistek, hala egin ezean etxe guztia galduko dutela ohartuta.

Ia ehun hildako eragin zituen Kaledonia Berriko gatazka politiko eta armatuak 80ko hamarkadan. 1988 eta 1998ko Noumeako akordioek bakeari bide egin zioten. Independentisten eta Parisen arteko ituna zen, herri indigenaren eta potentzia kolonialaren artekoa, hala nahi bada. Estatus berezia ematen dio akordioak artxipelagoari, estatu jakobinoaren barnean kaledoniar herritartasuna sortzen du, frantsesarekin batera, baina baldintza berezietan: ordurako biztanleen erdia baino gutxiago ziren kanak indigenei eta bertan luzaroan bizi ziren kanpoko biztanleei aitortzen zaie. Hala, azken hamarkadatan bertara joan ziren frantses funtzionarioak, esaterako, prozesutik kanpo geratzen dira.

Akordioak autodeterminaziorako hiru erreferendum aurreikusten zituen. Parisek bakarrarekin aski izango zuela uste zuen, Kaledonia Berriak zalantzarik gabe Europako metropolira lotuta jarraitzea hobetsiko zuela, Pazifikoko melanesiar herrialde bihurtu beharrean.

Independentziari ezetza gailendu zitzaion 2018an, baina, baietzak %40tik gorako langa erdietsita, urduritzen hasi ziren Frantziaren aldekoak.

2020ko bigarren galdeketan, artxipelagoa erabat itxita zegoen pandemiagatik. Emaitza hobea lortu zuen independentismoak: lehen galdeketan 13 puntu eta ia 20.000 botoren aldea izan zuen unionismoak. Bigarrenean, 10.000 boto baino gutxiagogatik (%6,5) galdu zuen independentismoak. Esku hartzea %85koa izan zen.

Hausnarketa

Aurrerakada independentista ez zen hutsetik sortu. FLNKSren baitako erakundeek hausnarketa sakona egin zuten, lehen galdeketako boikot eskeak parte hartzerako dei masibo bihurtu ziren, eta funtsean kanak herri indigenak jarraituta ere independentismoaren gidari, Kaledonia Berriko gainerako biztanleetara hurbiltzeko urratsak egin zituzten. Indigenak gutxiengoan egon arren, europar jatorrikoak ez dira, gaur-gaurkoz, gehiengoa; asko dira Asiatik eta Ozeaniatik iritsitakoak ere, Wallis eta Futuna Frantziaren beste koloniatik etorritako polinesiarrak tartean.

Haien alderdiarekin gobernu-akordioak egin zituzten independentistek, elkarrekiko konfiantza landu zuten, eta L’Éveil Océanien-ek (Ozeaniar Pizkundea) ez zuten independentziaren aurkako botorik eskatu erreferendumean.

2018 eta 2020ko galdeketen ostean, bi urteko epea zegoen hirugarrena egiteko. Independentistek buru-belarri ekin zioten herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiteari. Ezinezkoa ematen zuenak lorgarria zirudien halako batean. Loialistek estu hartu zuten Paris, eta ustez jarrera neutrala hartu behar zuen Estatuak gero eta nabarmenago erakutsi zuen zeinen alde zegoen.

Ezin ahaztu Itsasoaz Haraindiko Lurraldeen Ministerioa trebatze kolonialeko pista dela Pariseko politikari askorentzat, metropoliko ardurei ekin aurretik: Sebastien Lecornu arduratu zen hirugarren galdeketaz; zehazki, prozesua hondora eramateaz.

Ordainetan, Gobernua erortzean, Defentsa ministro bihurtu zen Jean Castexen. Ordutik, ez da ministro zehatzik izan kolonietarako: Elisabeth Borne lehen ministroaren ardurapean egon zen lehendabizi gaia, eta Gerald Darmanin Barne ministroaren eginkizuna da gaur egun.

Lecornuk, bi urteko epea itxaron ordez, loialistei men egin eta 2021eko abendurako deitu zuen galdeketa, aurrekotik 14 hilabetera. Independentistek gogor kritikatu zuten Parisen erabakia.

Urte eta erdian, Kaledonia Berritik kanpo eutsi zioten pandemiari; kasu bakanen batzuk isolatuta eta sendatuta, ez zegoen Covidik 2021eko abuztuan. Baina irailean gaitzak gogor astindu zuen eta artxipelago osora hedatu zen. Irailaren 10ean gertatu zen pandemiako lehen heriotza. Hil amaierarako, 114 lagunek galdu zuten bizia, eta 300 lagunek baino gehiagok hurrengo asteetan. Uhartean erabateko itxialdia ezarri zuten. Kanak herrietan dolua nagusitu zen. Baldintza horietan, independentistek esan zuten ez zegoela galdeketarik egiterik, eta hilabete batzuetako atzerapena eskatu zuten. Parisek entzungor egin zien, ez zuen data aldatzerik onartu.

Independentistek argi esan zuten 2021eko abenduan ez zutela bozkatuko. Azken batean, herriz herri eta ahoz aho lortu zuten ordura arteko parte hartzea. Itxialdi betean eta kanak herriak doluan zeudela, ezinezkoa zen kanpainarik egiterik.

Egunotako istiluen beste irudi bat (EUROPA PRESS)

Hala, deskolonizaziorako behar omen zuen azken erreferendum hartan ez zuen parte hartu teorian deskolonizatu behar zuen herri indigenak. Bistan da, Frantziaren alde izan zen galdeketa (%97), unionisten botoak 2020an baino sei mila boto gutxiago izan arren. Parte hartzea %43koa soilik izanda ere, Parisek ontzat eman zuen. Noumeako bake-akordioek iragarritako hiru erreferendumak egintzat jo zituen. Ordutik, koloniaren estatusa berritzeko prozesua abiarazi nahi izan du, bidean bake-akordioa hondoratu arren.

Independentistek ezetz esan diote behin eta berriz Parisi bi urteotan, argi utzita 2021eko galdeketa ez zela onargarria. Baina Macronen Gobernuak entzungor egin die Kanakytik zetozen ahotsei, eta aldebakarreko agenda inposatu du. Horretarako urrats garrantzitsuena asteon izan da: dagoeneko minorizatuta dagoen kanak herri indigena are gutxiengo txikiagoan utziko duen erroldaren aldaketa, artxipelagoan behin betiko gehiengo unionista bermatzeko.

2019ko abuztuan Frantziaren mendeko Polinesian Oscar Temaru buruzagi independentista elkarrizketatu nuen, eta orduantxe aurreratu zidan: Kaledonia Berriaren ostean, polinesiarren txanda zetorren, oso epe laburrean.

Duela urtebete, Tahitin Gobernua eskuratu zuten independentistek, eta Euskal Herria ondo ezagutzen duen Moetai Brotherson dute lehendakari ordutik.

Kaledonia Berriak ez du soilik munduko bigarren nikel ekoizpen handiena. Ezinbesteko pieza da Frantziak Pazifikoan jokatu nahi duen rolean ere, munduko ordena politikoa harantz lerrokatu dela jakitun. Ordena horretan lortu nahi duen protagonismorako behar du Parisek birkolonizazioa Pazifikoan.

Txinaren beldurra

Geopolitikaren mozorroarekin, Europako metropoli zaharkitu bihurtzeraino itxuraldatu nahi du. Horretarako, beharrezko ditu nazioarteko diplomazia eta independentismoaren kriminalizazioa.

Auzia ez da soilik «aski da!» esan duten kanak gazte eta ez hain gazteen matxinadari etxeratze-aginduekin edo polizia-indar gehiagorekin erantzutea. Mugimendua bera gutxiestea ere bada.

Erreferendumaren sasoian zabaldu zuten lehen zurrumurrua, eta egunotan berriz ekin diote: Txinaren beldurra. Bistan da Kaledonia Berri independentea librea litzatekeela komeni zaizkion lotura diplomatikoak izateko, baina FLNKSk behin eta berriz esan du trantsizio-epean ere Frantziarekiko loturei luzaroan eusteko asmoa duela, herritartasunari eta bestelako gai batzuei dagokienez.

Txina aipatzeak eskualdea aztoratzen du, ordea. 2021eko erreferendumaren bezperatan, kolpe gogorra hartu zuen Parisek, Australiak lepoa emanda negoziatu eta urpekari nuklearren erosketa Estatu Batuekin lotu zuelako, aurretik Frantziarekin zeukan akordioaren kalterako.

Bi urtez zauria miazkatzen egon ondotik, Australiako Gobernu laborista berriarekin berriz negoziatzea erabaki zuen Parisek, eta iazko abenduan Australia-Frantzia bide-orria aurkeztu zuten.

Funtsean, Frantziak, bere asmo neokolonialetarako, kide izango du Australiako gobernu ustez progresista. Kolonialismoa krimena izan zela esaten dute alde batetik, baina Txina aipatu eta batzuentzat europar kolonialismoak pilula irensgarria dirudi halako batean. Baita bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herri bati askatasunerako eskubidea ezabatzea badakar ere, duela mende laurden lortutako bake-akordioak zartarazita.