Mijo LIZARZABURU
{ KOADERNOA }

Pederastia orokortu eta normalizatua

Almeriako udaletxeak egindako genero indarkeriaren aurkako kanpainak polemika piztu du sare sozialetan. Eztabaidaren jopuntua udaletxeak markesinetan jarri zuen kartela izan da, bertan hamar urte inguruko mutiko baten irudia agertzen zen. Horren azpian, hurrengo mezua: «Ezetz badiozu ez da sexua, bortxa da». Kartelari egin zaion kritika nagusia agerikoa da: haurrak baietz badio ere bortxa da. Baina Almeriako kanpainatik haratago, eztabaidak badu bere mamia.

Harreman bat sexu praktika zilegia den edo erasoa den determinatzerako orduan Espainiako ministro izan zen Monteroren “soilik baietz da baietz” legeak baimena jarri zuen erdigunean. Horrek aldaketa paradigmatiko handia ekarri zuen, Isaac Guijarrok Pikaran azaltzen duenez, “Ezetza ezetza da” paradigman biktimak bere baimena ukatu zuela frogatu behar zuen, “baietz soilik da baietz”-era igarotzean, aldiz, ardura lekutik aldatzen da, orain erasotzaileak frogatu behar baitu biktimak baimena eman ziola, horrek eraso bat salatzeko prozesuaren karga gogorra arintzen duelarik.

Onarpena zentroan egotea berebizikoa da, baina Alderdi Popularrak Almerian egindako kanpainako argazkian ageri zen haurraren kasuak erakusten digu onarpena ezin dela izan harreman bat onargarria den edo erasoa den determinatzeko irizpide bakarra.

Polemika ikustean, nire herriko gizonak etorri zitzaizkidan burura, 25 eta 30 urte bitartean dituzten eta 15, 16 urteko neskatoekin ligatzen duten horiek zehazki (ia gehiengoa). Ze sexualitate pederastak desiratu dezake (lan ordaindu normal bat, 30 urte inguruko kuadrilla bat eta osasun mental ez problematiko bat izanda) institutuan dagoen neskato batekin follatzea?

Galdera horrela planteatzeak irakurlearengan nazka sortzeko helburu dauka, beharrezkoa delako nazka eta gaitzespena aktibatzea normalizatuta dugun pederastiaren aurrean. Esan bezala, sexu-praktika horiek orokortuta eta normalduta daude, nork ez du ezagutzen bere udalekutako haurrekin liatu den begiraleren bat? Bere ekipoko kideren batekin ezkutuan harremandu den entrenatzailea edo bertso eskolako irakaslea?

Eta bai, gizonek argudiatu dezakete harreman horiek onarpena izan dutela, baina botere harreman desorekatu horretatik onarpena emateak zer zilegitzen du? Lan eskubiderik gabeko etxeko langile “interna” batek 16 orduko lanaldia onartzeak ez du esplotazioa ezabatzen, neskato batek bera baino 15 urte zaharragoa den begirale guaiarekin liatzea onartzeak bortxa ezabatzen ez duen modu berberean. Gainera, badakigu zer egiten duzuen gizonek onarpenik ez duzuenean, eta ez dakienak Gernika Lointekeko entrenatzaile izan zen Mario Lopezi galde diezaioke.

Juristek diotenez, norbaitek zerbait onartu ahal izateko, adinarekin, gaitasun mentalekin, presio ezarekin edo informazio mailarekin lotuta dauden berme batzuk bete behar dira. Aipatu ditudan kasuetan berme hauek betetzen ez diren arren, eztabaida hori eremu juridikotik haratago doa. Hausnarketa horrek sortzen didan buruko min bakarra nesken agentzia ukatu ahal izatea da. Haien gorputzari dagokionean, nerabeek (gehienetan) badakite zer nahi duten, hitza daukate eta ematen duten baiezkoa edo ezezkoa guztiz erabakigarria da haien askatasun sexuala zehazteko.

Garrantzitsua da hau azpimarratzea, ze askatasun sexuala beti izan da feminismoaren oinarrietako bat, baina askatasun hori ez da zerbait indibiduala soilik. Kontua ez da horrenbeste neska bakoitzak onartzen duen edo ez, baizik eta estrukturalki ze harreman mota sortzen diren patriarkatuan, hau da, gizonek nola erabiltzen duten sistematikoki haien boterea eta autoritatea neskatoak bortxatzeko. Ardura ez dago 15 urteko neskarengan, 30 urteko gizonarengan eta hori posible egiten duten futbol talde, bertso-eskola edo udalekuetan baizik.

Pederasta, utzi bakean haurrak! •